Apirilaren 16tik ekainaren 30era bitarte egin dituzte eskaerak. Bizkaian egon da eskaera gehien: 28.834. Erregularizatzea lortzekotan, bertzeak bertze lan egiteko baimena eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea eskuratuko dituzte. 

Haize Oiartzabal Aizpuru / ARGIA

64.317 migratzailek egin dute ezohiko erregularizazioaren eskaera Hego Euskal Herrian. Prozesua erlojupeko lasterketa baten modukoa izan da: Espainiako Gobernuak urtarrilaren amaieran iragarri zuen neurria; apirilaren 16an sartu zen indarrean; eta, ekainaren 30era bitarte, bi hilabete eta hamabortz egun izan dituzte egoera irregularrean bizi diren migratzaileek dokumentazioa bildu eta eskaera egiteko.  

Espainiako Gobernuko Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak ortzegun honetan argitaratutako datuen arabera, Hego Euskal Herriko eskaera gehienak Bizkaian erregistratu dira: 28.834. Nafarroan eta Gipuzkoan antzeko eskaera kopuruak egin dituzte: 14.886 eta 12.063, hurrenez hurren. Araban egon da eskaera gutxien: 8.554.

Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkari Marisol Garmendiak adierazi du neurriak aukera emanen diela pertsona anitzi beren egoera erregularizatu eta “duintasun handiagoz» bizitzeko. “Prozedura beharrezkoa, bidezkoa eta gizatiarra da”, azpimarratu du Garmendiak.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Alicia Echeverríak, berriz, prozesua “justizia sozialaren auzia” dela nabarmendu du, eskaera bakoitzaren gibelean pertsona bat baitago: “Istorioak daude, badaude bazter ikusezinetan egoteari utziko dioten herritarrak, eskubideak izanen dituztenak, baina baita betebeharrak eta erantzukizunak ere”.

Lan egiteko baimena

Joan den urtarrilaren 1a baino lehenagotik modu irregularrean bizitzen ari ziren eta Hego Euskal Herrian edo Espainiako Estatuan gutxienez bortz hilabete zeramatzaten pertsona migratzaile guztiek aurkez zezaketen eskaera, baita data hori baino lehenago asiloa eskatu zuten guztiek ere, baldin eta aurrekari penalik ez bazuten. Bortz hilabetez bertan bizi izan direla frogatzeko edozein dokumentu publiko, pribatu edo bi eredu horien arteko nahasketa bat aurkeztu behar zuten.

Erregularizazio eskaera tramitera onartzekotan, bertzeak bertze lan egiteko baimena eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea eskuratuko dituzte. Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukera ere izanen dute.

Erregularizazio eskaera onartzen badiete, urtebeteko bizileku baimena jasoko dute. Urtea amaitutakoan, Espainiako Atzerritarren Legeak ezarritako ohiko baimena eskatu ahalko dute.

Deja un comentario

Tendencias