Israelen ez dute oraindik ikusi, Venezian lehenik eta asteon Donostiako Zinemaldian proiektatuko baita dokumentala, baina eskuin muturrak jarraitzen du eskratxea egiten. Zuzendariak Donostian egongo dira ostegunean. Iaz dokumental onenaren Oscar saria jaso zuen No Other Land-eko egile berberak dira Naza-koak. Saria irabazi eta hilabete eskasera taldeko kide bat atxilotu eta torturatu egin zuten, eta uda horretan, kameragile bat hil zuten Zisjordanian.
Gorka Peñagarikano Goikoetxea-ren testua / ARGIA
Epaimahaiaren sari berezia jaso zuen Naza dokumentalak Venezian, irailaren 12ko galan, eta Israelgo Gobernuak ordu gutxi behar izan zituen egileen aurka egiteko: Yuval Abraham eta Rachel Szor zuzendariei mehatxu egin die Israelgo herritartasuna kentzeko. Gobernuak, gainera, erabat gaitzetsi du dokumentalean kontatzen dena, «gezur handi bat» dela esan du, eta iragarri galarazita egongo dela Israelen sekula halakorik proiektatzea.
Benjamin Netanyahuk film horren harira hau esan du: «Munduan dagoen antisemitismo guztiaren aurka egiten ari gara borrokan, baina gure artetik datorrenean gorrotoa, erabat onartezina da». Esan dute «ikerketa» abiatuko dutela bi zinegileen «iragana aztertzeko», ez ote duten Palestinako «erradikalekin» harremanik izango; hala balitz, terroristatzat ere izenda ditzakete.
80 minutuko dokumentala da Naza. Akronimo bat da izenburua, Israelgo inteligentzia zerbitzuek erabiltzen dutena, zera adierazteko: eraso bakoitzean zenbat zibil hildako egon daitezkeen, «albo-kalte» gisa izendatzeko. Horri buruzkoa da dokumentala, eta Israelen ofentsiban parte hartu izan duten 24 agentek eta soldaduk hitz egiten dute. Funtzionamenduari buruzko detaileak eta gertakari zehatzak kontatzen dituzte xehe-xehe, anonimotasuna zainduta.
Veneziako zine jaialdian estreinatu zen irail hasieran, eta publikoaren harrera beroa jaso zuen; 25 minutuko txaloaldia egin zieten. Handik zuzenean Donostiako Zinemaldira heldu da, Perlak sailera. Ostegunean bazkalostean izango da lehen emanaldia, bereziki prentsarentzat antolatuta, baina ez da gero prentsa agerraldirik aurreikusten. Gauean, 23:00etan izango da emanaldi handia Victoria Eugenia antzokian, filmeko lantaldearen presentziarekin. Sarrera guztiak agortuta daude.
Gurasoen etxeari sabotajea
Rachel Szor zuzendariaren gurasoen etxe atarira heldu dira eskuin muturraren mehatxuak. Savyon herrian bizi dira, Tel Avivetik hogei kilometrora. WhatsApp talde batzuetan antolatu du erasoa eskuin muturrak, Mordechai David aktibista buru. «Heriotza zigorra traidoreei», aldarrikatu dute Szor zinegilearen gurasoen etxe atarian, pintaketak egiten zizkieten bitartean. Iragarri dute bere kidearen, hau da, Yuval Abrahamen gurasoak non bizi diren ikertzen ari direla, eta haien etxeraino ere joango direla. Bi zinegileak ez dira Israelen bizi, baina eskuin muturreko talde horiek diote «atzetik jarraituko» dituztela.
Bi zuzendariei egiten ari zaien jazarpenaz informatzen ari diren komunikabideak ere jomugan ditu eskuin muturrak. Esaterako, +972 aldizkaria. Eraso bat baino gehiago jaso dituzte Tel Aviven duten egoitzan, eta komunikatua igorri dute salatzeko gertatzen ari dena, eta batez ere Naza-ko zuzendariei egiten ari zaiena. Israelgo 200 zinegilek ere sinatu dute komunikatu bat Szor eta Abrahamekin elkartasunez.




Deja un comentario