Iria Epalza Markoartu / BERRIA

Gaztetan Piperrak taldearen «Gora Sartaguda, gora gora Sartaguda. Siempre extrema y dura, siempre radical» abesten genuenok, ez genuen uste 34 urteren ostean lelo hori berriro etorriko zitzaigunik burura albisteak entzutean… eta bai, Extrema y Dura izan da Extremadurako Gobernu akordioa. Erradikalak, hartu dituzten neurriak, baina erradikalki xenofoboak.

2026ko irailetik aurrera, ez dute arabiar klaserik emango eskoletan. Atzerritik etorritako adin txikikoentzako zentro berririk ez dute eraikiko, eta jada daudenetako plazak murriztuko dituzte. Espainiari legez onartzea dagozkion migratuen zerrendari uko egingo diote. Migrazioa sustatzen duten GKEei diru-laguntzak etengo dizkiete. Sindikatuen diru-laguntzak erdira jaitsiko dituzte. Garapenerako lankidetzarako funtsa gutxienekora uzkurtuko dute. Europak ezartzen duen agenda berdeari planto egingo diote. Zerrendak infernua ere leku atseginagoa bilakatzen du. Extrema y Dura… benetan be!

Eta agian erradikalena zera da –Trumpismo galanta, bestalde–: milioi bat pasatxo biztanle dituen Extremadurak (1.055.197 urte hasieran) nazionaltasuna lehenetsiko duela hemendik aurrera. Horrela adostu ei dute gobernukide izango diren bi ultraeskuineko alderdiek. Arazoak arazo, arreta instituzionala lehenbizi nazional direnei eskainiko diete, eta gero sobran bada, besteei.

Zer zentzu dauka lehentasun nazionala delako horrek mugan bizi den lurralde batentzat? Ez ahaztu Badajoz hiriak berak Portugalekin muga egiten duela. Baina ai, mugaz bestaldekoentzat ezer, eta 850 kilometrotara dagoen Zaragozako anaiari lehentasun nazionala emango diogu, oso-osorik! Muga naturala egiten duen Guadiana ibaia ere lotsatuta ezkutatu egiten da.

Eta nortzuk dira ba besteak? Estatistiken arabera, egun Extremaduran bizi diren %4,1 besterik ez –43.263 lagun; Espainiako Estatuko kanpotar tasa baxuena duen erkidegoa– gehienak Maroko eta Venezuelatik joanak, nekazaritza sektorean lan egitera. 43.000 lagun, Extremaduran bizi, hezi eta lan egiten dutenak, bertako demografia arazo latzari konponbidea ekarri diotenak, bertako lurrak landu eta lurra zaintzen dutenak, bertako bizitza aurrera ateratzen laguntzen duten lagunak, bertakotzat onartzen ez dituztenak.

Badirudi Extremadurak sekulako immigrazio arazoa duela gainean, baina Extremadura zerbait bada, extrema eta dura izateaz gain, emigrazio herria ere bada. Amerikak konkistatu zituzten Francisco Pizarro eta Hernan Cortesetik hasita (azken hau bertako batekin enamoratua!) egun Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun hamazazpi Extremadurako Elkarteetako 75.000 kideetaraino. Espainian barreiatuta, 750.000 dira. Eta askoz gehiago Frantzia, Alemania eta Suitzara bizitza hobearen bila joandakoak. 1960tik 1975era, gobernukide diren bi alderdiek goresten duten frankismo garaiko desarrollismo betean (edo guda zibileko galtzaileek pairatu zuten errepresio ankerrenean), biztanleriaren %40k alde egin zuen bertatik. Eta bertakoak, gutxi, bakartuak daude, eta zahartzen doaz. Bertakotu direnei esker ostera, lurra lantzen jarraitzen dute, piramidea gaztetu egin da, eta demografia arazoa lausotu.

Ederra litzateke bestekotuak izan ez ziren 75.000 euskal extremeño horiek udako oporrak probestu eta Extremadurara bidaia egitea. Ahaideak agurtu, arbasoen lurra sentitu, eta batez ere gobernukideekin hizketaldi luzea edukitzeko. Argi adierazteko nekez uzten duela sorterria sustraiak han dituenak, baina nekez ereindako lur berriek ematen dutela lorea ere, egoki ureztatuak badira. Eta horrela, bertakoentzako egindako gobernu berri honek fruituak jaso nahiko balitu, ito baino, sustrai berriak ondo eutsi eta elikatu beharko lituzkeela; hori bai delako errotzea, hori bai delako erradikala izatea.

Deja un comentario

Tendencias