Cannesko Zinemaldirantz jarritako fokuaz baliatu nahi izan dute filmagintzaren sektoreko ehundaka profesionalek beraien desadostasuna entzunarazteko: ez dute Vincent Bolloré ultraeskuindarren eskutan egon nahi, hain zuzen, ez dutelako eskuin muturraren aldeko makineriaren parte izan nahi. Kezka bera entzunarazi zuten urte hastapenean Frantziako zein nazioarteko 200 idazlek baino gehiagok. Eta aspaldian dabiltza Bolloré inperioaren kontra antolatuta Frantziako komunikabide independenteak ere. Munduko 260. pertsona aberatsena den hori badabilelako banan-banan, diruaren truk guztia bereganatzen.

Jenofa Berhokoirigoin / ARGIA astekaria

Cannesko Zinemaldia dugu zinemagintzako jaialdi ospetsuen artean, ondoan dituela Veneziako Mostra eta Berlingo Berlinale. Hori horrela mezu politiko bat bertatik plazaratuz gero, ez ukan kezkarik zabalduko dela mundura, zeresana sorturik gainera. Bukatu berri den 79. edizio honetan Vincent Bolloré izenaren inguruan zartatu da polemika, eta oraindik hor segitzen du Frantziako Estatuan behintzat. Maiatzaren 19ko Goizean argi buletinera ekarri zigun Cannesen azaleratu gatazka Gorka Peñagarikanok.

UGC zine-gelen sarea erabat bere menpe hartzeko asmoa du Canal+ taldeak eta hain justu, Vivendiren bidez, Vincent Bollorék dagoeneko bere esku ditu Canal+ katea eta haren filialak –tartean, Studio Canal, Europako zinemagintzaren ekoizle nagusia–. Hori horrela, zinemagintzako kate osoa kontrolatzeko moduan litzateke, finantziaziotik hasi eta pantaila txiki eta handian esparrura arte. Kontzentrazio horrek izututa, zinemaldiaren bezperan plazaratu zuten idatzi bat sektoreko 600 bat profesionalek: «Enpresari jantziaren gibelean, milioidunak ez du gordetzen ‘proiektu zibilizatzaile’ bat daramala, eskuin muturreko erreakzionario gisa. Ofentsiba ideologiko horrek filmen edukietan izandako eragina oraingoz diskretua izan bada ere, ez diogu geure buruari ilusiorik egiten: ez du iraunen». 

Sektorearen independentziaren aldeko eta «maltzurki inposaturiko isiltasunaren» kontrako aldarria zabaldu izanak erreakzio kate luzea utzi du: Canal+ taldeko zuzendariak izenpetzaileak boikotatzeko posturaz erantzun die, sektorean eta oro har herritarren artean harridura eta kexua eraginda; berehala zuzendariaren «erantzun desproportzionatu» hori deitoratu du Frantziako Kultura ministroak eta bitartekaritza mahai bat osatzearen alde egin du SRF ekoizleen sozietateak, izenpetzaileei «elkartasuna» adierazita. Orduz geroztik 2.000 profesional gehiagok dute idatziarekin bat egin. Argiki diote: «Zinema frantsesa eskuin muturreko patroi baten esku utzita, filmen uniformizazioa ez ezik, iruditeria kolektiboaren gaineko kontrol faxistaren arriskua dago». 

Libération egunkariak nahiko argiki eta zintzoki laburbiltzen du zein den Bolloré hori: «Frantziako kapitalismoaren basapizti handia, katoliko tradizionalista eta eskuindar erreakzionarioa; bretoi gisa aurkezten da baina Boulogne-Billancourten sortu zen [Paris inguruko auzo burgesa]; komunikabideen harraparia, erredakzioak husten dabilena, Bolloré finantza-gainbalioen bilduma osatzen dabil, inbertsio abilak bideratuta: lehenik papergilea (OCB), gero Frantzafrika-ren oinordekoa bere portu eta landaketen bidez (Bolloré Africa & Logistics), eztabaida publikoaren gaineko boterea bereganatu duen arte, komunikabideen eta publizitatearen jabetzaren bidez». 13.700 milioi euroko negozio zifra du Bolloré taldeak –Frantziako 11. pertsona aberatsena da, mundu mailako 260.a– Afrikako garraiobideen gestioaz bereizi bada ere, ‘françafrique’ izpiritua biziarazten segitzen du Bollorék erreportajearekin azaldu izan dugu Net Hurbil sailean Bollorék Afrikan garaturiko tratu kolonialista. Eta segida emanda, aspaldian neraman gogoan Frantziako Estatuko komunikabideen eta edizioaren sektoreetan garatzen dabilen inperioaz idazteko asmoa. Cannesko polemikaz baliaturik, horra hor ideien eta informazioaren esparruak eskuin muturraren garapenaren alde bideratzen dabilenaz zenbait lerro.

11 multinazionalek komunikabideen %80

Behin baino gehiagotan alarma piztu dute informazio askatasunaren alde lanean –edo borrokan, hobeki erranda– dabiltzan eragileek: kasu, Frantziako Estatuko komunikabideak ultraaberats bakar batzuen eskutan kontzentratuta daude. Pentsa, 11 multinazionalen eskutan dira komunikabideen %80. Datu zehatzago bat, Libération-ek zabaldurikoa: 2022ko otsailean, 11 miliardunek estatuko egunkarien %81 atxikitzen zuten, astekarien %95, irrati-audientzien %47 eta telebista-audientzien %57. Horien artean dago Bolloré bera, 2000az geroztik informazioaren sektorean inbertitzen dabilena. Vivendi taldea, Canal+, Lagardère, Prisma Media… aurretik dozenaka komunikabide beraien jabegoan zituzten talde potolo guztiak bereganatu nahian dabil ultraaberatsa. Emaitza egunerokoan sentitu daiteke: eskuin muturrera lerraturiko lerro editorialak zabaltzen ari dira, eta ideologia horren bultzatzaile diren kazetariak kokatzen ditu ardura estrategikoetan.

Parean, kolektiboki harresia osatu nahian dabiltza komunikabide independenteak. Gogoan dugu 2024ko ekainean zabalduriko Sans presse libre, pas de démocratie [Prentsa askerik gabe, demokraziarik ez] deia, 90 bat komunikabidek sostengaturikoa (Mediapart, l’Humanité, StreetPress, Reporterre, Bondy Blog, Politis…), FPL Prentsa Aske baten aldeko Funtsa ere zutik da, 110 bat komunikabidez osaturikoa eta pluralismoaren eta adierazpen askatasunaren aldeko borroka daramana. Eta berriki, otsailean aurkeztu zuten Combat! [Borrokatu!] aldizkari berezi bateratua L’Humanité, Radio Nova, Les InrockuptiblesBlast eta StreetPress-en artean. Postura argia dute: «Aldizkari hau, azkenean, manifestu antifaxista ere bada. Komunikabideok eta kazetariok horrela gabiltza gaia jorratzen; erreportajeak eginez, tokian bertatik faxismoa borrokatzen dutenei edota zuzenki eskuin muturraren biktima direnei ahotsa emanez».

Komunikabideez gain, argitaletxeak kontrolatzea ere bada estrategiaren parte. Cannesko oihua bota duten 2.000 profesionalek dioten gisara, «iruditeria kolektiboaren gaineko kontrola» liburuetatik ere pasatzen delako. Esku-sartze hori agerian gelditu zen apirilean, 26 urtez Grasset argitaletxeko lehendakari izandako Olivier Nora kanporatu zuenean Bollorék berak, eta hori «desadostasun ideologikoengatik». Erantzuna laster jaso zuen: Virginie Despentes, Frédéric Beigbeder, Gaël Faye, Sorj Chalandon, Vanessa Springora, Carole Zalberg… 130 bat idazle atera dira argitaletxetik, haserre: «Gure ideiak eta gure lanak bere jabetza izaterik ez dugu nahi. Badugu puntu komun bat: autoritarismoa nonahi inposatu nahian dabilen gerra ideologiko bateko bahituak izateari uko egiten diogu». Maiatzean, bide beretik segitu dute argitaletxearen parte diren nazioarteko idazle gehienek: «Partekatzen ez ditugun helburu politikoen zerbitzura gure lana erabilia izatea ez dugu onartzen. Eskuin muturrak mugetatik harago eragiten du, eta mugetatik harago borrokatu beharra dugu».

Nago, laster ez duzuen berriz ere Bolloréren berri ukanen. Hain justu, apirilean jakin zen Esperantzaren Institutua izeneko think tank edo ideia taldea osatuta daukala, beste hogei bat kontserbadorerekin batera, eta badabiltzala 2027ko Frantziako presidentzialei begira estrategia bat lantzen. Datozen asteetan plazaratu beharra dute manifestua. Oraingoz gauza guti dakigun arren, ez du itxura onik. Laster gehiago beraz… isilean zabalduz doan munstroaz hitz egin beharra delako. 

Deja un comentario

Tendencias