NAIZ-GARA

«Arrazakeria Stop!’ lelopean elkarretaratzea antolatu du Gasteiz Antiarrazistak hiriburuko Plaza Berrian ostegun arratsaldean URSSA eta EGA fabriketan bizi diren pertsonei elkartasuna adierazteko eta poliziak «legediaren eta humanitatearen» mugak igaro zituela salatzeko.

Joan den asteazkenean, etxerik gabeko ehun pertsona baino gehiagoren bizileku diren Gasteizko hegoaldeko Urssa eta Ega fabrikak miatu eta bertan bizi diren bizilagunak identifikatzeko asmoz, operazio koordinatua egin zuten Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak. Guztira, 119 lagun identifikatu zituzten.

Horren harira, elkarteak gaitzetsi du Gasteizko udalaren jarrera, miseriara bizitzera kondenatzen baitituzte: «Bertan bizi diren pertsonen bizitzak duintzeko saiakera egin beharrean justu kontrakoa egiten du Udalak».

Operazioaren xehetasunak ere eskaini dituzte, tartean, azaldu dute polizia eta komunikabideek bakarrik izan zutela sarbidea, zerbitzu sozialek, ordea, sarbidea ukatua izan zuten.

Ildo beretik, salatu dute erregularizazio prozesuan egon arren, Urssa eta Ega fabriketan bizi diren pertsonei daukaten dokumentazio guztia kendu zizkieten agenteek. Haren esanetan, guzti horrek «prozesua oztopatu» besterik ez du egiten eta «deportatuak izateko arriskua» areagotzen da.

Horregatik guztiagatik, asteazkeneko operazio polizialaren oinarria «umiliazioa» izan zela zehaztu dute. Gainera, azpimarratzen dutenez, operazioa burutzeko hautatuko eguna ez da kasualitate hutsa; izan ere, asteazkenean, komunitate musulmanak Eid al-Adha eguna ospatzen du.

Alderdi Popularra ere seinalatu dute, asteazkenean bertaratu baitziren fabreiketara «operazio arrazista horrekin bozkak lortzeko intentzio guztiarekin».

Deja un comentario

Tendencias