Edurne Turrillas historialariak Nafarroako langile mugimenduaren historia osatzeko emakumeen kontakizunak ekarri ditu lehen lerrora bere doktoretza lanean. Pasarte bat gehitzea baino, haren ikuspegia askotarikoagoa egitea du xede. Elkarrizketa ugari egin ditu eta, berriki, lehen ondorio batzuk plazaratu zituen unibertsitatean.
Ana Alava / GARA-NAIZ
Edurne Turrillas (Iruñea, 2001) Nafarroako Unibertsitate Publikoan Historia eta Ondarea ikasi zuen lehen belaunaldikoa da. Ondoren, historia eta memoriari lotutako espezializazioa eta irakasle izateko masterra egin ditu. Gaur egun, Nafarroako Memoriaren Institutuan dabil lanean, doktoretza egiten duen bitartean.
Berriki, “Entre la fábrica, la calle y el cuidado: las mujeres en el movimiento obrero navarro” izeneko hitzaldia eskaini zuen unibertsitatean. Izenburuak berak argi uzten du bere doktoretza ikerketaren ardatza: Nafarroako langile mugimenduaren historia, baina emakumeen kontakizuna lehen lerroan jarriz. Izan ere, Nafarroan langile mugimenduaren inguruko ikerketa sakonak egin diren arren, emakumeek bertan izan zuten rola ez da neurri berean landu.
Hala ere, bere lana ez da «hutsune bat betetzera» mugatzen, Turrillasen helburua «ikuspegi transbertsal bat txertatzea» da, Nafarroako langile mugimenduaren analisia aberasteko. Emakumeen presentzia gehitzea baino, galderak zabaltzea eta ikuspegia askotarikoagoa egitea du xede.
Frankismo berantiarrean eta trantsizioan zentratu du ikerketa. Garai hartan sortzen baita langile mugimendua Nafarroan, «50eko hamarkada arte hemengo ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen, lehenengo sektorean», argitu du. Garai horretan ere emakumeen egoeran aldaketak gertatu ziren: «1938ko Lanaren Foruaren arabera emakumeek ezin zuten etxetik kanpo lan egin, 1961ean legea aldatu eta gutxinaka-gutxinaka hasi ziren eremu publikoan lanean, nahiz eta behin ezkonduta postua utzi eta etxera itzultzen ziren gehienak», azaldu du historialariak. «Industria eremu oso maskulinizatua zen, eta, emakumeek lan egiten baldin bazuten, idazkari lanetan aritzen ziren», gehitu du.
Hala ere, emakumez nagusiki osatutako Nafarroako enpresa eta sektore garrantzitsuak aipatu nahi izan ditu: «Ehungintzan, Iruñean bazegoen fabrika oso garrantzitsu bat, Ifransa; Tafalla aldean zapatagintzan egiten zuten lan eta Erriberan, batez ere, kontserbatan».
Hau horrela, bai lan munduan bai langile mugimenduari dagokionez, datuek diote emakume gutxi egon zirela, baina Turrillasek ongi azaltzen duenez «zenbakiek eta iturri idatzi horiek eremu publikoan gertatzen zena soilik jasotzen zuten» eta emakume askoren lana eta militantzia urteetan ezikusia izan da. «Auzia ez da emakume gutxi egon izana, baizik eta ez dugula beste toki batzuetan begiratu», argitu du.
MILITANTZIA ASKOTARIKOA
Emakumeen militantzia ezberdina izan zen eta horren balioa azpimarratu du bere ikerketarekin, nahiz eta manifestazio zein piketeetan ere egon ziren. «Frankismo garaian gizartean betetzen zuten toki horretatik» ekintza asko eta oso beharrezkoak egiten zituzten, adibidez, «elikagai bilketak, diru bilketak, jendea ezkutatzea etxeetan…», argitu du Turrillasek. «Azken batean, gizonek greba egiten ahal zuten norbait mantentzen ari zelako etxeko ekonomia eta etxeko zaintza», gehitu du. Horren adibidea da Salvat enpresako langileen grebaren harira hainbat emakumek -gehienak etxekoandreak- antolatutako mobilizazioa Lizarran. “¡Abajo precios, arriba salarios! No a los despidos, solidaridad Salvat” aldarripean bostehun emakume inguru atera ziren kalera.
Halaber, kontuan hartu behar da -Turrillasek hala esanda- garai horretan gizartean matxismoa eguneroko ogia zela: «Langile mugimenduaren barneko arduretara iristeko aukerarik bazeukaten. Elkarrizketatu izan dudan emakumeetako bat, adibidez, bere fabrikako CCOOko arduraduna izan zen; baina berak kontatu izan didanez, askotan, gizonezkoek ez zituzten ongi hartzen bere erabaki eta aginduak».
Are, historialariak azaldu digu emakumeengan eragina zuten lan gatazkak «garrantzi gutxikoak» zirela sindikatuetan, eta, askotan, asanbladetatik kanpo landu behar izan zituztela. Adibide bat jarri du hori azaltzeko: «Kide bat haurdun geratu zen, 20 urte zituen, bere senarra soldaduska egiten zebilen eta fabrikako zuzendaritzatik lana uzteko esan zioten. Hala, fabrikako emakumeek bat egin zuten kaleratzea eteteko, baina gai hori sindikatutik kanpo jorratu zuten, gainontzeko kideen laguntza gabe». Emakumeen militantzia zeharkatzen zuen faktoreetako bat amatasunarena zela aipatu du.
Trantsizioarekin egoerak ez zuen errotiko aldaketarik izan. «Alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatzean, antolakuntza maskulinizatu eta burokratizatu egin zen eta berriro emakumezkoen eskubideak bigarren plano batean geratu ziren. Ilegalizazio garaietan antolaketa horizontalagoa, berdinzaleagoa zen», mahaigaineratu du Turrillasek. Hori dela eta, emakumeek etsipena sentitu eta beraien arteko antolakuntzaren garrantziaz jabetu ziren.
Dena den, historialariak argitu du garai horretan ez zutela feminismoaz hitz egiten, «oso gaizki ikusia zegoen, horiek ‘lau ero eta lau mari-mutilen kontuak’ baitziren». Beste adibide bat eman digu garaia eta egoerak azaltzeko; kasu honetan, dibortzio prozesu bat aurrera eramateko emakume talde batek beraien artean sortutako aliantza oinarri hartuta. Emakume haiek urteak behar izan zituzten ekintza feminista gisa identifikatzeko gauzatu zuten ekintza hura. «Emakume haiek egunerokoan bizitzen zituzten egoerak zirela-eta lantzen hasi ziren feminismoa, horretan zeudela kontziente ez baziren ere».
GENERO ROLAK
Orainaz ere hitz egin du historialariak, eta «lege mailan eta politika publikoetan zaintza lanen inguruan aurrerapausoak eman direla ukaezina» bada ere, praktikara eramatean desoreka nabarmenak mantentzen direla azpimarratu du. Izan ere, formalki pertsona orok zaintzarako eskubide eta baliabide gehiago dituen arren, «egunerokoan oraindik ere emakumeak dira gehienetan baimenak hartzen dituztenak edo lanaldia murrizten dutenak». Horrek erakusten du genero rol tradizionalek indarrean jarraitzen dutela.
Horrez gain, Turrillasek azaldu duenez, zaintza lanen feminizazio historikoari beste dimentsio bat gehitu zaio gaur egun: emakume etorkinena. Bere hitzetan, «argi dago zaintza lanen esternalizazio prozesu bat ere badagoela».
Azkenik, zaintza lanek aitortza sozial eta ekonomiko handiagoa behar dutela argi utzi du historialariak, askotan «zerbait berezkoa balitz bezala ikusarazten direlako emakumeen kasuan». Lan horiek funtsezkoak dira gizartearen eguneroko funtzionamendurako, eta «horri esker eusten zaio, besteak beste, lan jarduerari zein mobilizazio sozialei ere», adierazi digu.
HISTORIA BERROSATZEA
Gizartearen sektore oso baten gaineko erreferentziarik ez dagoenean, historiaren zati hori berreskuratzea ez da lan erraza izaten. Iturri idatzietan emakume askoren arrastorik ageri ez denean alegia, ahozko testigantzek hartzen dute protagonismoa. Elkarrizketak bihurtzen dira ikerketen oinarri. Horiek gainera, Turrillasek azaldu duenez, «funtzio bikoitza» betetzen dute; ikerketarako ez ezik, emakumeentzat ere garrantzia dutelako. «Hasiera batean beti emakume horiek esaten dute: ‘Hobeto elkarrizketa nire senarrari egiten badiozu’. Kostatu egiten zaie beren bizipenek balioa dutela onartzea; baina, hala ere, elkarrizketa amaitzean eskerrak ematen dizkizute, hitz egin ondoren konturatzen direlako beraiek ere ekarpena egin zutela».
Beraz, halako espazioek badute balio berezia. Gai hauei buruz hitz egitea bera memoria aktibatzeko modu bat da. Ordura arte inoiz kontatu ez dituzten bizipenak partekatzeko bidea zabaltzen zaie. Horregatik, «irakurleren batek bere testigantza eman nahi badu edo elkarrizketa bat egiteko prest badago, ateak zabalik daude», dio Turrillasek, memoria kolektiboa elkarrekin eraikitzen baita.




Deja un comentario