Ander Perez Argote / BERRIA

Zuri ere iruditzen zaizu Donostiako KASen aferak badituela, bere txikian, bizi dugun olde xenofobo orokorra irakurri ahal izateko moduko osagaiak. Burua Ceutarantz biratuta eman duzu uda, eta, bitartean, kale egoeran daudenei afaltzeko plater bero bat ematen dietenei jazartzen aritu da Donostiako alkate gazte eta eredugarria. Aldea dago noski etorkinen txabolei su eman eta beharra dutenei jaten ematen dietenak mehatxatzearen artean. Eta zuri ere ematen dizu erreparoa Ceutako harrapakari faxistak eta Donostiako alkatea esaldi berean juntatzeak. Izan ere, kontu handiagoz, katebegi ahulenari zuzenean eraso egitea saihestu dute Donostian, katebegi ahulena artatzen dutenei erasotzeko. Manerak gordetzen beti izan da abila kristau-demokrazia.

Finean, ordea, eta ñabardurak ñabardura, irakurketa konplexuak baztertu eta zaurgarrienak errudun ikusten dituen joera da han eta hemen nagusitzen dena. Etorkinak delinkuentziarekin eta segurtasunik ezarekin lotzeko kontakizuna bere egiten duena. Zeren eta, faxistek, gailendu daitezen, lehenbizi haien markoan aritzeko prest daudenak behar dituzte. Horretaz ari gara erreakzioa datorrela diogunean. Edo zuk ere uste al zenuen faxismoa tunika zuriz eta antortxak eskuetan iritsiko zela?

Gaur, halere, Donostiako aferaren beste erpin bat nahi zenuen hizpide hartu, azkenaldian buruan iltzatuta daramazun dialektika bat ere azaleratu baitu KASenak: noiz utzi dezakeen herri mugimenduak bere jarduna instituzioaren esku, eta zenbat galtzen den gizarte antolatuaren praktika eta balioetatik instituzioak kudeaketa bat bere gain hartzen duenean. Hurrengo fase politikoan esanguratsua izango da korapilo hori nola askatu. Bereziki, bi bideen uztartzea, kalearena zein erakundearena, komenentziaz baino gehiago konbentzimenduz defenditu duen mugimendu politikoarentzat. Bereziki, mugimendu horren botere instituzionala handituko dela dirudienean. Bereziki, inoiz baino gizarte zibil antolatuagoa beharko denean, Ceuta hemen bertan dagoela konturatzen garenerako.

Deja un comentario

Tendencias