Juduen Urteberri ospakizunekin batera sartu dira kolonoak Islamaren hirugarren toki sakratuenera. PANeko gobernuburuak salatu du kolonoak Israelgo armadaren laguntzarekin iritsi direla meskitara.
Eneko Imaz Galparsoro-ren testua / ARGIA aldizkaria
Azken urteetan ohikoa bihurtu da, batez ere juduen ospakizun erlijiosoekin batera, kolono israeldarrak Jerusalemgo Al-Aqsa meskitara indarrez sartzea. Besteak beste, gertakari horien bultzatzaile nagusiak Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro eta Botere Judua eskuin muturreko alderdiko kidea zein meskita eraistearen eta haren ordez tenplu judu bat eraikitzearen aldeko eragileak izan dira.
Al-Aqsa Jerusalemgo Hiri Zaharrean dago, Meskiten Zelaigunean, 1967tik Israelek nazioarteko zuzenbidearen kontra okupatuta dauzkan lurretan. Islamarentzat hirugarren tokirik sakratuena da, Mekaren eta Medinaren (Saudi Arabia) ondoren; juduentzat, berriz, garrantzitsuena –juduen lehen eta bigarren tenpluak bertan eraiki zirela uste dute, Kristo ondorengo 70. urtean eraitsi bazituzten ere–. Israelek eta Jordaniak 1994an bake akordioak sinatu zituztenetik, zelaigunea Waqf Jerusalemgo Ondare Islamikoak kudeatzen du; kanpoko segurtasunaz, berriz, Israelgo armada arduratzen da.
Eskuin muturraren aldarrikapenak
1967ko akordioen arabera, musulmanak noiznahi joan daitezke bertara errezatzera; juduak, ordea, ordu jakin batzuetan. Gainera, 2021era arte juduak soilik bisitari gisa sar zitezkeen meskitara, Jerusalemgo epaitegi batek otoitz juduak baimendu zituen arte. Juduek Erosten Harresia erabili ohi dute otoitzerako, baina azken urteetan statu quo-a hautsi eta Al-Aqsan otoitz egitera dei egiten duten ahotsak areagotu egin dira.
Esate baterako, 2023ko urtarrilean meskitara eginiko bisita batean, Ben Gvirrek aldarrikatu zuen «Israelgo herriarentzat, dagoen lekurik garrantzitsuena» dela. Urte berean, apirilean, Israelgo Polizia han sartu zen indarrez, eta laurehun palestinar inguru atxilotu zituen, argudiatuta meskitara «asaldatzaile batzuk suziriekin, makilekin eta harriekin» sartu zirela.




Deja un comentario