Karmelo Landa Mendibe / BERRIA
Ilargiraino joan dira haren alde iluna argitu nahian, eta Lurrera itzuli direnean iluntasun arraroa sumatu dute planeta urdinaren atmosferan. Lurreratu direnean, dinosauroak bertan dirau, munduaren agintean.
Mende erdi luzea darama Gernikak aro ilunetik atera nahian. Tirano arrotza, azkenez, hil zenetik, Gernikako eta Euskal Herriko herritarrak saiatu izan gara argia egiten, apiril hartakoak aztertzen eta argitzen. Euskaldun guztion sinboloa da Gernika. Kondor Legioa deituaren hegazkin naziek eta Aviazione Legionaria faxistakoek burutu zuten Gernikako bonbardaketa, 1937. urte hartako apirilaren 26an. Francoren agindupean egin zuten bonbardaketa larri hura, arratsaldeko laurak eta hogeian hasi eta hiru ordu luzez. Zazpi eta erdiak pasata bonbardaketa amaitu zenean, bi milatik gora hildako eta Gernikako eraikuntzen ehuneko laurogeita bosta suntsituta utzi zituzten.
Zergatik Gernika eta zergatik era horretako suntsiketa? Gernika, sinbolo positiboa, Foruen gordelekua, euskaldunon eraketa modua ordezkatzen zuena. Gernikako arbolaren itzalpean elkartzen ziren gure elizate eta hiribilduetako ordezkariak. Historia garaikidean izan dugun lehen Gobernua ere Gernikan bertan osatu zen, 1936ko urrian, Jose Antonio Agirre lehendakariaren inguruan. «Euzko lur ganian zutunik…».
Franco militar buru matxinatuak apropos aukeratu eta markatu zuen Gernika, eta bere aginduetara zituen hegazkin nazi-faxisten aldra bidali zuen apirilaren 26 hartako astelehen hartan, modu bereziki larrian Gernika suntsitzera. Horrela agertu nahi zuen Euskal Herria desagerraraztea zela bere asmo sakona. George Steer gerra-korrespontsal ezagunak lekuan bertan ikusi zuen bonbardaketa nazi-frankistaren intentzio hori: «Gernika, the most ancient town of the Basques and the centre of their cultural tradition, was completely destroyed yesterday afternoon by insurgent air raiders…» (Gernika, euskaldunen hiri sakraturik zaharrena, guztiz suntsitua gelditu zen atzo arratsaldean indar matxinatuen hegazkinen aire erasoz…).

Franco hil eta gero, Gernikan bertan bonbardaketatik bizirik atera ziren herritarren lekukotzak bildu ditugu, eta gai honetaz nazioartean diren historialari prestatuenen kolaborazioa ere izan dugu: Herbert Southworth, Pierre Vilar, Manuel Tuñon de Lara, Angel Viñas, Xabier Irujo bezalako ikerlari bikainak, eta egia historikoa argitzeko lan zientifikoak badirau Gernikan; gaur bertan ere adituen egun osoko Konferentzia irekia izango dugu gai larri hauetaz Gernikako Elai Alai Aretoan.
Zergatik jarraitzen du oraindik zabalik eta zauriak itxi ezinik Gernikako bonbardaketaren gaiak 2026 honetan? Begira dezagun berpiztu den polemika Picassoren Gernika muralaren kokapenaren inguruan.
1981. urtean maniobra koordinatu batean Espainiak, Frantziak eta Estatu Batuek adostu zuten Picassoren Gernika Madrilera eramatea, trantsizio-transakzio politiko espainiarra legitimatzeko intentzioan
Gerra eta bonbardaketa gertatu aurretik, gure historian zehar Gernika euskal hirigune berezia zen, bizigarria, eskubideen, foruen eta askatasunaren sinbologia positiboa ordezkatzen zuena, Urdaibai inguruan kokatua, Santimamiñeren garaietatik giza bizitzaren aztarnak zituena… Sailkapen akademikoetan locus amoenusbezala sailkatu ohi den gunea. Baina hori guztia erasoaldi latz batez suntsitu zuten bonbardaketan. Arratsalde batez Gernika hiri martiri bihurtu zuten kolpez. Toposedo locus dramaticus bihurtu zuten era horretan Gernika euskaldunon hiri sinboliko hura.
Gertaera larri horren ezagutzak harridura, haserre bizia eta beldurra ere sortu zituen nazioarteko komunitatean. Franco bera, frankistak eta haien aliatu buruzagi naziak ere kezkatu ziren eskandaluak hartzen zuen nazioarteko dimentsioaz, eta orduan bonbardaketa existitu zela ere ukatu egin zuten. Polemika sakondu eta hedatu egin zen horrela. Pablo Picassok, Parisen, orduan erabaki zuen, Gernikako bonbardaketaren berri izan zuenean, Gernika pintura erraldoia egitea. Gernika, euskaldunon sinboloa, nazioarteko sinbolo izatera pasa zen horrela. Koadroa mundu erdian erakutsi zen ondoren, erakusketa ugaritan, eta gero New Yorkeko MOMA museoan kokatu zuten, harik eta, Francoren heriotzaren ondoren, Gernikatik Picassoren murala bertara ekartzea aldarrikatu zen arte: ‘Gernika’ Gernikara. Baina 1981. urtean maniobra koordinatu batean Espainiak, Frantziak eta Estatu Batuek adostu zuten Picassoren Gernika Madrilera eramatea, trantsizio-transakzio politiko espainiarra legitimatzeko intentzioan.
Picassoren Gernika koadroak bere dimentsio osoa Gernikan har dezake, ez beste inon
Madril ez da Picassoren Gernika kokatzeko toki egokia. Han bertan ere ez dakite non kokatu, hasieran El Prado inguruan eta 1992an lekualdatu egin zuten nora eta Reina Sofia museora, era horretan bai edukiz eta bai formaz Picassoren beraren borondatea bihurrituz.
Picassoren Gernika koadroak bere dimentsio osoa Gernikan har dezake, ez beste inon.
Gaur eguneko Estatu espainiarrak ardura larria du Gernikako bonbardaketaren inguruan. Ez dago ardura horretatik salbu bonbardaketaren egileak frankistak eta nazi-faxistak izan zirelako. Izan ere, Alemaniak ulertu eta onartu du oraintsu Gernikan bertan bere erantzukizuna eta barkamena eskatu du. Presidente alemaniarra oso urruti dago nazi haietatik, baina hala ere Estatu-ardura onartu eta barkamena eskatu du. Estatu espainiarrak ez du hori egiteko asmorik, baina ezin du ukatu ez ezkutatu gaurko Estatu horren sustraiak frankismotik datozela, hasi monarkiatik eta frankismoaren zutabe ugari besterik gabe egokitu egin zirela oraingo Estatu horretara.
Bada garaia Estatu espainiarrak bere ardura onar dezan, barkamena eskatu Gernikari eta euskaldunoi eta ahal den neurrian erreparazioa gauzatu. Bide horretan emandako lehen urrats sinbolikoa izan daiteke Picassoren Gernika Gernikan kokatzea.




Deja un comentario