Torturaren ondorioz 1950ean hil zen Txomin Letamendiren kasuan informazioa eskuratzeko, espainiar Barne Ministerioaren artxibo orokorrera jo zuen Giza Eskubideen Behatokiak, baina zati asko «zentsuratu eta ezabaturik» jaso dituzte. Garai hartako biktimak inolako babesik gabe daudela frogatutzat jo du, horrela. Pradalesengana eta Delgadorengana joko du.

GARA-NAIZ

1950. urtean hil zuten Txomin Letamendi Murua EAJko militantearen kasua bolo-bolo ibili da hilabeteotan, neurri handi batean Giza Eskubideen Behatokiak abiatutako ekimenak direla medio. Atzo datu adierazgarria eman zuten jakitera: duela hilabete batzuk Barne Ministerioaren artxibo orokorrera jo zuten, dokumentazio eske, eta «harriduraz» hartu dute erantzuna, agiriek «zati asko zentsuratuta eta ezabatuta» dituztelako, Estatuak berak atxiloketari, torturari, prozesuari eta heriotzari buruz dokumentatutakoa «osotasunean ezagutzea eragotziz».

Behatokiak gogora ekarri zuenez, salbuespena «modu murriztailean interpretatzen da Konstituzioaren eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen estandarren arabera»; eta, ondorioz, ez da onargarria Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legearen arabera preskribatu eta amnistiatu ezin diren gizateriaren aurkako krimenei buruzko dokumentazioa ezkutatzea.

Adibidetzat jarri zuten «Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak berak erabaki izana otsailaren 23ko dokumentuak desklasifikatzea».

Jazotakoaren ondoren, adierazi zuten beren buruari galdetzen diotela ea nola uler daitekeen Letamendiren torturak eta heriotza gertatu ziren egoera «oraindik segurtasun nazionalerako ezinbesteko intereseko gaitzat jotzea eta zentsurapean egotea».

Behatokiaren ustez, honek berresten du «40ko hamarkada amaieran eta 50eko hamarkadan eskubideen urraketa larriak jasan zituzten frankismoaren biktimak bereziki daudela babesgabe: ez zituzten sartu gerraren zuzeneko eta gerraosteko biktimek aitorpena eta kalte ordaina jasotzeko dekretuan; ezta 1960az geroztikoetan (107/2012 Dekretua eta Estatuaren biktimei buruzko 12/2016 Legea)».

Hori dela eta, iruditzen zaie «premiazkoa eta beharrezkoa» dela lege berri bat, «giza eskubideen nazioarteko estandarretara egokituko dena».

Hala ere, Behatokiak jakinarazi zuen, zentsuratutako zatiei adimen artifizialeko auzitegiko tresna berriak aplikatuta, Donostian eta Bartzelonan Letamendiren atxiloketan eta torturetan parte hartu zuten bederatzi agente identifikatu dituztela. Aurretiaz kereilak jarri zizkieten beste biri. Erakundeak azpimarratu zuen gertaerok Francisco Saenz de Tejada y Millan gobernadore zibila zenean jazo zirela.

LAGUNTZA ESKE

Behatokiak zenbait neurri iragarri ditu: besteak beste, Imanol Pradales lehendakariaren eta Dolores Delgado Memoria Demokratikoko fiskal nagusiaren babesa eskatzea.

Horrez gain, «borondatezko jurisdikzioaren 1215/2025 prozedura daraman epaitegiari galdegitea, ‘borondatezko jurisdikzioan’ oinarrituta, Barne Ministerioari eska diezaiola dokumentu osoak bidaltzea».

Hirugarrenik, espainiar Kongresuko euskal taldeei Barne ministroari galdera bat egiteko eskatuko diete, «zentsura horri buruz, eta beren eskumenekoak diren gestioak egin ditzatela zentsura hori gerta ez dadin».

AGENTE SEKRETUA

Txomin Letamendi Euzko Gudarosteko ofiziala eta gerraostean agente sekretu abertzalea 1950ean hil zen Madrilen, bigarren atxiloaldian jasandako tortura basatien ondorioz.

EGIA ETA JUSTIZIA

Behatokiak kereila bat bultzatu du egia eta justizia eskatzeko. Familiak aurkeztu zuen abenduan Donostiako epaitegi batean, gizateriaren aurkako delituak egotzita.

AGIRIAK

Giza Eskubideen Behatokiak salatu du helarazi dizkieten dokumentuen zati handi bat zentsuratuta dagoela. Hala ere, bederatzi agente identifikatu dituzte.

Deja un comentario

Tendencias