Boubacar Diouf senegaldarra da, Mbolo Moye Doole elkarteko kidea, EHUko ikerketa talde batean laguntzailea, herri mugimenduko kide benetan aktiboa… eta euskalduna ere bada. 11 urte daramatza Euskal Herrian; heldu eta hilabetera hasi zen euskara ikasten eta, hain zuzen, hizkuntzaren inguruko “Euskara erronka” mahai-inguruan parte hartu zuen, Baionan UIKek antolatutako “Euskal Herria harrera herri” jardunaldian. Horren aurretik erantzun zituen GARAren galderak.

«Euskal Herria harrera herri» jardunaldian parte hartuko duzu. Esango zenuke esaldi hori egia dela?

Lehen baietz esango nuke, baina orain ja zalantza handia daukat, adibidez, Bilbon manteroekin eta udaltzainekin gertatzen dena ikusita. Horregatik, orain ez dakit zer gertatzen ari den; egoera aldatzen ari da, eta dudak dauzkat esaldi hori egia den.

Jarrera aldaketa hori jendartean ere gertatu da?

Normalean poliziarekin zerbait gertatzen bada, bi talde sortzen dira; batzuk gure alde jartzen dira eta beste batzuk, poliziaren alde.

Noiz heldu zinen Euskal Herrira?

Duela hamaika urte heldu nintzen, udan justu, 2015ean. Zuzenean heldu nintzen Euskal Herrira; zorte ona izan nuen. Lagun bat nuen Senegalekoa eta berak esan zidan ‘etorkizuna dago hemen’, eta etorri nintzen, jakinda nora eta nola.

Nire kasua ez da gehiengoarena; bakoitzak bere historia dauka. Beste batzuek bidaia gogorragoa egin behar izan dute eta heldutakoan ere zailtasun asko izan dituzte.

Euskarak zer paper jokatzen du horretan?

Zubi bat izan beharko litzateke. Badakigu hizkuntza zaila dela, baina ikas daiteke. Nik zerotik ikasi dut eta denbora asko da, esfortzua… Ekonomikoki ere bai. Guk, heltzean, beste lehentasun batzuk ditugu, baina gero eta gehiago ikusten dut atzerritarrak euskarara gerturatzen ari direla.

Nola ikasi duzu euskara?

Ni udan heldu nintzen eta irailean Helduen Hezkuntzara joan nintzen DBH ateratzeko. Han hasi nintzen.

Oso gutxi zen, astean bi ordu, baina gero jarraitu egin nuen. Gau eskolara joaten nintzen astelehenetik ostegunera, urtebetez. Hortik, euskaltegira joan nintzen.

Euskara zaila den ideia oso zabalduta dago. Hizkuntza da zaila edo baliabide falta dago?

Nik uste dut biak direla egia. Heldu berri batek ez badu hemen inor ezagutzen eta ekonomikoki ezin badu, zaila da, beste lehentasun batzuk daudelako: lehenengo, errolda; bigarrena, jatekoa; hirugarrena, non geratu; eta, gero euskara ikasi nahi baduzu, esfortzua egin behar duzu.

Euskara ikasteko ordu pila-pila bat eman dut. Baina hori da dagoena; zerbait nahi baduzu, saiatuko zara. Nik horrela egin dut. Nik frantsesa, ingelesa eta gaztelera hitz egiten ditut, eta euskara beste kontu bat da.

Heltzean horrenbeste oztopo egongo ez balira, jende gehiagok ikasiko luke euskara.

«Euskara erronka» mahai-inguruan parte hartuko duzu. Zuretzat euskara erronka edo aukera izan da?

Ez dut gogoratzen heltzean erronka moduan edo aukera moduan ikusi nuen. Heldu nintzenean Galdakaon bizi nintzen eta nire lagunarekin kalean nindoala ikusi nuen lehenengoz esaldi bat euskaraz idatzita.

Galdetu nuen ea zer zen hori. Orduan bertan erabaki nuen hizkuntza hori ikasi behar nuela.

Era honetako jardunaldiek gerturatzen diote migratzaileen errealitatea jendarteari?

Ondo datorrela iruditzen zait. Jende asko ez da migratzaileen azalean jartzen eta ondo dago hausnartzea ea zergatik etortzen garen gure herrietatik honaino migratzaileok.

Afrikan, Hego Amerikan eta beste hainbat tokitan gertatzen diren arazoen %50 inguru Europaren errua dira. Senegalen hamabi urtez izan nintzen arrantzale eta ikusten nuen nola egiten zuten arrantza Galiziako ontziek, errespetatu gabe, lapurtuz, gureak baino itsasontzi handiagoekin eta guretzat produktu gutxi utzita.

Deja un comentario

Tendencias