Miel Anjel Elustondo / ARGIA aldizkaria
Gasteiz, 1200. Defentsa amaigabea argitaratu zenuen 2022an. Hurrena, duela bi urte, Aldaxka pozoituak. Oraindik orain, berriz, Deiadarra. Pirinioetako erresistentzia. Gertakari historikoak gai harturik zabiltza.
Horietara jotzeko joera dut, epika handiko gertakarietara. Uste dut horren gabeziarik ere badugula Euskal Herrian. Iruditzen zait gaur egun, euskal literaturan, norbanakoaren egunerokoak agintzen duela; batzuetan arazo txikiak dira eta, beste batzuetan, aldiz, handiak. Ni, berriz, abenturazalea naiz, epika zalea, eta, askotan, atzerriko hizkuntzetara jo behar izan dut haiek irakurtzera, pentsatuta gurean halakorik ez geneukala. Halako batean, hala ere, konturatu nintzen gure historian eta literaturan ere badugula epikarik. “Ostia!, episodio hauek zabaldu beharra dago, jendeak jakin behar du!”. Horixe esan eta hasi nintzen lanean.
Hirugarren hau ere baduzu gisa berekoa.
Bai, baina Aldaxka pozoituak-ek, adibidez, gehiago du antiepikatik, epikatik baino, lan hori Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian izan zituen eraginei buruzkoa baita. Kontra egiten diot Frantziak ezarritako errelatoari, epika nazionalista frantsesari eta heroitasunari. Euskal ikuspegitik jota, esaten dut hura ez zela gure gerra izan, ez zela batere loriatsua izan, oso zikin, arrotz eta suntsitzailea baizik. Gerrari kritika egiteko modu bat da Aldaxka pozoituak.
Gasteiz, 1200 eta oraingo Deiadarra, bestelakoak dituzu, beraz?
Horiek Euskal Herriaren defentsari eta gertakari epiko eta erresistentziari lotuta daude. Lan hauek dira nik nerabetan, ikastolan, irakurri nahi izango nituzkeenak, eta aurkitu ez nituenak. Beharbada, halako libururik izan banu eskuartean, goizago piztuko zitzaidakeen historiarekiko jakinmina. Baina ikastolan ez ziguten halako historiarik kontatu, edo, kontatu baziguten, ez nengoen adi [barreak]… Egia esan, uste dut halakorik ez zigutela aipatu.
Nabarralderen zigilua daramate zure lanek. Ez dakit Deiadarra enkarguzko lana izan duzun.
Ez, ez da izan enkarguzko lana, neure kezkatik abiatutakoa baizik. Seguruena, Nabarralderen bidez ezagutu ditut liburu honetan jorratzen ditudan mugarri historiko gehienak, eta pena ere banuen gertakariok –asko, behintzat– ezezagunak zaizkigulako; ezezagunak, baita abertzale askoren artean ere! Kezka horixe buruan, gure historia bestelako modu batera aurkezteko era bazegoela pentsatu nuen. Alegia, Nabarralderen bitartez jasotako gertaerak modu atseginago eta erakargarriago batean ezagutzera ematea. Eta, marrazkilaria naizenez, egokia iruditu zitzaidan liburu ilustratuaren bidetik jotzea. Gazteak erakartzeko, batik bat. Hala ere, liburua publiko zabalarentzat da, ez bakarrik gazteentzat.
Zeure kezka horretatik abiaturik hasi zinen proiektua lantzen, hortaz.
Nabarraldeko kide sentitzen naiz, lagunak ditut, kezka bertsuak ditugu, aurreko bi proiektuak ere Nabarralderekin publikatu nituen, eta, oraingo lan honen kasuan ere, begi onez ikusi zuten nik haien edukiak bestelako modu batean plazaratzeko proposamena. Horrelaxe egin dugu lan hau. Hala ere, nire lehen ideia zen Euskal Herriko historia osoa kontatzea, erromatar garaitik gaur eguneraino.
Historia osoa?!
Bai. Hogei kapitulu nituen buruan, hogei ilustrazio. Laster ohartu nintzen hura ezinezkoa zela, hogei ez ezik, hogeita hamar, berrogei, berrogeita hamar, hirurogei, hirurogeita hamar… nahi beste mugarri historiko sortu zitzaizkidalako bata bestearen atzetik eta, beraz, lana amaigabea zelako. Ezinezkoa zela ohartu nintzenean, bi atal egitea pentsatu nuen. Deiadarra, hortaz, nire asmo handi haren lehen atala da, 1620 urte artekoa: Nafarroako Erresumaren sorrera prozesu luze eta neketsua kontatzen dut, erresumaren garapena eta gainbehera, eta burujabetzaren amaiera 1620an.
«Gure herriaren historian biziraupen gogoa mendez mende agertzen da»
Bigarren atalik gabe gara, hortaz.
Bigarren lan hori ez dut sekula burutuko, hainbat arrazoi tarteko direla, baina horixe zen hasierako ideia. Hasieran, mugarri historiko jakin batzuk neuzkan buruan, baina dokumentatu ahala, eta sakondu ahala, mugarri gehiago ezagutu ditut. Horietan aipagarriena, seguruena, Lapurdi eta Zuberoaren konkista. Aurreko lana egin nuenean [Aldaxka pozoituak], eta ordurako oraingo liburu hau egosten ari nintzen, egonaldi bat egin nuen Urruñan (Lapurdi). Han, besteak beste, Joritz Larraza historialaria ezagutu nuen, Urruña bertakoa. Kezka transmititu zidan, esanez Hegoaldekook Ipar Euskal Herriko historia jorratzen dugunean –Nafarroaren historia, batez ere–, Lapurdiko eta Zuberoako konkistarik ez dugula aipatzen.
Eta arrazoi du?
Nik uste baietz. Hortaz, berak nahi beste informazio helarazi zidan, eta liburu honetan konkista horri kapitulu bat eskaini ahal izan diot. Nik uste horrek osotasuna eman diola nik kontatu nahi nuenari, herrialde guztiak barne bildurik.
Hiru ataletan banatu duzu Deiadarra: Aitzinaroa, Erdi Aroa eta Aro Modernoa. Hiru atal, 42 kapitulu, eta nahi beste mugarri!
Lehen atala beste biak baino laburragoa da, ezinbestean, garai hari buruz askoz datu gutxiago ditugu-eta. Korrika ihes egin dut sasoi hartatik, garai hartaz hipotesiak gehiago dira-eta benetan dakiguna baino. Dakiguna adierazten saiatu naiz, eta bestelako usteak saihesten. Azkar egin dut eskapo Aitzinarotik, eta Erdi Aroan eta Aro Modernoan zentratu naiz batez ere.
Urte bat genuen burdin goriak larruan joa bezala: 1512, Nafarroaren konkistaren urtea. Zuk, berriz, beste urte bat josi diguzu: 1620.
Gaur egun, esateko moduan gara Nafarroako erresumaren higadura 1076an hasi zela, Antso Peñalengua hil zutenean. 1200ean, Nafarroako mendebaldea konkistatu zuten. 1461, Sonsierra. 1512an Gaztelako tropek Nafarroa konkistatu zuten –Nafarroa osoa, alegia: oraingo Nafarroa Beherea eta Garaia– baina ezin izan zituzten mantendu soldaduak Pirinioetatik iparraldera, neguko elurteek galarazi egiten baitzien hara eta hona ibiltzea. 1528an, esaterako, gaztelarrek atzera egin behar izan zuten, eta berpiztu zen Nafarroako Erresuma. Kulturalki ere sekulako bizia izan zuen erresumak. Pirinioetatik iparrera halako susperraldirik ez du inoiz izan Nafarroak. Harrigarria da gertakari hori zein ezezaguna den.
Mugarri historiko pila handia ageri duzu liburuan.
Gure historiari buruzko hainbat jardunalditan izan naiz eta hainbat liburu irakurri ditut, eta ohartu naiz batzuek eta besteek mugarri pila bat aipatzen dituztela. “Mugarri hauek denak ilaran jarri nahi ditut!”, esan nion neure buruari. Badirudi, menderik mende, gureak egin duela, eta, aldiz, harrigarria da nola altxatzen dugun beti burua, inperioei buru eginda. Hori ere erakutsi nahi nuen liburuan, mugarriak zerrendatu eta erresistentziari tamaina eman. Badirudi desagertzeko zorian gaudela beti eta, hurrena, berriz, berpiztu egiten garela ikusten da. Horixe da gure garaipenik handiena. Beste herri batzuek beren heroi jakin batzuetan jartzen dute fokua. Gurean, herria bera da heroirik handiena, ez halako edo halako norbanako, menderik mende herri bezala egin dugun bidea baizik.

“Iraun nahiaren pena larriak / darama gure bizitza…” idatzi zuen Bitoriano Gandiagak.
Inoiz herri normalizatu bat izatekotan, Nafarroako Erresumaren garaian izan zen. Nazioartean onartu eta homologatuak ginen, inorekin buruz buru eta berdinetik berdinera jarduteko moduan. Nik esango nuke euskaldunok ez garela herri normalizatua izan sekula; salbuespena da Antso Nagusiaren garaian. Gainerakoan, kinka larrian bizi izan gara beti, bizirauteko borrokan, desagertzeko zorian. Hala ere, biziraun dugu, gaurdaino!
Ez alferrik, “jaioko dira berriak!” kantatu zuen Xenpelarrek.
Eta lan honek gaur egungo erronkei baikortasunez begiratzen lagundu dit, herri hau beti gai izan baita aurrera egiteko. Badu horretarako sena. Garaipen handirik ez, baina bizirik. Aurkezpenetan erabiltzen dudan esaldia esango dizut: “Baskonia, erresuma edo estatu handinahien artean bizitzeko txikiegia; irentsia izateko, aldiz, egoskorregia”. Uste horretan nago. Horixe da gure garaipenik handiena. Ez dago iragan idilikorik zeinetara itzuli, beti izan da zaila, baina beti atera gara zulotik, eta iraun dugu. Dena den, garai bakoitzak du bere epika, gaur ez du balio ezpata hartu eta borrokatzeak. Gaur egun, kultur sorkuntza izan liteke epika, edo Baxoa euskaraz egiteko borroka. Han eta hemen badira hainbat borroka epiko: euskalduntzea, arnasguneei eustea… Horietan da gaur egungo epika, nire ustez.
«Abenturazalea naiz, eta, askotan, atzerriko hizkuntzetara jo behar izan dut haiek irakurtzera, pentsatuz gurean halakorik ez geneukala»
Zertan izan dira zure baitako sortzailearen krisialdiak lan hau egiteko bidean?
Eguneroko ogia izan da hori! Hiru urte iraun du lan honek, eta ia egunero izan dut krisia. Ni, izan, ilustratzailea naiz, marrazkilaria. Eroso sentitzen naiz marrazten, ez dut pentsatu beharrik ere. Marraztu bitartean ikus nezake dokumental bat, edo podcast bat aditu, instintiboki. Baina dokumentatzea gogorra da. Eta idaztea are gogorragoa! Ni ez naiz idazlea, eta, bestalde, liburuko gaiak eskatzen zuen hizkera erabiltzea lan zaila izan dut. Erronka izugarria izan da, ia etsitzera eraman nau. Ez dut etsi, ez dakidalako amore ematen, baina gogorra izan da.
Eta lana bukatzean?
Sekulako lasaitua hartu dut. Baina, batzuetan, ematen du lana ez dela inoiz amaitzen. Lana idatzita ere, maketazioa, inprimategiko lanak –eta ea liburua nola ateratzen den handik–, aurkezpenak, salmentak, gizarteratzea… Irudipena dut lana ez dela inoiz amaitzen. Eta amaituta ere, beste bati heltzen ari zara!
Kezkarik bai, asmatu ote duzun, ez duzun? “Halako aldatuko nuke!”…
Alde horretatik oso pozik nago: ez nuke ezer aldatuko. Oso pertsona obsesiboa naiz, eta halako lan bati ekiten diodanean buru-belarri sartzen naiz bertan, alde batera uzten ditut gainerako gauza asko –baita bizitza soziala ere, neurri batean– nire lana ongi burutu ahal izateko. Horrek kezka asko sortzen dizkit laneko prozesuan, baina, amaitu orduko, ez dut damurik: “Nire onena eman dut, guztia”. Normalean, halako lanak zenbait pertsonaren artean egiten dira. Batean, idazlea; bestean, dokumentalista; hurrena, marrazkilaria… Kasu honetan dena neure gain hartu nuen, baita erabaki guztiak ere, eta, beraz, neurea dut erantzukizun osoa. Esan dut, gogorra izan da, baina pozik nago egindako lanarekin. Eta eskerrak historia edukietan eta testua zuzentzen ere lagundu didaten. Bestela, txapuza hutsa izango zatekeen lan hau.
Zer esan nahi duzu liburuari Deiadarra titulua emanda?
Hasieran Herri Gogoa deitzeko asmoa nuen. Asko gustatzen zait kontzeptu hori, gure herriaren historian biziraupen gogoa mendez mende agertzen baita. Lana bi ataletan banatzea pentsatu nuen garaian, lehen atalari “Deiadarra” izena emateko asmoa nuen eta, bigarrenari, berriz, “Garrasia”. Esan dut, bigarren parte horrek ez du inoiz argia ikusiko. Bi izenek ere arbasoen deiari egiten diote erreferentzia, gure aurrekoek egingo liguketen oihu etsia da, gure iragana ahantz ez dezagun. Aurrera begira bizi gara, baina noizbehinka atzera begiratu beharra dago, lotura batzuen bila. Askotan, militantzia eta borroka oso dira etsigarriak, eta ikustea gure aurretik ere beste batzuek borrokan jardun dutela, lagungarri zait, babes ematen dit. Hortik dator Deiadarra izenburua.
Militantzia aipatu duzu, eta, hitz beste eginez, zure militantzia hedabideetaraino heldu zen, iragan urriaren 12an Espainiako Falangeak Gasteizen egin nahi izan zuen ekitaldia tarteko.
Ez zait iruditzen ekintza hartan militantziagatik egon nintzenik. Are gehiago egin nuen euskaldun naizelako. Oso gauza instintiboa izan zen. Ez da onargarria Falangeak Euskal Herrian ekitaldirik egitea, iraingarria ere bada, eta halaxe joan nintzen [Gasteiz erdialdera], mobilizazio asmo hari kontrakotasuna adieraztera.
Salaketa jarri zenuen Ertzaintzaren kontra, eta zure kontrako salaketa jarri zuen Ertzaintzak. Salatzaile zara, eta salaketa jasoa, aldi berean.
Esan dizut, mobilizazio hari kontrakotasuna adieraztera joan nintzen, eta, gauza amaituta zegoenean, ertzain batek distantzia laburretik, zazpi metrotik-edo, ihes egiten ari nintzela, tiro bat eman zidan aurpegian: masaila hautsi zidan, hortz bat atera eta hau eta hura. Handik egun batzuetara, Ertzaintzaren kontrako salaketa jarri nuen. Nik salaketa jarri, eta, atestatua egin zutenean, ni ekitaldiaren antolatzaileetakoa nintzela esan zuten, baita bi ertzain zauritu nituela ere! Urritik hona hainbat hilabete daramatza auziak irekita, baina oraindik ez dut aipu txikiena ere irakurri aurpegian jaso nuen pilotakadari buruz.
Begi-bistakoak dituzu zauriak…
Atestatuan, metalezko makilak aipatzen dituzte, baina guk ez genuen halakorik, Falangekoek bai; eta, hala ere, direlako makilak ez dira inon agertu. Horiek aipatzen dituzte, nik jasotako pilotakadarik ez. Bestalde, esaten dute bi harri jaurti nituela, eta haietako batekin ertzain bati kaskoa hautsi niola eta, bigarren ertzain bat, berriz, hankan jo nuela. Eta hori erabateko gezurra da. Nik gertatua salatu, eta haiek ni gertakarien errudun azaltzen saiatu dira. Egin ditudanak eta egin ez ditudanak leporatzen dizkidate. Egin ditudanak aitortuak ditut, nire salaketan bertan ageri dira, eta publiko egin nituen, xehetasunez. Harro nago egindakoaz, Falangearen presentzia gure herrian ez baita onargarria. Ez dut zertan lotsatu. Baina eraiki nahi duten errelatoa izugarria da. Atestatua, berriz, lotsagarria. Adierazi nahi dutena da: “Guk jo zaitugu, baina zuk ere jo gaituzu”. Eta hori gezurra da. Irudi mordoa daude. Askotan irudiak gure kontra datoz, baina kasu honetan gure alde. Erabili ditut, publiko ere badira-eta.
Noizko espero duzu epailearen ebazpena?
Prozesu judizialak luze joko du. Auziperatu asko dira tartean, 22-edo, eta hainbat ertzainek ere deklaratu behar dute… Lehen fasean gaude oraindik.
Ogibide, gosebide
“Ameskeria hutsa da ilustrazioa eginez bizitzea, ez bada atzerrian edo atzerrirako lan eginez, izan Europarako nahiz AEBetarako, adibidez. Baina euskaraz, euskarazko komikiak edo euskal literatura eginez bizimodua ateratzea, utopia. Ez dakit inor bizi ahal den lan hauek eginez. Bizi baino gehiago, biziraungo du. Bitartean, prekarietatea. Nire lanordu guztiak eskaini dizkiot lan honi [Deiadarra], Jaurlaritzaren dirulaguntza bat ere jaso dut, 15.000 eurokoa, baina hori sostengu txiki bat besterik ez da, urte bateko laguntza, lan hau egiteko hiru urte ere eman behar izan baititut. Kamikaze modura ekin nion lan honi, baina bukatu da abentura. Nire ilustrazio-lana bestelako lan batekin uztartzen hasi beharko dut. 2022tik hona hiru liburu publikatu ditut, baina erritmo hori ez da jasangarria. Saiatu beharko dut lau edo bost urtean behin liburu bat argitaratzen. Erromantikoa naiz, baina erromantizismoak ere baditu mugak”.




Deja un comentario