NAIZ
Loïk Le Priol eskuin muturreko militanteak aitortu du 2022ko martxoaren 19an Federico Martin Aramburu errugbiko jokalari ohi argentinarra hil zuela Parisen. «Arambururen heriotzaren egilea naiz, Auzitegiak erabakiko du nire burua babesteko izan ote zen ala ez», esan du 32 urteko gizonak epaiketaren lehenengo saioan.
Akusazioak biziarteko kartzela-zigorra eskatzen du haren aurka, eta zigor berdina proposatu du Romain Bouvierraren kontra. Bigarren honek esan du disuasio-tiroak egiteko asmoa zuela Arambururen aurka.
«Egunero pentsatzen dut gertaera horretan, bere familiarengan pentsatzen dut, berarengan [Aramburu] eta bere lagunarengan [Shaun Hegarty], Aramburu bere besoetan hiltzen ikusi baitzuen. Badakit esaten ari naizena zaila dela familiarentzat entzutea, baina ez nuen hiltzeko asmorik izan», esan du Bouvierrek.

Ildo beretik, Le Priolek ere barkamena eskatu du: «Betirako kondenatuta egongo naiz drama itzel hau jasatera. Ez diot utziko [Arambururen] familiari barkamena eskatzeari».
Bi akusatu nagusiak, behin-behineko espetxealdian, beira blindatuak dituen kabina partekatu dute astelehen honetako bistan. Beste bi auzipetuek, Lyson Rohemir (Le Priolen bikotekidea) eta Antony Sorrentino, egozten zaizkien karguei buruz erantzun dute. Lehenengoari hilketaren konplize izatea egozten diote eta bigarrenari, aldiz, Bouvierri ihes egiten lagundu izana.
«29 urte ditut eta, erabakiaren arabera, nire adina baino denbora gehiago kartzelan pasatzeko arriskua dut. Ez dut inoiz asmo txarrik izan», adierazi du Rohemirrek. Sorrentinok «erabat» onartu ditu egozten zaizkion gertakariak, instrukzioan zehar egin zuen bezala.
Eskuin muturrarekin lotura
2024an, Loik Le Priol eta Romain Bouvier auzitegitik iragan zirelarik, epaileek ebatzi zuten Federico Martin Arambururen eraso hilkorraren gibelean ez zela zirkunstantzia arrazista edo politikorik. Baina duela bi urte desegindako Groupe Union Defense (Gud) eskuin muturreko taldeko kide ziren bi auzpiratuak, eta biek halako lilura bat dute Alemaniako III. Reicharekiko eta armekiko. Bouvierren etxean ‘Mein Kampf’ liburuaren ale bat eta Adolf Hitlerren estatuatxo bat atzeman zituzten poliziek, baita armategi izugarria ere: munizioa, errebolberra, eskopetak, metrailetak…
Felix Thommen kazetariak idatzitako erreportaje baten arabera, bi gizonak maila sozial onekoak dira. Bouvier Parisko V. barruti biziki burgesekoa da, eta Paris-Pantheon-Assas Unibertsitatean ikasi zuen. Le Priolek, ordea, nerabezaroaren zati bat Maine-et-Loireko ikastetxe katoliko batean eman zituen, Notre-Dame-d’Orveau-n. 2010ean eskola militarrera sartu zen; baina bost urte berantago armadatik kanporatua izan zen, Dijboutin prostituta bati jipoia eman ziolakoan.
Arambururen erailketaren egunean kontrol judizialpean zeuden; eta, berez, ezin zuten elkarrekin egon, are gutiago arma bat soinean eraman.
Hain justu, garai hartan Gud-eko bi militanteak Edouard Kleinen aurkako lintxamenduagatik epaituak izateko zain ziren. 2015eko urrian izan ziren gertakariak; eta Mediapart-ek argitara ateratako bideoek Logan Dijan erakusten dute, Gud-en buruzagitzan Kleinen ondorengoa, hura umiliatzen eta jipoitzen ari dela. Bouvier eta Le Priol ere bertan ziren, eta azken hau da telefonoa eusten ari dela, grabatzeko. Dijanek egun guti batzuk baizik ez zituen eman behin behineko atxiloaldian.
Yann Le Bras-ek, Arambururen alargunaren, Mariaren, eta, Sophie Thonon-Wesfreid-ekin batera, amaren, Cecilia Arambururen, abokatuak gogoratu zuenez, Dijanen fidantza Riwal izeneko sozietateak ordaindu zuela. Axel Loustau eta Frederic Chatillonen enpresa da hura, biak ala biak Marine Le Penen unibertsitateko lagunak –Loustau, gainera, RNren eskualde kontseilari izandakoa da–. Biak dira Gud-eko militante ohiak.
Ordurako Riwal jadanik beste gai politiko-ekonomiko batean sartuta zegoen; RNren hauteskunde kanpainarako materialarenean, hain zuzen ere.




Deja un comentario