Hungariako hauteskundeek Europako eskuin muturraren usteldura azaleratu dute. Zer dator orain?
Gaizka Yuste Piá / ARGIA
2026ko apirilaren 12a data ahantzi ezina izanen da europar politiken mailan ikasi eta lan egiten dugunontzat. Hamasei urtez boterean egon den eskuin muturreko alderdiak, Fidesz-ek, hauteskundeak galdu ditu. Viktor Orban lehen ministroak gidatu du 1998tik, lehen aldiz gobernua osatu zuenean. Orduz geroztik, alderdiak eskuinerantz jo du. Bigarren aldiz hautatu zutenean, 2010ean, kristau nazionalista bezala aldarrikatzen zuten, hala nola Europar Batasunaren aurkakotasun gordina eta sozialki kontserbadoreak zirela adierazita. 2014ean, hirugarren aldiz lehen ministro bezala hautetsia izan zenean, bere programaren puntu nagusia Hungaria “Estatu iliberal” batean bihurtzea zela babestu zuen: “Sistema ez liberalek, eta agian ez demokraziek ere, arrakasta izan dezakete beren nazioetan. Haien artean Errusia, Turkia…”.
Azken zortzi urteetan, Orbanek eskuin muturreko neurriak ezarri ditu, bai Hungarian bai Europan. Boterea eskuratu zuenetik, bertako herritarrek haien instituzio demokratikoen atzerapen nabaria jasan dute: unibertsitateak itxi, botere judiziala bereganatu edo hedabideetan bere jarraitzaileak sartu. 2011n, lehen ministro bezala urte bat egon ostean, herrialdeko konstituzioa osorik aldatu zuen, eta harrezkeroztik hamar aldiz aldatu du, haien aurka bultzatutako erreferendumak baliogabetzeko edo LGTBQ+ komunitatearen aldarrikapenak legetik kanporatzeko. Kanpo aferatan, aldi berean, eskuin muturreko gobernuak hainbat eztabaida eragin ditu, hala nola Errusian Putinen gobernuak eragindako errepresioak edo Trumpen erabaki gehienak, errefuxiatuen aurkako ICE bulegoa edo Iraneko guda bezala.
Hala ere, Hungariako estatuan bildu duen botere guztia izan arren, eta nahiz eta bere aliatu politikoek esperientzia zabala duten hauteskundeen emaitzak haien interesekiko eraldatzen, behingoz hamasei urteetan, Viktor Orbani gobernua uzteko agindu dio herriak. Peter Magyar bere alderdi beretik datorren politikaria da, eta beraz, kontserbadorea, kristaua eta nazionalista ere, baina, Orbanek ez bezala, demokraziaren alde egiten du. Fidesz alderdiko ustelkeriak ikusi ostean, alderdia utzi eta Tisza mugimendura joan zen eta oposizioko buru bihurtu. Hasieran, bertze aurkari guztiek bezala galduko zuela uste bagenuen ere, estatu autokratikoaren tranpak saihesten jakin du. 2024ko ekainean, berriz, Europar Batasunerako hauteskundeetan bigarren alderdi bezala gelditu zen, bozken ia %30arekin.
Garaipen nabaria eskuratu bazuen ere, oraindik arrisku handiago batean sartu zen, Viktor Orbanek gobernuko tresneri guztia bere aurka mugiarazi zuelako. Zailtasun hauek eraso legal bezala egin ziren, hala nola epaiketa faltsuen saiakerak eta oztopo instituzionalak, bozka eredua aldatuta gobernuko alderdiari mesede eginda. Eragozpen guztiak izan arren, Peter Magyarrek biztanleriaren arreta mugiaraztea lortu zuen, eta gobernuaren salaketa faltsu eta iruzurrak alde batera utzirik, benetan garrantzitsuak diren arloetan sakondu du, hala nola gobernuaren ustelkeria eta demokraziaren hondamendian. Ondorioz, hasieran nioen bezala, 2026ko apirilaren 12an hungariarrak inoiz ez bezalako kopuruetan bozkatzera joan ziren, %80ko parte-hartzearekin. Egun berean, argi gelditu zen Magyarren alderdiak ezberdintasun handiarekin garaitu zuela, 138 eserlekuekin parlamentuan, Fideszen 55 eserlekuen gainetik.
Testu honen helburua ez da, dena den, Hungariako gobernu berriaren politikak aurreikusten saiatzea, hori denborak bertzerik ez baitigu ikusten utziko. Aunitzez gertaera garrantzitsuago batean jarri nahi dut arreta: eskuin muturraren egoeran. Badira urteak hedabideak eta politikariak eskuin muturreko alderdien gorakadari buruz ohartarazten ari direla, eta mugimendu hauek geldiezinak ziruditen duela gutxi arte. Azken hilabeteetan, ordea, alderantziz, eskuin muturrak traba nabariei aurre egin behar diela dirudi. Hungariako hauteskundeak gertakizun bakarra izango balira, eskuinarentzat momentu txar baten aurrean gaudela erran genezake, baina hori nazionalista, kristau eta kontserbadoreen arazo bat bertzerik ez da. Eskuin muturrak gizartean eragin gero eta sakonagoa izan du, baina gaur egungo dinamiken arabera, agian eskuin muturreko “urrezko aroa” tontorrera iritsi da, eta orain beheranzko bidea bertzerik ez zaio gelditzen.
Hitz horiek sobera baikorrak diruditen arren, bi dira proposamen hau sustatzen duten arrazoiak. Alde batetik, erran bezala, Orbanen autokrazia iliberalaren porrota ez da Europako eskuinak eraman duen bakarra. Bai, aitzitik, Italian, bai eta Frantzia eta Espainiako Estatuetan ere, alderdi kontserbadore eta nazionalistenak egoera berdintsuan daude. Errate baterako, 2026ko martxoan Italiako eskuin muturreko Giorgia Meloni lehen ministroaren gobernuak sekulako kolpea pairatu zuen, erreferendum larriki garrantzitsu bat “galdu” ostean. Gobernuaren helburua botere judizialean aldaketa sakonak eragitea zen, konstituzioa eraldatuz hainbat epaile politikoki ezartzeko aukera emanez. Bere alderditik ere ezezko zabala jaso zuen proposamenak. Horrek Italiako eskuin barreneko pitzadurak eta ezberdintasunak erakutsi zituen, hala nola nekea, bere hitza betetzen ez duen gobernu batekiko.
Bertze eskualde batzuetan ere eskuina neke eta atzerakada seinaleak adierazten ari da. Adibidez, Frantziako Estatuko herri mailako hauteskundeetan, aurtengo martxoan ere, eskuin muturreko Bilgune Nazionala alderdiak ez zuen bazituenetako helbururik bete. Are gehiago, Marseilla, Toulon edo Nîmes hirien alkatetza eskuratzeko asmoa zuten arren, haien emaitzak bigarren mailako hirietara eta herrietara bertzerik ez ziren mugatu. Aldi berean, “Hungaria efektua” dela eta, Espainiako Estatuan Vox alderdi ultranazionalista eta kontserbadoreak barne zailtasunak eta bozkatzaileen aldentzea eragiten du, milaka bozka galtzeko aurreikuspenekin. Hori ez da, edonola ere, alderdi ultraeskuindarrak jasan duen kolperik mingarriena, baizik eta zauririk handiena ekonomikoki jaso du. 2023an, Voxek 9,2 milioi euro jaso zituen Viktor Orbanekin harremanak zituen banku kontu batetik. Hungariako Gobernuaren aldaketa dela eta, zailagoa dirudi eskuin muturreko alderdiak kanpoko autokrazia iliberaletatik ustelkerian bitartez lortutako dirua jasotzen jarraitzea.
Europako eskuin muturreko alderdien atzerakaden kasuak ez dira eskuinaren hondamendi orokorraren argudio bakarra. Gertakizun horiek, are gehiago, arazo are larriago baten ondorio bat dirudite. Arazo hau eskuin populistaren ideologiaren funsgabetasuna da, eta egunero argiago agertzen da, bai haien hitzaldietan, bai haien ekintzetan. Astiro, gardenago ikusi dezakegu eskuineko alderdien mezuak gertakizunen arabera aldatzen direla, inolako jarraipenik gabe. Horrela, 2025ean Trumpen garaipena ospatzen zuten alderdiek, bera eta bere proposamenak eredugarri gisa goraipatuta, orain zailtasun handiak dituzte lerrokatze hau mantentzeko. 2025eko apirilean ezarritako muga-zergak eta Iranen aurkako guda dela eta, hainbat lehen ministrok, hala nola Giorgia Melonik, haien narratiba aldatzeko beharra izan dute, bozkarik ez galtzearren.
Eskuinaren fidagarritasunari eusteko arriskuak ez dira AEBetatik bakarrik heldu, baizik eta hainbat dira haien mezuak zentzua galtzen ari diren arloak. Alde batetik, Israelgo Estatuak eragindako genozidioren ondorioz, eskuin muturreko alderdiak ezeztapen itsuan itxi dira, edo, zuzenean, genozidioa arrazoitu dute. Egoera hori bereziki larritu da Iranen aurkako guda dela eta, Israelgo Estatua apirilaren 7ko su etena xehatu zuen oldartzaile bakarra izan baitzen, Libanon aurkako erasoa jarraituta. Bertze eskuin muturreko alderdi aunitz ere ospe-galtze sakona jasaten ari dira, bertzeak bertze, Moldavia edo Ukrainan. Hungaria edo Serbiak hauspotutako alderdi autokratikoak, hainbat prozesu demokratikoren aurka jotzen zutenak, orain eustazpirik gabe gelditzen ari dira. Egunero argiago geratzen ari da demokraziarik gabeko herrialdeak bertze potentzia handiagoen menpera erortzen direla, gero eta autokratiko eta ustelagoak bilakatuta.
Alderdi demokratikoaren garaipenak Hungarian, honezkero, Europako eskuin muturraren arazo sakon eta zabalduagoak azaleratu ditu. Gaur egun oraindik indar arriskutsua den arren, eskuin muturraren eragina ikusi dugu estatu mailan, Hungarian prozesu autokratiko eta iliberalean. Hala ere, herritarrak, baturik, gobernua aldatzea lortu dute, eskuinak hainbat oztopo ezarri arren. Egia, beraz, laster egiten da garden: nazionalismoak, isolamenduak eta kontserbadoreek babestutako autokraziek haien biztanleriak zigortu bertzerik ez dute egiten. Antzinean gorakada garbian zeuden alderdiak, orain haien gezur eta lagun zalantzagarrien balioa ordaintzen ari dira. Zoriontsu eta baikorrak izateko arrazoiak baditugu, Viktor Orban eta bere eskuin muturra erorita, eskuin muturrak talka gogor bat jasotzen baitu.




Deja un comentario