GEDAR Langile kazeta (Editoriala)
Ikasturte berria hasi da eta eskuin muturrak berdin jarraitzen du. Ceutako gertakariak erabiltzen ari da arrazismoa zabaltzeko. Makineria guztia jarri dute martxan urtebete iraungo duen kanpaina elektoralari abiada emateko. Ceutako gertakariak erabat instrumentalizatzen ari dira, etorkinei gizatasuna kentzen eta faxismoari hauspoa ematen. Soluzio bezala aurkezten dute beren burua, jakin badakigunean gertakari hauen atzean dauden Marokoren, AEBen eta Israelen aliatu fidelenak direla. Edozerk balio die gobernura iristeko daukaten asmoan.
Eskuinaren jarduna penagarria izateak ez du kritikatik salbuesten Espainiako Gobernua. Marokorekin daukaten aliantza kosta ahala kosta mantendu nahi dute, azken hori gobernu kolonizatzaile eta kriminala izanda ere. Bestalde, egoera hau eragin duten migrazio-politiken erantzule ere badira, pertsona migranteei gizatasuna kentzen diena eta kriminalen gisara tratatzen dituena. Behin eta berriz errepikatu behar dugu, ez dezagun ahaztu: Mendebaldea da hegoalde globaleko pobreziaren erruduna. Mendeetako inperialismoaren eraginetako bat da migrazio masiboen fenomenoa. Beste alde batera begiratzeak ez du balio, pobrezian dauden pertsonei berehalako laguntza ematea eta duintasuna ematea gutxienekoa da.
Gurera ekarrita, mobilizazioak eta kontramobilizazioak egon ziren atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Arrazismoa eta faxismoa zabaltzeko asmoa zeukaten mobilazio oportunistak, PPk eta Voxek deituta, batetik; eta arrazismoaren eta faxismoaren aurkakoak, bestetik. Bingen Zupiriak, beste behin ere, azken mobilizazio horiek kriminalizatu zituen. Horrela, antifaxismoa bizikidetzaren aurkako mugimendu gisa aurkezten du eta faxismoa normalizatu egiten da. Bada, tira, antifaxismoa da bizikidetzaren alde egiten duena, herritarren arteko bereizketarik ez duena egiten eta berdinatasunaren alde egiten duena. Faxismoak, bere aldetik, migranteen, emakumeen eta langileriaren aurka egiten du. Mobilizazio antifaxisten beharra begi-bistakoa da, faxisten mobilizazioak itzaltzeko eta indar-korrelazioa haien kontrakoa izan dadin. Bakoitzak jakingo du zein aldetan dagoen.
Eskerrak etsaiz nahasten ez den hainbeste jende dagoen. Jakin badakitenak faxismoa ez dela ezeren soluzioa. Era berean, sozialdemokraziaren bidea ere agortua dago. Kapitalismoaren kritika jarri behar dugu erdigunean, baita langile-klase osoaren batasuna ere. Bereizketarik gabe eta gutxien daukatenen egoera erdigunean jarrita. Klase-batasuna erdiesteko momentua da.




Deja un comentario