Alex Romaguera kazetariak (Bartzelona, 1970) duela lau urte idatzi zuen katalanez Víctimes en so de pau (Biktimak bake bidean). Txalaparta argitaletxeak, orduan, iradoki zion terrorismoaren biktimen elkarteen gainean –AVT eta abar– liburu berria idaztea. Horren emaitzaz da Víctimas SA / Ruben Sanchez Baraikoa – ARGIA
Hizketagai hau mingarria da, kontuz hitz egitekoa.
2022ko hala da, biktima kontzeptua bera tentuz jorratzekoa da. Batzuen ustez, badirudi zerbait orbangabea dela. Biktima batzuek onartzen dute beren historia kontatzeaz harago, euren ikuspegi politikoak ez duela zertan balio handiagoa eduki. Pertsona batzuk borrokatu dira biktima estatusa onar diezaieten, hain zuzen ere biktima izateari utzi, eta nolabait, biziraule izatera pasatzeko, hala nola, 78ko Sanferminetakoak, Martxoak 3koak, Pili Zabala, Asier Gonzalez… Hainbat eta hainbat. Memoriaren parte hori ez dadin galdu egiten dute borroka, baina ez bestearen kontra. Enpatia erakusten dute, erresilienteak dira eta gizarteari zerbait positiboa ematen saiatzen dira. Eskuin muturrak “kudeatu” dituen biktimak, berriz, oldarraldi erreakzionarioaren ariete dira.
Aitortzan ere desoreka handia dago.
Berez, giza eskubideen aldetik urratze berdina pairatu izanak aitortza eta erreparazio berak ekarri beharko lituzke. Baina, horrez gain, esan behar da mina ezin dela politika egiteko erabili. Biktima ezin da, besteak beste, mendekutik eta gorrototik elikatu, eta mina ez da egokia berau eragin duen gatazka gainditzeko, ez daitezen min gehiago sortu. 2019an prentsara bidalitako gutun baten bidez, “ETA edota antzeko taldeen terrorismoaren 45 biktimak eta senidek” adierazi zuten giza- eta politika-akats larria zela eskuin muturreko taldeen edota Poliziaren gehiegikeriak pairatutako biktimak ez aitortzea.
Dena hasi zen 1981ean, Hermandad de Víctimas del Terrorismo taldearen sorrerarekin.
Hiru emakume izan ziren sortzaileak: ETAk hildako Arabako miñoien buru Jesús Velasco Zuazolaren alargun eta Alianza Popularreko kide Ana Maria Vidal-Abarca; Zaragozako Corona de Aragón hoteleko sutean hildako Alfonso Queipo de Llano teniente-koronelaren alargun Sonsoles Álvarez de Toledo eta ETAk mehatxatu ondoren Euskal Herritik alde egin zuen Isabel O’Shea. Hasieran Hermandad (ermandade) izendatu zuten, ondoren Asociación (elkarte).
Nolako jitea zuen?
Hasieratik memoriaren gaineko alde bakarreko ikuspegia ezarri zuten, eta lobby moduan funtzionatu. Espainiako Gotzainen Biltzarraren (CEE gaztelaniazko siglekin) babesa bilatu eta lortu zuten, esaterako, euskal gotzainak gaitzesteko, 1987an presoak “preso politikotzat” jo eta “gatazkan zeuden aldeei, liskarra edo bortizkeria bertan behera uzteko” eskatu zietelarik. Bestalde, ABC egunkariaren bidez 500 miloi pezeta –3 miloi euro– lortu zituzten donazio pribatuen bidez, eta gobernuan zegoen PSOEren kontrako kritikak plazaratu zituzten AVT baliatuta, diru gutxi ematen zietela-eta.
2000. hamarkadan gero eta botere handiagoa lortu zuten.
Aurretik, 1999an, AVTk esku-hartze zuzena izan zuen terrorismoaren biktimekiko elkartasunerako legean, gobernuan zegoen PPrekin hainbat bilera egin ostean. Lege horrek errelato jakin bat ezarri zuen: terrorismoaren biktimak dira ETA, GRAPO, Terra Lliure eta abarrenak, ez ordea, Poliziarenak-eta. Biktima horiek biktimario ere badirela da aitzakia. Beraz, baten batek halako aitortza bat lortu duenean, ondoriozko erreparazioa ukatu zaio: laguntza psikologikoa, ekonomikoa, eta abar.
Eta Rebelión Cívica etorri zen.
2003-2004ra arte AVTko buruak espainolistak eta katolikoak ziren baina nolabaiteko ekidistantzia mantentzen zuten PSOE eta PPrekin. Baina AVTn Portero anaiak sartu zirenean, politikagintza areagotu zuten. EAEko hauteskundeetan PP-PSOE-UA bozkatzeko eskatu zuten, AVTren beraren estatutuen kontra. M11-ko atentatuaren ondoren, Alcaraz sartu zenean, konspirazioaren teoriarekin bat egin, eta Rebelion Cívica abiarazi zuten COPE, El Mundo, La Razón eta abarrekin. Hamalau mobilizazio egin zituzten PSOEren gobernuaren kontra. Eta “terrorismo”-aren gaiaz harago joan ziren: abortua, homosexualen arteko ezkontza, abertzaletasuna, eta, geroago, Mozal Legea, memoria historikoa, Kataluniako prozesua…
Fronte judiziala ere jorratu duzu liburuan.
Finantzazioa handitu ahala, AVTren abokatuek legegintzan ekarpenak egiteaz gain, jazarri dute hainbat musika talde, antzerkigile, aktore, pailazo, titiritero, zinemagile eta pertsona preso, besteren artean. Ekitaldiak bertan behera uztea bilatu dute, baita maiz lortu ere.
Eta Elizarekiko loturak ere jarraitu zuen.
CEE-ren eskutik joan dira, eta eskuin muturraren aterki morala osatu. CEEk Ibarretxe lehendakariaren planaz adierazi zuen «bizitzaren gaineko zentzu kristauaz kanpo” zegoela, eta AVT babestu zuten PSOEren eta ETAren arteko elkarrizketen kontrako manifestazioetan «Por ellos, por todos, ¡En mi nombre no!» (Eurengatik, denongatik… Nire izenean ez!) zioten. Cañizares kardinala ‒oraindik ere Francoren aldeko mezak egiten ditu‒, figura gakoa izan zen. Alcaraz AVTko presidentea zela, Hego Euskal Herriko hainbat elizatan egon zen. Eta, jakina, COPE katearen erabilera ere hor dago.
Bestalde, Madrilen, Opuseko San Pablo CEU unibertsitatean Terrorismoaren Behatokia dago, PPko buruzagi ohi ‒eta VOXeko sorreran paper garrantzitsua eduki zuen‒ María San Gil buru.
Eskuin muturraren azken urteetako oldarraldian, gaiak nahastu dituzte: eskuina bizitzaren alde dago; ezkerra ‒terrorismoagatik eta abortuagatik‒ heriotzaren alde, eta terrorismoaren biktimek euren bizitzarekin defenditu zuten Espainiaren batasuna. Islamofobia ere hauspotu dute, esaterako, Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuetako biktimak ez dituzte babestu edo lagundu, baina epaiketan salaketa partikular gisa agertu ziren eta diskurtso islamofoboa erabili. M11 ETArekin nahastu nahian, azken unera arte eskatu zuten ikerketa bertan behera ez uzteko.
Biktimak babesteko edo laguntzeko zein jarduera egiten dituzte?
Laguntza psikologikoa eman, bilerak… Eta bestelako ekintza sozialak ere bai: lasterketak antolatu ohi dituzte, baita mindfulness ikastaroak, museoetara eta parke tematikoetara bisitak, Espainiako banderari omenaldiak…
Bestalde, kontakizunaren guduan adar bat dute. Bateko, kale-izendegian Callejero de la memoria itinerario de la libertad (Memoriaren kale-izendegia, askatasunaren ibilbidea) delakoaren bidez: memoria plakak jarri ohi dituzte hainbat hiritan, ETA, GRAPO edo jihadisten biktimekin. Ez, ordea, Madrilgo Atochan hil zituzten abokatu laboralistekin, esaterako. Eskoletan ere “Kontzientziaziorako koadernoak” ematen dituzte DBH eta Batxilerrerako. Alde bakarreko kontakizuna da beti ere.
Eta Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroa.
Bai, zentro hori da beren memoria baztertzailearen oinarri eta zutabeetako bat. Gasteizen dago zentroa eta martxoaren 3ko sarraski hura guztiz zokoraturik agertzen da. Biktimak mailakaturik ageri dira, eta asko ukaturik. Ez da memoria osoa, memoria partziala da.
Liburuan jorratzen duzun beste gai bat da AVTn polizia, militar eta abarren presentzia gero eta nabarmenagoa.
Bai, batetik, AVT gero eta gehiago aritu da elkarlanean Jusapol bezalako polizia-sindikatuekin, eta polizien eta militarren beste hainbat erakunderekin eta sindikaturekin. 2016an Alfonso Sánchez ‒1985eko ETAren atentatu baten biktima izandako guardia zibil ohia‒ aukeratu zuten AVTko presidente. Finean, jarrera ideologikoak batu dituzte. Beren ekitaldietan Legioaren Himno de la muerte (Heriotzaren ereserkia) ere entzunarazi dute.
Politikan ere hainbat ate birakari daude, ezta?
PP eta VOXen karguak hartu dituzten hamabost kasu jaso ditut liburuan. Bestalde, kalean Rebelión Cívica-rekin egin bezala, instituzioetan AVT babesa ematen ari zaie PPri eta VOXi hainbat autonomia erkidegotan memoria historikoaren legea “Ley de Concordia”-rekin ordezkatzeko, adibidez. Errebisionismo historiko kutsu nabarmena du. “Que te vote Txapote” hauteskunde-kanpainarako lelo moduan erabiltzea ere oso egokia zela zioen oharra atera zuten, zenbait biktimak eta PP-VOXeko kargudunek leloa erabiltzea defenditu zuten. COVITEk edo Fernando Buesa Fundazioak aurkakoa egin zuten eta terrorismoa ez banalizatzeko eskatu. Kataluniako erreferendumaren kontrako mobilizazioetan ere parte hartu zuten Sociedad Civil Catalana eta Libres e iguales taldeekin.
Nazioartean ere lobby izatea lortu dute?
AVTk egin ditu topaketak eta partekatu ditu lan-ildoak hainbat herrialdetako elkarteekin: Kolonbian gerrillen biktimekin, Italian Brigada Gorrien biktimekin, Argentinan Montoneroen eta ERP-ren biktimekin ‒elkarte horretako bi kide gaur egun Javier Milei presidentearen aholkulariak dira‒, Ipar Irlandan errepublikazaleek eragindako biktimekin, eta abar. Beti ere, biktimen ikuspegi ez-osoa jorratzen dute.
Baina ikuspegi horrek maiz talka egiten du nazioarteko itun eta hitzarmenekin. 1999az gero, NBEan onarturiko hitzarmenetan, terrorismoaren biktimak alde batekoak soilik ez, Poliziarenak eta beste eragile batzuek eragindakoak ere badirela onartuta dago, eta justizia trantsizionalaren aldeko jarrera hartu izan da. Alde horretatik, NBEk eta nazioarteko hainbat itunek sorturiko jurisprudentziaren kontra egiten du Espainiako Estatuko legediak oraindik ere.
Dirua bidegabe erabiltzearen salaketak ere badira…
Finantzazio publikoa Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren (FVT) bidez banatzen da: %40 Barne Ministerioaren bidez eta gainerakoa beste batzuetatik, Hezkuntza Ministeriotik gehien bat. FVT da biktima elkarte guztien aterkia. Fundazio hori hasieratik bertatik baldintzaturik dago, PPk eta PSOEk adostu zuten Terrorismoaren aurkako eta askatasunen aldeko akordioaren bidez. FVT sortu zenean Adolfo Suarez zen ohorezko presidentea eta gero Ana María García-Abarca. Zenbait kargu gobernuak ezartzen ditu. AVTrekin estuki lotuta dago eta AVT bera da diru gehien jasotzen duen elkartea. Bestalde, finantzazio pribatua ere badago, hainbat enpresaren eta norbanakoren donazioen bidez. AVTn 2005ean aldatu zituzten estatutuak biktimen odolkidetasun maila aldatzeko eta beraz, biktimen kopurua handitu da. Bestalde, biktima batzuek beren izena kendu nahi izan dute edo hilda daude, baina ez dira zerrendatik desagertzen. Zenbat eta biktima gehiago eduki, diru gehiago jasotzen dute. Gainera, badira bestelako elkarte batzuk Amigos de la AVT kasu, finantzazioari segimendua egitea korapilatzen dutenak. Zaila da guztira zenbat diru jasotzen duten jakitea.
Prentsaren bidez ezagutu ditugu izan dituzten desadostasunak eta salaketak, agintekeria edota dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. Kasu batzuetan, AVTtik soilik ez, PPtik ere presioa egin dute, 2006an bezala, Pablo Brosetak bere hautagaitza kendu zezan. Alcaraz presidentea zen sasoian salaketa jaso zuen, eta Lecturas aldizkarian argitaratu zen. Berak zioen soldatarik ez zuela, baina dietetan jasotzen zuen diru asko. Bere kritikoek salatu zuten bere ildo ideologikoagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik.
Baina, modu positiboago batean bukatzeko, badira bestelako pertsonak beren biktimatasunetik gizartearentzat proposamen eraikitzaileak egin dituztenak ere.
Lehenik, esan behar da elkarte batzuk aspaldi atera zirela AVTtik eta Espainiako Terrorismoaren Biktimen Federazioa (FAAVT) osatu zuten. Hainbat erkidego autonomikotako elkarteak daude hor. Bestalde, Asociación 11-M de afectados del terrorismo taldeko Pilar Manjónek ekidistantzia utzi eta orduko AVTko presidente Alcaraz salatu zuen PPren zerbitzura egoteagatik.
Bestalde, badira bi gertakari garrantzitsu. 2014an biktimen arteko topaketa bat egin zen Madrilgo San Carlos Borromeron, eta Rosa Lluc, Pili Zabala, Josean Agirre eta beste hainbat elkartu ziren. AVTk topaketa kriminalizatu zuen. 2015ean Espainiako Kongresuan topaketa berriz egiten saiatu ziren, baina Kongresuko mahaiak debekatu zien. Azkenean, CCOOren Auditorio Marcelino Camachon egin zuten. Topaketan eskatu zuten, besteak beste, Auzitegi Nazionala eta Sekretu Ofizialen Legea bertan behera uztea.
Horrez gain, 2019an 45 biktimak arestian aipatutako gutuna idatzi zuten, Poliziaren eta talde armatu ultraeskuindarren biktimek ere aitortza izan behar zutela zioena. Bestalde, zenbait hiritan AVTk sustatu ez bezalako memoria-guneak egin dituzte: Bartzelonan Poliziaren egoitza; Donostian La Cumbre jauregia; Yolanda Gonzalezen memoria aldarrikapena Madrilgo alkate Manuela Carmena zenean. Baina gehien bat gizartea izan da “beste” memoriaren bultzatzailea, Iruñeko Angel Berrueta edo 78ko Sanferminetakoa edo Gasteizko Martxoak 3koa bezala.
Edonola ere, Espainiako Estatuak Justizia Trantsizionalaren esparruan etxeko lanak egin behar ditu. Frankismoa Argentinatik ari dira epaitzen, ume lapurtuen gaia… Iraganeko karpeta asko ireki behar dira oraindik ere. AVT bera ere 1968tik abiatzen da, aurreko guztia ez zaio axola. Alde horretatik, EAEn 2016an eta Nafarroan 2019an lege bana onartu ziren, Poliziaren eta ultraeskuinaren biktimek aitortza izan dezaten.
Eta zer gerta liteke Espainian PP-Voxen balizko gobernu batekin?
AVTk indartu dezake bere eraso judiziala. Aurrekariak daude: Parot doktrinarekin Rajoy bera ere presionatu zuten, eta exijitu zioten Espainiak Europako organo judizial hori utz zezan. 2012an justiziaren martxak antolatu zituzten, espetxeetako zuzendariak presionatzeko. Ez litzateke harritzekoa izango hori dena berreskuratzea. Beraz, espero izatekoa da disidentzia gogor erasango dutela, oro har. Mendekua eta gorrotoa. Hego Euskal Herriko espetxeetara azken leku-aldatzeak izan zirenean ere sekulako iskanbila sortu zuten. EH Bilduri eskatzen diote argitu gabeko heriotzak argitu ditzan. 2022an kexatu ziren ETA eta FARC AEBen terroristen zerrendatik ezabatu zituztelako…
Nazioarteko egoera eta eskuin muturraren gorakada ez dira aieru onak.




Deja un comentario