June Fernandez / ARGIA
Alfonso Ruiz de Arcautek sexu-abusuak jasan zituen 1980ko hamarkadan Antonio González fraidearen eskutik, Gasteizko Santa María de los Angeles parrokian. Ondoren, Madrilen nobiziatuan sartzeko proba psikologikoak egin behar zizkion fraideak, Jesús Gallegok, gay taberna batera eraman zuen, eta han ukitu eta musukatu egin zuen. Antzeko jokabidea jasan zuen Fernando Vela Valladolideko (Espainia) San Gregorio komunitateko irakaslearen aldetik: gauean garagardoetara gonbidatzen zuen musu eman eta ukitzeko, eta bere ohean ere sartzen zen.
Ruiz de Arcautek 2009an adierazi ahal izan zizkion abusu horiek Miguel Angel Gutiérrez Santa María de los Angeleseko parrokoari. Bere erantzuna: «Utzi txorakeriak esateari». Ordenako nagusiarengana jo zuen orduan sexu-erasoen kontrako protokoloei buruz galdetzeko, baina laguntza ukatu zion. Hala ere, 2010ean Antonio Gonzálezen kontrako salaketa kanonikoa jarri zuen.
Bere salaketa aintzat hartu nahi izan ez zuen Gasteizko elizbarrutiak 2017an uko egin zion Ruiz de Arcaute apaizteari: argudio ofiziala izan zen Ruiz de Arcautek Eliza difamatu zuela, baina bazterkeria horrek zantzu homofoboak zituela gaineratu zuen gure elkarrizketatuak orduan eldiario.es-en. Birbiktimizazio horrek guztiak gasteiztar honen osasun mentala eta, ondorioz, bizi-baldintzak oztopatu ditu sexu erasoek bezainbeste.
2022an, elizbarrutiko biktimei laguntzeko bulegoaren bitartekaritzarekin, domingotarrek laguntza psikologikoaren kostuak bere gain hartzeko konpromisoa hartu zuten, baita aholkularitza soziolaborala eta laguntza espirituala eskaini ere. Konpromiso horiek «ezertan zehaztu ez den idatzi batean» geratu dira, nahiz eta 2025ean ordenak posta elektronikoz aitortu duen Jesús Gallego eta Fernando Vela fraideen biktima ere izan zela.
«Herriko apaiza hemen salatzea zaila bazen, imajinatu zer aukera zegoen elizgizon zuria salatzeko Amazoniaren erdian 1960ko hamarkadan»
Zure Facebookeko kontuan zehaztu dituzu Elizaren barruko salaketa prozesuaren joan-etorriak. Zein bide zibiletara jo duzu?
Elizatik hasi nintzen, delituak salatu nituenerako preskribatuta zeudelako, baina salaketa zibila ere jarri nuen, estatistiketan jasota gera zedin. ANIRekin harremanetan jarri nintzen [Espainiako Elizaren eremuan egindako pederastia delituen biktimen elkarte bat] eta Arartekoaren lanarekin bat egin nuen. Edozein arazo konpontzeko, funtsezkoa da errealitatea ondo aztertzea, eta banekien Elizak ez zuela bere kabuz egingo.
Nola jaso duzu Elizak kalte-ordainak bere gain hartu izanaren albistea?
Balorazioa oso positiboa da, baina ez dut erabat sinesten, hainbeste urte daramatzagu horren alde borrokan eta zerumuga argirik ikusi gabe. Elizarekin bilera izan dudan bakoitzean haserre atera naiz, aztoratuta, deprimituta. Aldiz, Arartekoarekin dugun esperientzia hurbiltasun, ulermen eta fintasun handikoa da. Haren teknikariekin bilera telematikoetatik sekulako bakearekin ateratzen nintzen.
Nola baloratzen duzu sexu-abusuen nazioarteko auzian Vatikanoak agertutako inplikazio maila?
Frantzisko aita santuarekin nabarmen aurreratu zen, gorabeherak egon baziren ere. Eliza bi mila urte dituen erakundea da, eta oso konplexua da edozein aldaketa eragitea. Ez dakit zenbat botere izan dezakeen orain Leónek [León XIV.a aita santua]. Frantziskok hasieran garrantzia kendu zion, baina Txiletik Karadima kasuaren berri eman ziotenean, atzera egin zuen eta lurrikara eragin zuen Vatikanoan [Frantziskok Barros apezpikuaren errugabetasuna defendatu zuen, 1980ko hamarkadan Fernando Karadima apaiz pederastaren estaltzailea izan zena. Karadimaren biktimen kexaren ondoren, barkamena eskatu zuen eta Txileko sexu-abusuei buruzko txosten bat agindu zuen]. Jakin badakigu, une honetan Espainiako Gotzainen Batzarrak Gobernuarekin akordioa onartu badu, Vatikanoaren presioagatik izan dela.

Euskal Herrian salatutako kasu gehienak XX. mendeko 60ko eta 70eko hamarkadakoak dira. Premiazkoa da gaur egun ere prebentzioa sendotzea?
Kasu berriagoak ateratzen ari dira. Egia da frankismoan maizago gertatu zitekeela. Seminariora edo komentura sartzea ogia bermatzeko modu bat zen. Abusuak eragin zituzten pertsona askok ez zuten benetan hor egon nahi. Baina erroa ez da hori, baizik eta erlijiosoen prestakuntza afektibo-sexualaren premia. Elizaren protokoloek jasotzen dituzten neurriak positiboak dira, hala nola apaiz bat haur batekin espazio itxi batean egon ezin izatea edo bulegoek kristalak izatea, baina sexualitatea tabua den bitartean profil psikologiko eta afektibo oso konplexuak sortzen dira. Nik, apaizgai gisa, informatzaile bati esaten badiot jaka bat lapurtu dudala denda batean, itzultzera eta aitortzera behartuko nau. Baina esaten badiot: «Atzo trago bat hartzera joan nintzen, asko gustatu zitzaidan pertsona bat eta elkar musukatu genuen”, kanporatuko nau.
Sexualitateari buruzko tabuari, oro har, homosexualitatearen tabua gehitzen zaio.
Ez ditut homosexualitatearekin lotu nahi 6 urteko haurren aurkako erasoak. Frankismoan, abusuak batez ere gizonezkoek mutilei egiten zizkieten horretarako aukera zutelako, mojek neskatoengana jotzen zuten bezala. Egia da herriko maritxu eta marimutilentzat Elizan sartzea irtenbide bat zela eta, aldi berean, gayek eta lesbianek oraindik ezin dutela gaiaz hitz egin mintegian edo komentuan.
«Elizarekin bilera izan dudan bakoitzean haserre atera naiz. Aldiz, Arartekoarekin dugun esperientzia hurbiltasun, ulermen eta fintasun handikoa da»
Jesús Gallego fraideak Madrilgo gay lokal batera eraman zintuela kontatu duzu, eta bertan pornoa proiektatzen zela. Eszena horrek erakusten du tabuak moral bikoitza eta klandestinitatea indartzen dituela.
Bai. Horixe gertatzen da zure bizitza afektibo-sexualari buruzko gaiak kontrastatu ezin dituzunean. Argi dago fraide bat lekuz kanpo dagoela halako leku batean, baina bakardadeak eta bere desioa kanalizatzeko aukera faltek daramate hara. Askok alkoholiko izaten bukatu dute edota bere buruaz beste egin dute.
Zergatik uste duzu dagoela biktimen artean emakume hain gutxi?
Oraindik datuak falta dira, esango nuke gizonek eta emakumeek abusatutako nesken kasu gehiago ateratzen joango direla. Alde batetik, emakumea estigmatizatuago dago, ‘putaren’ epaia jasoko du errazago. Apaiz batzuek diote haurrak iradoki eta tentaziora bultzatzen zituztela, baina emakumeekin are gehiago gertatzen da, eta ahots gutxiago dute Elizaren barruan. Bestalde, aukera kontua dago: gizonek eraso gehiago egiten dituzte emakumeek baino, eta gehiago sartzen dira gizonezkoen ikastetxe edo mintegietara. Emakume erlijiosoek neskei egindako abusuen kasu gutxi salatu dira, baina dokumentatu direnak beldurgarriak dira, gaiztakeria handikoak; areago, maitasunez eta mesede tratuz mozorrotutako kontzientzia abusuak dira.
Zer dira kontzientzia abusuak?
Psikologiarekin, afektibitatearekin eta sekretismoarekin asko jolasten duten pertsonez ari naiz. Kontzientzia abusu horiek, askotan sexu-abusuei lotuta, oso presente daude erlijio mugimendu berrietan. Batzuk kondenatuak izan dira jada, hala nola Sodalizioa [Frantzisko aita santuak Bizitza Kristauko Sodalizioa desegin zuen 2025eko urtarrilean, 1971n Perun sortutako komunitate erlijioso katolikoa, fundatzailearen eta beste arduradun batzuen aurkako salaketak medio]. Adingabeei eta pertsona heldu zaurgarriei zuzentzen zaizkie (ez bakarrik desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala dutenak), sekta baten moduko jardunbidearekin. Orokortu nahi ez dudan arren, asko kezkatzen nau gai horrek.
Pederastak misioetara bidalita baztertzen zituztela kontuan hartuta, badago zer landu ikuspegi dekolonialetik ere, ezta?
Bai, Elizak sexu-erasoekin duen bekatu handienetako bat da normalean erasotzailea parrokia batetik bestera eramaten zutela; berriro erasotzen bazuen, beste hiri batera eramaten zuten, eta berriz erasoz gero, Amerikara, Asiara edo Afrikara bidaltzen zuten. Orduan, gero eta gutxiago zekiten zer gertatzen zen barruan, eta gehiegikeriazko egoera betikotu egin zitekeen. Herriko apaiza hemen salatzea zaila bazen, imajinatu zer aukera zegoen elizgizon zuria salatzeko Amazoniaren erdian 1960ko hamarkadan.

Facebookeko zure argitalpenean nabarmendu duzu Elizak ospe ona galdu duela neurri handi batean pederasten ospe ona defendatzeagatik.
Elizak oso gaizki komunikatu du beti. Perfektu edo, behintzat, eredugarri agertu nahi du, eta akatsa da. Duela hamar urte, sexu-erasoen gaia publiko egiten hasi zenean, Gotzainen Biltzarrak zera esan izan balu: «Elizan, gizarte osoan bezala, haurtzaroko sexu-erasoen gaitza daukagu. Horretan lan egingo dugu biktimei erreparazioa emateko eta balizko kasu berriak prebenitzeko»… Baina Argüellok [Espainiako Gotzainen Batzarreko presidentea] esan zuen ez zuela ikerketarik hasiko, bi edo hiru sagar ustel zirelako. Ulertzen dut Elizak bere familiakoak diren apaizak zaindu nahi izatea, baina biktimak babestea lehenetsi beharko luke.
Facebooken ere aipatu zenuen apostatatzeko asmoa izan duzula. Zein da orain Elizarekin duzun harremana?
Ni oso pertsona erlijiosoa naiz. Bolada batzuetan oso inplikatuta egon naiz, eta beste batzuetan ez dut Elizarekin ezer jakin nahi izan. Baina pentsatu dut gotzain batzuek ez dutela erabakiko nik fedea izan behar dudan ala ez, Elizan egon behar dudan ala ez. Otoitz egitera joaten naiz nire historia ezagutzen duten eta beti lagundu didaten mojen komentu batera. Katoliko sentitzen naiz, Elizak min handia ematen didan arren. Min handia ematen dit Oviedokoa bezalako artzapezpiku bat astakeriak esaten aritzeak [biktimen elkarteek Jesús Sánz kargutik kentzeko eskatu diote Vatikanoari, joan den urtarrilean ABC egunkarian itunaren kontrako iritzi-artikulu bat argitaratzeagatik]. Oinarrizko komunitate kristauen ahotsen hutsunea ere sumatzen dut, gure alde baitaude, baina ez dira hitz egitera ausartzen.
Zer gertatu da zure erasotzaileekin?
Hiruretatik bat hil egin da, beste batek abusuak onartu ditu baina ez du barkamenik eskatu, eta besteak ukatu egin ditu, argudio ergel batekin: ezin dela egia izan, garai hartan bikotekidea zuelako.
Zer konponketa mota behar duzu?
Funtsezkoa da biktima bakoitzari entzutea eta haren beharrei modu pertsonalizatuan erantzutea. Niretzat oso garrantzitsua da asmatzea eta min egin nahi izatea leporatu didaten erlijiosoen barkamen eskaera pertsonala. Beste biktima batzuek ez dute Elizaren barkamena entzun nahi, bakean uztea baizik. Hainbeste urteren ondoren, erreparazio ekonomikoa eskatzen dut, baina niretzat egokiena lanarena konpontzea litzateke. Hainbat depresio eta suizidio saiakera izan ditut, eta lana aurkitzea zaila den adina dut. Orain ondo nago, baina beldurra ematen dit ezagun baten bidez lan bat lortzeak, berriro depresio batean erortzeak eta lana utzi behar izateak. Gida turistiko eta dendetako lan puntualei esker iraun dut bizirik, familiaren laguntzarekin. Orain, ama hil zaidanean, herentziari heltzen diot, baina ez da suziriak botatzekoa. Elizaren aseguruak kalte-ordainen taula bat egiten du, baina nik uste dut biktimei bizitza duina eman beharko liekeela, haien lan egoeraren eta egoera ekonomikoaren arabera. Pentsio bat behar duen jendea egongo da, eta lan bat behar duen jendea. Jakina, ez da hori egingo dena, eta, beharbada, ez da egingarria izango.
Imajinatzen dut bakardade bikoitza bizi izan duzula: Elizaren barruan eta ingurune aktibistetan.
Jakina. Katolikoa naiz, gaya naiz eta gehiegikariak jasan ditut: egurra eman didate nonahi. Parrokian parte hartzen nuenean ez nuen arazorik izan, denek ezagutzen zuten nire bikotekidea. Baina Elizak, erakunde gisa, ukatu eta isilarazi egiten nau. Biktima gisa zalantzan jartzen naute, interes pertsonalagatik salatzen ari naizela esaten dute, dirua nahi dudalako. LGTBI kolektiboetan galdetu izan didate ea nola jarrai dezakedan Elizari lotuta. Abusuen biktimen kolektiboetako Whatsapp taldeetan ere iruzkin antiklerikal asko egiten dira. Ulertzen eta asumitzen dut biktima asko Elizaren kontra egotea. Baina eman bakea, katoliko guztiak ez gara berdinak eta!
Besterik esan nahi duzu?
Eskerrik asko eta lanean jarraituko dugu Estatuaren eta Elizaren arteko akordioa bide onera irits dadin. Zeregin garrantzitsuena protokoloei oso adi jarraitzea da, eraso gehiago gerta ez daitezen. Zoritxarrez, haurren kontrako sexu-erasoak ez dira inoiz desagertuko ez Elizan ez gizartean, baina helburua da, behintzat, erasotzaileek gero eta zailagoa izatea eta babes neurri gehiago ezartzea.





Deja un comentario