Etorkinen kanporatzea exijitzeko mobilizazio biolentoak izan ziren atzo Ceutan. Gurutze Gorriaren kamioi bati sartzea galarazteaz gain, hondartzan, hainbat kanpalekuri eraso zieten talde faxistek. Mobilizazio-deialdi arrazista gehiago egiten ari dira, tartean Vox.

GEDAR Langile kazeta

Ostegunean, Ceutako kaleak berriz bete ziren etorkinen aurkako mezuz eta biolentziaz, Maroko eta Espainiako Estatua bereizten dituen muga gurutzatu duten pertsonak jopuntuan ipinita. Uztailean hasitako pogromo arrazistei jarraipena eman dietela ikus zitekeen atzo hiri autonomoan, etorkinei bideratutako janari-bilketa bat eragotzi eta zenbait kanpalekutan suteak eragin baitzituzten ehunka faxistak.

Atzo arratsalderako, hainbat mobilizazio-deialdi zeuden eginak Ceutan, sare sozialen bidez, pertsona migratzaileak Marokora deportatu ditzatela eskatzeko. Besteak beste, 18:00etan El Trampolin hondartzaren ondoan jarri zuten hitzordua (gaur egun, bertan txaboletan bizi beste aukerarik ez du migratzaile andanak), eta deitzaileek aurreratu zuten jada Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta Gurutze Gorriaren aurka joko zutela, etorkinek laguntza humanitariorik ez jasotzeko. «Deseroso senti daitezela gure lurraldean», zioten deialdietako batean, ABC-ren arabera.

RTVEk 18:30ak aldera jakinarazi zuen Gurutze Gorriaren kamioi bat blokeatu zutela hainbat pertsonak. El Trampolin hondartzara zihoan ibilgailua, Gurutze Gorriak arratsaldero banatzen baitie janaria Ceutan inolako baliabiderik gabe dauden migratzaileei, baina hori galarazi zuten atzo ehunka manifestarik. Errepidea moztu zuten, Espainiako bandera ugari eskuetan zituztela eta hainbat oihu eginez: «Ceuta no se vende, Ceuta se defiende«, «Ceuta es España«, eta abar.

Hori gutxi balitz, protestak are gordinago bilakatu ziren handik gutxira: talde faxistek zuzenean eraso zieten etorkinek hondartzan dituzten kanpalekuei. Kordoi poliziala gaindituz, El Trampolindik gertu dagoen hondartza batera indarrez sartu ziren erasotzaileak: etorkinen gauzak apurtu, kanpalekuetan suteak piztu eta Espainiako bandera handi bat ipini zuten lekuan, besteak beste.

Ceutako egoera Espainiako Estatu osoan mezu arrazistak zabaltzeko baliatu nahi dute talde eta alderdi faxistek, eta beraz, aurrera begirako hainbat deialdi zabaltzen ari dira jada. Voxek, esate baterako, irailaren 2an herriz herri mobilizatzeko deia egin du jada, No a la invasión. Defiende Ceuta, defiende España lelotzat hartuta.

Deja un comentario

Tendencias