Jenofa Berhokoirigoin / ARGIA

«Frantziako lurraldea eta ondarea baloratzeko» topalekua izan nahi du ofizialki Le Canon Français [Kanoi Frantsesa] bankete erraldoiak. Pierre-Édouard Stérin eskuin muturreko diruduna dago ekimenaren atzean eta anitzez politikoagoa du helburua: bere ideologia festaren bidez zabaltzea. Frantziako Estatuan zehar dabiltza gisa bereko apairu-erraldoiak antolatzen, eta azaroaren 28rako Miarritzen (Lapurdi) jarrita dute hitzordua.

Parean, aurkako mugimendua antolatzen ari da, karrikatik zein Herriko Etxeko oposiziotik. Zehazki, ekainaren 22ko Herriko Etxeko kontseiluaren bileran oposizioko Ana Ezcurrak (Biarritz Berri-Nouvelle Vagus, ezkerra) hitza hartu zuen ekimena ezeztatzearen alde, baina ez zeukala horretako asmorik erantzun zion Serge Blanco auzapezak, «herriko gelak uzteko debekuak ezin direlako arrazoi politikoz soilik azalduak izan».

Hitzartzean Ezcurrak oroitarazi zion, Caen hirian egin berri den Le Canon Français topaketan «jarrera arrazistak, homofoboak eta sexistak», baita «nazien agurrak, kantu xenofoboak eta indarkeria fisikoak» ere gertat zirela. Zehaztu beharra dago Pierre-Édouard Stérin Biarritz Olympique errugbi taldearen akziodun nagusien artean dela, eta horrek hertsiki lotzen duela itsas bazterreko hiria eskuin muturreko aurpegi ezagun horrekin.

Ultra-aberats bat, eskuin muturraren alde inbertitzen

Frantziako ehun aberatsenen artean da, eta eskuin muturreko ideiak jendartean zabaltzeko estrategiari segi dabil sektore estrategikoetan inbertitzen. Vincent Bolloréren gisara, ideologia hori Frantziako Estatuan zabaltzeko pieza inportantea da Stérin. Bere Périclès izeneko proiektuaren berri eman zuen 2024an L´Humanité egunkariak: hamar urterako 150 milioi euroko inbertsio-plana dauka, eskuin muturreko hautagaien eta eskuineko alderdi liberal kontserbadoreen arteko batasuna sustatzeko. Komunikabideak, hezkuntza, inkesta-bulegoak, kirola… guztiak ditu inbertsio estrategikotzat, herritarren pentsamondean eragiteko asmoz.

Stérin, bere inbertsioak irudikatzen dituen Mediapart komunikabidearen irudi batean. 

Blancoren erantzunak haserrea piztu du eta erreakzioak biderkatu egin dira azken egunetan. Mediabask komunikabideak zabaldutakoari segi, Biarritz Berri-Nouvelle Vague oposizioko taldeak galdetu dio «arduratsuki» jokatzea, «ardura politiko» kontu bat delakoan. Ipar Euskal Herria Antifaxista eta bestelako eragile sozial, sindikal eta politikoak ere badabiltza aurkako mugimendua antolatzen. Guztien helburua argia da: bai ala bai ezeztatzea eskuin muturraren hitzordu hori. Bretainiako Quimper hirian, adibidez, lortu dute deuseztatzea eta bestelako hirietan ere badabiltza mezu berarekin borrokan.

Deja un comentario

Tendencias