Iraultza Txikien Akanpadaren IV. edizioa ospatuko da asteburu honetan Pitillasen. Ekimen honen helburuak Herri Mugimenduarentzat konfluentzia espazioak sortzea eta tokiko borroka bat hauspotzea dira. Oraingo honetan Bardeen Tiro Eremuaren aurkako oposizioa bultzatu nahi dute, eta faxismoaren gorakadaren aurrean harresi antifaxistaren eraikuntzan bere aletxoa jartzea. / Ahotsa.info

Iraultza Txikien Akanpadaren IV. edizioa non eta Nafarroako hegoaldeari begira, Bardeak herritarrentzat izan behar direla aldarrikatuz. Nola kokatzen duzue edizio berri hau eta zergatik Bardeen aldarrikapen hau?

ITA 2 urterik behin antolatzen den ekimena da eta, aldiro, Euskal Herriko txoko ezberdin batera eramaten da. Dakizuenez, ITAk bi helburu izaten ditu: bateko, Herri Mugimenduarentzat konfluentzia espazioak sortzea, hainbat egunez akanpatuz eta hitzaldiak, tailerrak, ikuskizunak, ekintzak… e.a. antolatuz, elkarren berri izan eta sareak josiz. Bigarren helburua da tokiko borroka bat hauspotzea eta, hala, Zubietako errauskailua edota Bizkaiko basoen gehiegizko esplotazioa salatu ditugu aurreko edizioetan, besteak beste. Aurten Nafarroako Erribera hautatu dugu, Bardeetan hamarkada luzez inposatutako tiro-poligonoaren aurkako borrokari bultzada bat emateko. Bardeetan asko dago jokoan: bertako ekosistema etengabeko arriskuan egoteaz gain, Erriberako biztanleei egiten dien galera eta kalteez harago, munduan oldarraldi belikoaren gorakada bizitzen ari garen honetan, Bardeak ez dira sinbolo hutsa: bertan trebatzen dira armada inperialistak eta bertan frogatzen dituzten Palestinan eta beste 11 gerretan erabiltzen dituzten armak, hegazkinak eta leherkariak. Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri eta herri honek etengabe adierazten du gerra inperialisten aurka dagoela, munduko herri zapalduen alde lerrokatuz. Gelditu ditzagun gure etxetik hasten diren sarraskiak, zatozte irailaren 20an Bardeetako poligonoaren aurkako martxara!!

Zer egin dezake herri mugimenduak ultraeskuinaren gorakadari aurre egiteko eta ze oinarriekin osatu behar da harresi antifaxista?

Nafarroan berriki ikusi ditugun euskal adierazleen aurkako eraso faxistak enegarren adierazlea dira: ultraeskuina harrotzen ari da eta, gelditzen ez baditugu, gero eta espazio gehiago hartuko dute kaleetan, sareetan eta baita herritarren buruetan ere. Hortaz, harresi antifaxista bat eraikiko bada, fronte guztietan izan beharko luke, betiere, borrokarako harrotasuna berreskuratuz. ITAk ez du inor ordezkatzeko anbiziorik, guk proposatzen duguna da Herri Mugimendua batzeko espazio bat, korronte politiko zehatzen gainetik, batzen gaituen hortan jartzeko indarra. Hori izan daiteke diozun harresi hori eraikitzeko gakoa: gure ezberdintasunen gainetik edo, are, horiek indar bilakatuz, ezkerreko fronte euskaldun eta indartsu bat eraikitzea, nor bere lubakitik borrokatzeaz gain, olatu antifaxista potente eta eraginkor bat martxan jartzeko.

Oso egitarau zabala osatu duzue. Ze irizpide hartu duzue kontutan programa eskaintza osatzeko? Jorratuko dituzuen gaien artean, zeintzuk dira azpimagarrienak?

ITAk berak ez ditu gaiak hautatzen, saiatzen gara aurre-lanketa bat egiten Euskal Herriko Herri Mugimenduko alor edo borroka ezberdinei galdetuz: zeintzuk dira orain gori-gorian dauden gaiak? Zeri buruz behar du Herri Mugimenduak eztabaidatu uneotan? Erantzunei tiraka eta eragileekin elkarlanean, eskaintza ahalik eta zabal bezain interesgarriena eskaintzen saiatzen gara, aukeren arabera, noski, karkar. Horrez gain, pedagogia aldetik, filosofia parte hartzailea daukagu ITAn; hau da, “adituen” norabide bakarreko hitzaldiak baino, asanblada edo tailer dinamiko eta parte hartzaileak antolatzen saiatzen gara, gaiak kokatzeko eskarmentua duten kideak gonbidatuz. Aurten, Bardeetako borrokari men eginez, hainbat tailer egongo dira inperialismoari eta bere eragin eremu guztiari buruz. Beste gai asko landuko ditugu ordea! Euskararen aurkako erasoak, transfobia eta arrazismoa, nola ibili ahalik eta askeen sareetan, elikadura burujabetza, energiari buruzko eztabaidak… Aukera zabala duzue! Arreta berezia jartzen diogu Txikien Guneari; ez dugu nahi umeak “aparkatzeko” leku hutsa izatea, ITAren espiritu askea bere egiten duen espazio parte hartzaile, alternatibo, dinamiko eta sortzailea baizik. Zatozte umeekin ere ITAra! Azkenik, egitarauaren parte garrantzitsua da, nola ez, aisia eta kultura: horren lekuko, ostiraleko bertso-afaria, larunbateko Los Kaguetas kontzertua (Erriberatarrak) eta asteburua borobiltzeko, igandeko martxaren ostean, bazkari herrikoia eta Skabidean kontzertua Pitillas herriko plazan!

Igandean, Bardeetara martxa eginen da desmilitarizazioa aldarrikatuz. 2028an Espainiako Defentsa Ministerioarekin dagoen kontratua berritu ala ez “erabaki” beharko dute Bardeen Komunitateko herriek. Ze ekarpen egin nahi dio ITAk Tiro Eremuaren aurkako mugimenduari?

Kontratu hori bertan behera uztea, noski!! Horretarako, hileotan gure sareetan borroka honi oihartzuna ematen tematu gara eta helburua da igande honetan jende andana hurbiltzea Bardeetara egingo dugun martxara. Hitzordua da 12:00etan Los Aguilares Parkinean; etor zaitezte zuen ikurrekin gurekin batera inperialismoari ostikada bat ematera!!

Deja un comentario

Tendencias