Julen Goñi, filosofiako katedraduna / BERRIA

Euskararen egoera larria omen da. 1979an, Autonomia Estatutuaren bidez, euskararen koofizialtasuna ezarri zenetik datuek adierazten dutena, dirudienez, ez da oso baikorra bere garapenari dagokionez. Noski, datuak ez dira inongo jainkoren hitzak, gizakion asmakuntza baizik. Eta gizakiok egiten duguna, arlo politikoari dagokionez, bereziki, ez da datuen erabilera garbia eta objektiboa; aldrebes, askotan, gure interesak defendatzeko, datuekin jolasten gara halako moduz: gure aldekoak direnak azpimarratzen ditugu eta gure interesen kontrakoak direnak isilarazten ditugu. Eta printzipio honek balio du hala hizkuntzei dagokienez nola hauteskunde proiekzioei dagokienez, besteak beste.

Gauzak horrela, euskarari buruzko datuak interes politikotik zein mundu afektibotik urrun aztertu behar ditugu, baldin eta zein den benetako egoera ezagutu nahi badugu.

Eustaten datuak hauek dira: 1986an, elebidunak (elebidun pasiboak barne) %39,41 ziren; 2021ean, %57,82. Lehen hizkuntzari dagokionez, 1986an, euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntza zutenak % 24,29 ziren, eta 2021ean, berriz, %24,20. Datu horiek zera erakusten dute: 35 urtean euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua %18,41 igo dela, baina hizkuntza lehentasunari dagokionez, ehunekoak berdin mantentzen direla. Lehen datuei erreparatzen badiegu, euskara aurrera doala eta pozik egoteko modukoak direla esan daiteke. Bigarren datuek, berriz, kontrakoa esaten digute. Zeri eman lehentasuna euskararen egoera zein den epaitzeko?

Hizkuntzek bizirik diraute eguneroko komunikaziorako erabiltzen badira. Bai, dudarik gabe, haietaz irakurtzea eta bere gramatika, historia eta literatura ezagutzea ere lagungarria da, baina latinaren gramatika, historia eta literatura ezagunak dira, eta hizkuntza hila da. Jakintsuek diotenez, bi astean behin hizkuntza bat desagertzen da, asko dokumenturik utzi ez dutelako; beste asko, ordea, hiztunik geratu ez delako. Gaur egun, hizkuntza asko desagertzeko arriskuan daude: ba al da euskara haietako bat? Hizkuntzak, oro har, desagertzen dira arrazoi hauengatik:

  • Arestian esan dudan bezala, hizkuntzak desagertzen dira erabiltzen zituzten herriak desagertzen direlako edo desagerrarazten dituztelako.
  • Presio soziopolitikoa eta ekonomikoa: hizkuntza nagusiek (ingelesa, espainiera, frantsesa, eta abar) enplegu, hezkuntza eta gizarte-mugikortasun aukera handiagoak eskaintzen dituztelako.
  • Hizkuntza politikak: gobernuek hezkuntzan, administrazioan eta komunikabideetan hizkuntza ofizial bat inposatzen dutelako.
  • Migrazioa eta urbanizazioa: hirietara joatean, komunitate indigenek hizkuntza nagusia hartzen dutelako.
  • Globalizazioa: komunikabideek eta nazioarteko merkataritzak hiztun gehiago dituzten hizkuntzak bultzatzen dituztelako.
  • Belaunaldien arteko transmisioaren galera: gurasoek beren ama hizkuntza seme-alabei hitz egiteari uzten diotelako, askotan, diskriminaziotik babesteko argudiopean.
  • Hizkuntza mantentzeko eta garatzeko erabili diren baliabideak ez direlako egokiak izan.

Arrazoi hauek guztiak, azkena izan ezik, baziren Euskadik eskumenak lortu zituenean; hortaz, ezin da esan gure gobernariek ez zituztela ezagutzen. Ondorioz, zazpigarren puntuan aipatzen denari erreparatu behar diogu hartutako neurriak zuzenak izan diren edo ez jakiteko. Dirudienez, ez da nahikoa izan koofizialtasuna lortzea, hezkuntzan ezarri diren ereduak, hezkuntza publikoan ia bakarrik euskaraz ikasteko aukera egotea, administrazio publikoko lanpostuak lortzeko euskarari ematen zaion garrantzia, komunikabide batzuk euskaraz izatea, kultura eta enpresa arloetan eman eta ematen diren diru laguntzak… Azken batean, ikastetxeetan euskaraz eta euskara ikastea, lanpostuak lortzeko jendeak euskara ikastea eta komunikabide batzuk euskaraz egotea ez da nahikoa izan euskararen egoera hobetzeko gaztelaniarekiko.

Ikastetxeetan euskaraz eta euskara ikastea, lanpostuak lortzeko jendeak euskara ikastea eta komunikabide batzuk euskaraz egotea ez da nahikoa izan euskararen egoera hobetzeko gaztelaniarekiko

Jakin badakit hizkuntza arloan aditu asko dagoela, baina, barka iezadazue nire ausardiagatik, jakitunak ez garenok ere zerbait lagungarria esateko gai izan gaitezkeelakoan nago. Hauek dira nire burutazioak:

  • Oso zaila da nahitaezkoa dena maitatzea.
  • Utilitarismoa agian egokia da printzipio moral bezala, baina ez hizkuntzak salbatzeko. Zenbait lanpostutarako (hezkuntzarenak eta hiritarrei arreta emateko direnak izan ezik) euskararen ezagutza saritzeak ez du balio izan lanetik kanpo, eta gehienetan ezta lanetan ere, gaztelaniaren aldean euskararen erabilera hobetzeko.
  • Umeek euskara ikasten badute ere ezin dute erabili euskara ez dakiten gurasoekin eta beste senide askorekin, eta arlo hau oso gaizki tratatua izan da. Helduek komunikazio euskara ikas zezaten doakoa eta lanorduetatik liberatua izan behar zuen, pertsona askok ezin baitute ordaindu, eta, gehienetan, lanordutegitik kanpo egin behar baitute.
  • HABE, AEK (neurri txikiagoan) eta euskararen irakaskuntzan diharduten gainerako erakundeak, eguneroko komunikazioa ahalbidetzen duen euskara irakasten den leku bat izan ordez, tituluak lortzeko akademia bihurtu dira, nahiz eta tituluak lortzeko azterketen estatistikek diotena ez den batere positiboa.
  • Euskalki anitzen existentzia eta mantentzeko askoren borondatea ez da lagungarria. Kristorenak egin euskara ikasteko eta, askotan, ia ez duzu fitsik ulertzen euskara batua erabiltzen ez den herrietan. Agian, beste arloetan izaten den eskualdeen arteko lehiakortasuna euskararen eremura eraman da eta inork ez du amore eman nahi, gure hizkuntzaren garapenerako oso kaltegarria delarik.
  • Euskara ikastea zaila da, eta munduko beste tokietatik datozenek zailagoa dute, gehienak euskararekin zerikusirik duten testuinguruetatik kanpo bizi baitira. Etorkinen kopurua handituz doa eta euskara, oro har, berdin mantentzen da komunikazio arloan. Ba al dute gure arduradun politikoek pentsatu zer den giza erlazioei dagokienez irla batean bizitzea eta hizkuntza ezezagun bat ikasi behar izatea? Beltz edo txinatar batzuk aterata euskaraz hitz egiten, islatzen al da haien benetako errealitatea euskararekiko?

Gabezia hauek guztiak, eta ziur aski egongo diren beste batzuk ere, izan beharko lukete euskara berpizteko programa baten ardatzak. Bestela, zoritxarrez, beste 50 urte igaro ondoren, egoera antzekoa izan daiteke.

Deja un comentario

Tendencias