NAIZ

Astelehenean hartu zuen kargua Simon Fetetek, eta honako hau da bere lehen ekimena Euskal Herrian, beraz. ‘Mediabask’ek asteazken honetan argitaratu duenez, auzitegietara eraman du aurreko igandean Itsasun inauguratu zen horma-irudia. Bertan Txomin Olhagaray herriko gaztea gogoratzen dute. Eskuetan zeraman lehergailuak eztanda egin zitzaion 1980ean IKeko kideari, eta horren ondorioz hil zen.

IK erakundeak sei kide galdu zituen bere jardueran zehar, kidegoaren % 10-12a aldera, kopuru handia beraz; Iñaki Egaña historialariak artikulu honetan nabarmendu zuen.

Itsasuko besten testinguruan aurkeztu zen horma-irudi hau, ikusgarria. Artalde bat, dantzariak, hegan dabilen arranoa eta Txomin Olhagaray gaztea ageri dira bertan, mezu honekin batera: ‘Lur huntan landatu dugu hitza, herri libre baten promesa’. Sanoki aretoaren eraikinean margotua dago, herriko Pilota plazan.

Prefetaren bulegoak kaleratutako oharrak dioenez, aurkezpenean IK erakundeko kide izandako pertsonak egon ziren eta «asmo hiltzaile nabariak zituen atentatu-saiakera» baten egileari omenaldia egiten zaio. Olhagaray orduko Baionako prefetaordearen familiaren autoan lehergailua jartzen ari zela ekarri nahi izan du gogora Fetetek aipamen honekin, itxuraz.

Salaketa jartzearekin batera, dei zuzena egin dio prefetak Itsasuko alkateari, «margo-irudi hori ezabatzeko, eraikin publikoek behar duten neutraltasuna betez». Mediabask Mizel HIribarrenekin harremanetan jarri da eta mezu hori ez duela jaso argitu du auzapezak.

Beste memoria leku bat

Dirudienez, Goooxoan elkartearen ekimena izan da margo-irudia, Herriko Etxeak onetsitako toki batean kokatua. Igandeko aurkezpen ekitaldian ez zuen inork hitzik hartu udalaren aldetik, ez alkateak ezta zinegotziek ere.

Itsasuko Herriko Etxearen web orrian memoria lekuen zerrendaren barruan aipatua dago lan hau, beste askorekin batera: bi mundu gerretan hildakoen omenezko oroitarria, 1963ko Itsasuko Ageriarena….

Sanokin margotutakoak Euskal Herriaren alde bizia galdu zuen herriko gazte bat gogoratzen duela aipatzen da. Oroimen adierazpen guzti horien arteko lotura egiten du, justizia eta askatasunaren alde hil diren itsasuar guztiek omena merezi dutela nabarmenduz eta herriak mendez mende jazotako sufrimendua bertan dela aipatuz.

Deja un comentario

Tendencias