Edurne Alegria eta JJ Agirre / Euskaltzaleen foroko kideak / ZuZeu

Berria egunkarian (2026-04-17) Maitane Arnosok eta Leire Amenabarrek idatzitako Euskara eta bizileku baimena: integrazioaz hitz egiteko zenbait hausnarketa artikuluak, hainbat gogoeta iradoki dizkigu.

Hasteko, Euskal Herriko bertako administrazioek ez dute immigrazioren gaineko eskumenik. Beraz, Madrilen edo Parisen erabakitzen dute zenbat etorkin (eta zein jatorrikoak) etor daitezkeen gurera, baina geure erakundeek ez.

Bigarrenik, gaur egun gure Herrian bizi dugun “errealitate soziolinguistikoa” ez da bere buruan jabe den edozein herri batena.

Euskaldunok, historian zehar eta gaurdaino pairatu dugun zapalkuntza da, gaurko “errealitatera” ekarri gaituena. Etorkinak ez direla gure egoera linguistikoaren erantzuleak, begi bistakoa da hori! Baina, edonon bezala, immigrazioak herri baten egunerokoan eragin zuzena du, dela etxebizitza, hezkuntza, lan edo bizikidetza arloetan, eta halaber, hizkuntza alorrean. Areago migrazioa kudeatzeko tresnarik ez duen herri zapaldu batean. Eta eremu sozialean moldaketak eta egokitzapenak egin behar diren bezala, pertsona horiek duintasunez hartzeko eta integratzeko, ezinbestekoa da hizkuntza arloari ere erreparatzea.

Espainolez edo frantsesez jakin beharrak ez du hautsik harrotzen, “berezkoa” da, “naturala”, mendetako inposaketaren ondorioz, eta erraztasunak eta baliabideak ematen zaizkie etorri berriei hizkuntza horietaz jabe daitezen, integrazioa (edo asimilazioa?) xede. Bitxia da, baina arazoa euskaraz integratu behar ditugula esaten dugunean sortzen da. Inoiz ez da eztabaidatzen etorkinek espainiera ikasi behar dutenik Bilbora badatoz, edo frantsesa Baionan bizi nahi baldin badute. Baina Euskal Herrian euskara ikasi beharra aldarrikatzeak sutan jartzen ditu gaztelera eta frantsesa inposatu dizkigutenak eta horien aldekoak.

Gure iritziz harrera-gizarteari iritsi berriekiko jarrera abegikorra eskatu behar zaio, eta etorkinei, berriz, harrera-herriaren hizkuntzara eta kulturara egokitzeko ahalegina egitea, areago hizkuntza eta kultura horiek herri zapaldu batenak badira. Elkarrekiko aitortza eta elkartasunezko jokabidea, alegia.

“Bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikastea ez da lehentasun berehalakoa (etorkinentzat)” diote artikulugileek. Baliteke, espainiera eta frantsesa baitira hizkuntza inposatu-hegemonikoak. Baina hori inolaz ere ezin da aitzakia izan euskaldunon hizkuntz eskubideak areago murrizteko. Euskal Herriko erakunde publiko guztietan lan egiteko beharrezkoa behar luke euskarazko maila nahikoa izatea, eta beste esparru askotan ere bai, inposatutako gaztelera eta frantsesa diren bezala. Bestalde, euskara bertokotzeko-tresna bikaina da oraindik ere, euskaldunek bereziki, baina gizarte honen gehiengo zabal batek ere oso begi onez ikusten baititu euskarara gerturatzeko egindako ahaleginak.

Arnosok eta Amenabarrek zalantzan jartzen dute etorkinek euskara ikasteko beharra, baina ez dute kolokan jartzen (ezta aipatu ere) espainiera ikasteko beharra bera. Haien artikuluaren izenburua esanguratsua da: “Euskara eta bizileku-baimena”. “Espainiera eta bizileku-baimena” izan zitekeen, baina espainierari dagokionez ez dute deus esaten. Hizkuntzaren gaiarekin jarraituz, artikulugileek diote “integrazioa noranzko biko prozesua dela” eta migratzaileen hizkuntzek aitortza merezi dutela. Bistan da! Hizkuntza guztiak dira errespetagarriak. Baina jakin nahiko genuke zertan datzan aitortza hori, zeren gurera datozen horietako askoren hizkuntzen egoera euskararena baino askoz osasuntsuagoa da, estatu batek babesten ditu eta ez zaizkie baliabiderik falta garatzeko, eman dezagun espainiera, frantsesa, arabiera, errumaniera, ukraniera, wolofera etab. Guri ez dagokigu hizkuntza horiei babesa ematea, hiztunak errespetatzea baizik, eta hizkuntza horietako hiztunei dagokie gurea aitortzea eta errespetatzea Euskal Herrian daudenez gero, baina hainbati ez zaie halako jarrerarik nabari.

Ipar Euskal Herrira datozen etorkin gehien-gehienak frantsesak eta frantses-hiztunak dira. Hego Euskal Herrira datozen etorkinetatik gehienak latino-amerikarrak dira, gehientsuenak gaztelera-hiztunak. Ez batzuek ez besteek ez dute gure hizkuntza zapalduaren beharrik, eta horregatik, gutxi dira ikastera animatzen direnak. Etorkinen etorrera etengabea delarik eta luze joko duenez (adituek esana), euskaldunon minorizazio edo bazterketa-egoerak okerrera egingo du neurri egokiak hartzen ez badira. Guk gure Herriko eremu euskaldunetara etortzen direnek lehenik euskara ikastea nahi dugu. Eta horretarako, noski, euskal administrazio publikoak era guztietako erraztasunak eman behar dizkie: ongietorriko protokoloa, doako euskara-ikastaroak, kontziliazio eta ordutegi malguak, haien hizkuntza-aurrerapena aitortzea, etab.

Etorri berriei azaldu behar zaie euskaldunok hizkuntza propioa dugula, eta haiek ere lagundu behar digutela zaintzen eta garatzen. Pedagogia linguistikoa egin. Eta justizia linguistikoaren kontzeptua ere azaldu behar zaie, bai hizkuntza minorizatuak (amazigh, kitxua…) dituzten herrialdeetatik datozenei, bai hizkuntza hegemonikoetako hiztun direnei ere.

Bukatzeko, “Elkarkidetasun internazionalista horrek egiten gaitu euskaldun” diote Arnosok eta Amenabarrek. Barka, baina euskaraz hitz egiteak eta bizitzeak egiten gaitu euskaldun, batez ere. Eta behar bada bai, euskaldunon artean ohikoa da elkarkidetasun internazionalista. Bada, horixe eskatzen diegu geuk ere beste nazio batzuetatik datozkigunei: gure nazioarekiko elkarkidetasuna eta begirunea.

Deja un comentario

Tendencias