Xabier Letona Biteri / ARGIA

2026. urtean Espainian ez da albiste Felipe González PSOEko buruzagi ohi eta Espainiako Gobernuko lehendakariak GALekin lotura izan zuela esatea. Askotan esan da bera zela GALeko X ospetsua, hau da, GALen sortzaile. Gonzálezek inoiz ez du publikoki aitortu bera izan zenik, baina gertu egon da gisa horretako onarpenetatik, esate baterako 2010ean El Pais-en egindako elkarrizketan: “Erabaki behar izan nuen ETAko zuzendaritza lehertaraziko ote nuen. Ezetz erabaki nuen. Ez dakit ongi egin nuen”.

ETAko zuzendaritza Ipar Euskal Herrian edo Frantziako Estatuko nonbait zegoen eta, beraz, Espainiako Gobernuak ezin zuen horrelakorik erabaki legezko bideetatik; legez kanpoko tresnekin izan behar, beraz; hots, argiago esanda, garai haietan ETAren aurka legez kontra aritzen zen GAL taldearekin. Lehenago Triple A, BVE edo ATE izeneko talde parapolizialek egin zuten moduan.

Orain, haren oso gertukoa izan den Cebrianek utzi du baieztapen larria mahai-gainean. Felipe Gonzálezekin izan zuen harremanari buruz ari da elkarrizketan eta argi ikusten da zein harreman estua izan zuten. Alabaina, González 1982an Espainiako Gobernura iritsi ondoren, bi urtez ez zuela harekin hitz egin esaten du Cebriének, GAL eta NATOri buruz EL Pais-ek erakutsitako jarrera zela eta. Orduan galdetzen dio kazetariak: “GAL jorratu izana [El Pais-ek] zergatik izan zen arazoa? Haren existentzia salatu genuelako [dio Cebriánek]. GAL ez zuen Felipek sortu, lehendik antolatuta zegoen. Hori bai, Felipek apur bat hobeto antolatu zuen (barreak)”.

Inongo epailek ez du oraindik auzipetu edo deklaratzera deitu González, baina bere kargupekoak bai. José Barrionuevo Barne ministroa eta Rafael Vera Estatu idazkariak hamar urteko espetxe zigorra jaso zuten Espainiako Auzitegi Gorenean, Segundo Marey Ipar Euskal Herriko herritarraren GALen bahiketa antolatzeagatik. Hiru hilabete besterik ez zuten egin espetxean, Moncloara iritsi berri zen PPko José María Aznarrek indultatu egin zituen eta.

Barrionuevok eta Verak, biek ala biek, hainbat elkarrizketetan gordin adierazi izan dute ongi zegoela egindakoa eta, azkenean, GALen bidez lortu zutela Frantziak euskal errefuxiatuen aurka gogor egitea. 2022ko elkarrizketa batean Barrionuevok aitortu zuen berak eman zuela ETApm-ko kide José María Larretxea bahitzeko agindua, “atxilotu eta Espainiara ekartzeko”, bera jotzen zutelako Alberto Martín Barrios kapitainaren bahiketaren operazio arduraduna.

Cebriánen aste honetako adierazpen horiek, alabaina, ez dute ia oihartzunik izan Espainiako hedabideetan. Hori bera ere aski esanguratsua da Espainian GALi ematen dioten garrantziaz, edo garrantzi ezaz. Aski esanguratsua da ere GALen sortzaile eta antolatzaileek Espainian duten zigorgabetasun maila. Salbuespenetakoa izan da Diario Red, Espainiako webgune ezkertiarra, zeinak bere tituluetara eraman duen gaia.

NATOko erreferendumaren galdera

GALeko kontuez gain, elkarrizketaren beste pasarte interesgarri bat azpimarratu dute Diario Red-en: 1986an egin zen NATOko erreferendumaren galdera Felipe Gonzálezek, Javier Praderak eta Cebrianek berak sortu zuten Moncloan egindako bilera batean, galdera arras nahasgarria herritarrarentzat. Honakoa izan zen galdera:

“Espainiako interes nazionalak direla eta, Gobernuak egoki ikusten du Espainia Aliantza Atlantikoan mantentzea, eta parte-hartze hori modu honetara zehaztea adostu du:

1. Espainiaren parte-hartzeak Aliantza Atlantikoan ez du ekarriko bere egitura militar integratuan sartzea.

2. Espainiako lurraldean arma nuklearrak jartzea, biltegiratzea edo sartzeko debekua mantenduko da.

3. Espainiako AEBetako presentzia militarra apurka eta progresiboki gutxituko da.

Egokia ikusten duzu Aliantza Atlantikoan jarraitzea Nazioaren Gobernuak adostutako molde horretan?”.

Galdera zabal eta nahasi horrek oso polemika handia piztu zuen bere garaian Espainiako Estatuan. Espainian baiezkoa erantzun zioten, Hego Euskal Herrian ezezkoak irabazi zuen. 

Deja un comentario

Tendencias