Markel de Bilbao Catediano / GAUR 8
Kolonbiako Estatuak hil zuen Jorge Adolfo Freytter irakaslearen kasuak 25 urte bete ditu, baina haren inguruko egia, justizia eta erreparazio eskaerek bizirik diraute. Denbora honetan, Freytter Elkarteak auziaren aitortza eta jarraipen juridikoa sustatu ditu, memoria historikoaren alde lan egin du eta Kolonbiako paramilitarismoaren, Estatuaren indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen aurkako ahotsa izan da. Urteurrenaren harira, elkarteko koordinatzailearekin eta Jorge Adolfo Freyterren semearekin hitz egin dugu kasuaren bilakaeraz, lortutako aurrerapenez eta oraindik zabalik dauden eskaerez; bai eta Kolonbiako egoera politikoaz, narkoparamilitarismoaz eta datozen urteetako erronkez ere.
25 urte igaro dira zure aitaren kasutik, zer aldatu da ordutik?
Egia, bermeak, berriro ez gertatzea eta duintasuna exijitzen jarraitzen dugu, Estatuak eragindako krimen horiengatik. Interesgarria izan da euskal gizartean Kolonbiako Estatuak hildako irakasle baten kasua ezagutaraztea lortu dugulako, eta, horren bidez, elkartasun politiko eta akademikoa ere sortu delako. Euskal Herriko Unibertsitateak, 2014an, “Presente y futuro de Colombia en tiempos de esperanza” liburua argitaratu zuen. Garai hartan, Kolonbian bake prozesu baten aldeko apustua egin eta prozesu hori abian jartzen ari zen, eta hemen ere euskal gatazkaren konponbidearen testuingurua bizi zen. Guretzat oso garrantzitsua izan zen, unibertsitateak irakaslearen hilketarekin lotutako paramilitarismoaren eta Estatuaren agenteen aurkako salaketa eta exijentzia horri babesa eta laguntza ematea erabakitzea: zer egiten du unibertsitate batek Euskal Herritik kanpo jatorri kolonbiarra duen irakasle baten hilketaren aurrean?
Geroago, beste mugarri garrantzitsu bat izan da Euskal Legebiltzarrean kasuari buruz izan dugun agerraldia eta jarraipena. Horrek Giza Eskubideen Batzordearen aldetik kasuaren jarraipena eta monitorizazioa bultzatzen lagundu du, eta presio zuzena eragin du Kolonbiako Fiskaltzaren eta Estatuaren Defentsa Juridikorako Agentzia Nazionalaren aurrean. Eta azkenaldian, beste mugarri juridiko eta politiko bat ere izan da, kasua Bake Jurisdikzio Bereziaren 08 makrokasuaren parte baita, eta, era berean, Kolonbiako Prokuradoretzak ere Estatuaren agenteek kasuan izan zuten inplikazioaren jarraipen zehatzagoa egitea lortu dugu.
Fiskaltzari eta Kolonbiako Gobernuari Leonel Sanchez Montenegro koronelaren atxiloketa eskatzen ari gara. Kolonbiako Poliziako koronela da, Gaula unitateari atxikia; unitate hori Karibe eskualdeko eta Antioquia departamenduko operazio estrajudizialetan eta egitura paramilitarrekin harremanetan inplikatuta egon da. Militar hori nor den eta tortura lekua non dagoen jakitea lortu dugu. Hori oso garrantzitsua izan da, eta euskal erakundeen laguntzari esker izan da posible.
Helburuei dagokienez, bilakaera bat egon da elkartearen beraren barruan? Hasieran kasuan bertan zegoen jarrita arreta handiagoa, aitortua izan zedin; orain beste helburu batzuetara ere zabaldu da?
Bai. Auzibide estrategikoaren ibilbidea Freytter irakaslearen kasua izan da, eta horri esker memoria historikoaren proiektu hau eraiki ahal izan dugu. Baina ibilbide horren barruan Estatuak eta Kolonbiako Gobernuak bete gabeko konpromisoak ere badaude.
Dagoeneko 25 urte igaro dira krimen horretatik, eta 25. urteurren honen esparruan hainbat gauza eskatzen ari gatzaizkio Kolonbiako Gobernuari: biltegia entregatzea eta tortura leku horretan sakoneko aditu azterketa egitea, izan ere, uste dugu bertan giza aztarnak edo desagertutako pertsonak egon daitezkeela; era berean, han zenbat pertsona torturatu eta desagerrarazi zituzten zehaztu dadila nahi dugu, eta Barranquillako tortura gune horri kautelazko neurriak ezartzea.
Zeintzuk dira une honetan elkartearen ardatz nagusiak?
Elkarteak zeregin garrantzitsua izan du gizarte mugimenduei, biktimei, esparru akademikoari eta paramilitarismoari buruz egiten ari diren ikerketei laguntzen. Ahots kritikoa izan da Gustavo Petroren Gobernuaren barruan.
Horrek ez du esan nahi Gobernuari laguntzen ez zaionik, baina uste genuen, Gobernuaren agenda bat izateaz harago, gure agenda propioa eta autonomoa izan behar genuela, Kolonbiako Gobernuaren barruan ordezkaritzarik ez zuten ezkerreko sektore sozial eta politikoei ahotsa emateko. Hori izan da Petroren Gobernuaren lau urte hauetan egin dugun apustuetako bat.
Badago alderik hilketak talde paramilitarren ekintzen ondoriozkoak badira edo Estatuaren beraren ekintzen ondoriozkoak badira?
Talde paramilitarren erantzukizuna Kolonbiako Estatuak hartu behar du bere gain. Estatuak sortu zituen, Israelekin eta AEBrekin, nazioarteko aliantza baten bidez, “barneko etsaiaren doktrina” ideologikoaren aterkipean. Egitura paramilitarrak komunismoaren aurkako nazioarteko borrokaren testuinguruan sortu ziren.
Kolonbian, une horretan zegoen gerraren eta Alderdi Liberalaren eta Alderdi Kontserbadorearen arteko liskarren ondorioz, gerrillak sortu ziren, baina lehenago ere bazegoen borroka antikomunista bat eta baziren Gobernuak eta Estatuko egiturek sortutako aparatuak, oposizio politikoa eta nekazariak nahiz herrialdeko erresistentzia guneak jazartzeko.
Talde paramilitarren esparruan, ekintzak eskuin muturraren eta AEBren proiektu politiko bati lotuta zeuden, Kolonbian oposizio politikoa eta herri erresistentzia oro ezabatzeko. Herrialdeko kultura eta pentsamenduko adierazpen disidente oro hiltzeko politika izan zen.
Gerrillek, historikoki, jarrera politikoa izan dute eta, matxinadarako eskubidearen premisapean, sektore horietako asko mobilizatu eta landa eremura joan ziren borrokatzera. Paramilitarismoaren erantzukizuna Estatuarena da. Insurjentzia, berriz, nekazarien antolakuntza modu eta apustu politiko gisa sortu zen. Aldiz, talde paramilitarrak beste proiektu baten parte izan ziren: korporatiboa, kapitalista eta nazioarteko faxismoari lotutakoa. Hori da Bake Jurisdikzio Bereziaren azken epaiek frogatu dutena: egitura horiek Estatuaren konplizitatearekin egindako zuzeneko urraketak erakusten dituzte.
Narkoparamilitarismoaz hitz egitean, eskuinarekin eta Uriberen Gobernuarekin lotu duzu; baina De la Espriellak berak hauteskunde kanpainan Petro eta ezkerreko Gobernuekin lotu du. Zein rol du narkoparamilitarismoak Kolonbian?
Narkoparamilitarismoa aldatu egin da. Garai batean, Pablo Escobar, Rodriguez Orejuela, Ochoa eta beste narko-familia batzuk aritu ziren, baina Castaño anaiek egitura paramilitar guztiak batu zituzten. Carlos Castañok, buruzagirik esanguratsuenak, mertzenario israeldar eta estatubatuarren babesarekin, ikuspegi hori eta paramilitarismoaren ondare politiko guztia uztartu zituen.
Agenda politiko hori da gaur egun Abelardo de la Espriellak garatzen duena. Jada esan dugu Uribe, Duque eta Santos gobernuetan ere hala jardun zela: Santa Fe de Ralitoko prozesuan, buruzagi paramilitar eta parapolitikari askok aliantza narkopolitiko-paramilitarraren emaitza bilatzen zuten, hau da, boterea hartzea. Hori Uriberen Gobernuan Senatuaren %35 haien esku zegoela aitortu zutenean ikusi zen. Eta gaur egun, De la Espriellaren diskurtsoarekin, hiri segurtasunerako eredu berri bat proposatzen duenez, “barneko etsaiaren doktrina” osoa berpizten da. Indar militarrak mantendu nahi ditu, ez giza eskubideen ikuspegiarekin, baizik eta kontrainsurjentziaren ikuspegiarekin.
LGTBI komunitateak, komunitate beltzak, askapen teologia sustatzen duten oinarrizko komunitate katolikoak eta disidentzia politikoak helburu militar edo politiko izango lirateke.
Ahalmena al du Gobernuak narkoparamilitarismoaren aurka egiteko?
Bai, harremanak eta kontaktuak dituztelako. Haien egungo aholkulari asko paramilitarismoarekin harreman zuzena duten familia aberatsetako kideak dira, eta horien artean daude Char etxea -Barranquillako Char familia-, Amin etxea eta De la Espriella etxea. Herrialdeko paramilitarismoa ideologikoki eta politikoki justifikatzen lagundu duten pertsonak daude.

Bazuen Petroren Gobernuak auzi honetan zer edo zer aldatzeko gaitasunik?
Bai. Diskurtsoan ikusten da hori. Petrok elkarrizketa sustatzen zuen, eta elkarrizketa horrek negoziazio mahaiak ireki zituen. Kontraesan guztiekin, Gobernuaren hurbilketa izan zen talde paramilitar horietara, herrialdeari «guztizko bakearen» proposamena aurkezteko eta “barneko etsaiaren doktrina” bideratzeko. Adibidez, Kolonbiako Poliziak ESMAD du, istiluen aurkako eskuadroi mugikorra. Petroren Gobernua gizarte erakundeekin hitz egiten ari zen horri buelta bat emateko; izena aldatu zioten, baina prozesu oso luzea da, paramilitarismoaren eta kontrainsurjentziaren egitura ideologikoak oso txertatuta baitaude indar militarretan.
Horregatik Petrok etengabe aldatzen zituen goi mailako buruzagi militarrak, asko “faltsu positibo”-etan (exekuzio estrajudizialak) eta giza eskubideen urraketetan inplikatuta baitaude. Aitzitik, De la Espriellaren Gobernuarekin ez da horrela izango. Kolonbiako etorkizuneko kantzilerrak Israelekin egingo du bere lehen bilera diplomatikoa, eta horrek jada militarizazioa zein norabidetan joango den erakusten digu.
Zergatik aukeratzen du, orduan, Kolonbiako gizartearen gehiengoak De la Espriellarena bezalako aukera bat?
Uste dut Kolonbiako gizartearen sektore handi bat kontserbadorea, kontrainsurjentea eta paramilitarra dela. Gizartea bera. Eta badago jendea, Kolonbiatik kanpo zein barruan, De la Espriellaren proiektu politikoaren alde kontzienteki bozkatu duena.
Autokritika ere egin behar dugu: gobernu nazional edo tokikoen bidez boterea badugu, begiratu behar dugu norekin egiten ditugun aliantzak, nola hartzen dugun parte eta nola proiektatzen dugun Kolonbian ezkerreko edo progresista den gobernu bat modu hurbilagoan. Zaila da bake politikarako proposamen zehatz eta landurik ez badago; benetan eztabaidatu behar da paramilitarismoa desegitea, ez soilik termino militarretan, baita politiko eta ideologikoetan ere.
Badago, halaber, aldaketa politikoa ikuspegi elektoral huts gisa hartu zuen sektore bat, eta ez hurrengo prozesurako gizarte oinarriak prestatzeko modu gisa; izan ere, jazarpena, presioa, seinalatzeak, desprestigioa, asmakeria judizialak, militarizazioa eta beste hainbat egoera ez dira desagertu. Horregatik, Freytter Elkarteak, adibidez, geldialdi bat egiten du uztailaren 20aren aurrean eta esaten du: «Bai, kolonbiartzat aitortu behar dugu geure burua, Kolonbiako kultura ospatu eta ekarri behar dugu, baina baita datozen lau urteetan uztailaren 20a nolakoa izango den kritikoki hausnartu ere».
Zer falta izan zaio Cepedari? De la Espriellaren meritua izan da gehiago, edo alderdi historikoaren eta Ivan Cepedaren porrota?
Bere kanpaina oso apala izan da. Kolonbiako hauteslearengan portaera politiko berri bat sortzen eta beste sektore sozial batzuetara hurbiltzen saiatu da, baina hor hutsuneak izan ditu, joko elektoral batean jokoa hauteskundeena baita; ez dago beste esparrurik. Beste komunitate batzuetara gehiago hurbiltzea falta izan zaio. Adibidez, ez zen nahikoa izan Cepeda Madrilera joatea Europako kolonbiar guztiekin biltzera. Nire ustez, kolonbiar biztanle ugari dituzten Europar Batasuneko herrialde handietan ere bira bat egin behar zuen.
Gainera, eguneroko militantzian eta bere aholkulari taldean parte hartze handiagoa zuen joko politiko bat sortzea falta izan zitzaion. Cepeda figura ordezkatzailea da, baina nortasun oso zentrala du, Kolonbiako hiriburukoa da. Abelardok probintziakoa izatearen faktorearekin jokatu zuen, nahiz eta bere nortasun agirian Bogotan jaio zela agertu. Eta horrek errotzea ematen dio zenbait eskualdetan. Horrek ere nolabaiteko sinesgarritasuna eta ibilbidea ematen lagundu zion, Petrok hauteskunde iruzurrari buruz egindako inpugnazio edo akusazioen aurrean.
Hauteskunde iruzurrik egon al zen?
Horri buruzko eztabaida dago, baina, iruzurra baino gehiago, uste dut kontua dela jada bermatuta zutela Kolonbiako hauteskundeak lapurtuko zituztela. Eta horregatik erabili zituzten AEBko enpresa informatikoak, AEBn bizi diren hautesleen artean eragiteko, han kolonbiarren gehiengoa Centro Democraticoren aldekoa baita, nahiz eta plaza hori Abelardok hartu duen. Israelen, AEBn eta Kolonbian bertan ere botoan eragiteko saiakerak egon ziren.
Zure aita nola gustatuko litzaizuke gogoratzea? Pertsona bera baino gehiago, kasua.
Nik uste dut paramilitarismoaren aurkako borrokaren kasu gisa gogoratu beharko litzatekeela; herrialdean lan eta sindikatu eskubideen defentsarako, beste Kolonbia baten aldarrikapenerako: Kolonbia inklusibo, demokratiko bat, ezkerreko proiektu batekin eta aberri handiaren ikuspegiarekin.
Uste dut hori garrantzitsua litzatekeela gogoratzea, eta, batez ere, pentsamendu kritikoaren defentsa. Hori izango da datozen lau urteetan gai eta apustu politiko garrantzitsuetako bat. Freytter auzia berriro ere ardatz egituratzaile izango da, Abelardoren Gobernuaren aurkako oposizio politikoa egiteko elkartuko gaituen ardatza, Gobernu narkoparamilitarra eta faxista baita. Hemendik publikoki esaten dugu: Freytter Elkarteak, oposizio politikoa egingo dio Gobernu honi, eta gure gaitasun humano, intelektual eta politiko guztia erabiliko dugu paramilitarismoaren, ustelkeriaren eta Estatuko agenteen, eredu ekonomikoaren eta giza eskubideen urraketen arteko loturak salatzeko. 25 urte hauetan ere ikasgai eta ikaskuntza bat eman diogu euskal gizarteari. Kolonbiar eta euskaldun, erbesteratu gisa, erakutsi dugu posible dela diskurtso kritikoari eustea, baita arreta gutxiko uneetan ere, azkenean arrazoia izaten amaitzen duen diskurtsoari.
Eta arrazoia da, paramilitarismoa desegiten ez bada, bake politikari eta Kolonbiako gatazkari irtenbide integrala ematen ez bazaio, gobernu faxista eta paramilitarrak izaten jarraituko dugula, eta horiek nazioarteko politika, politika nazionala eta herrialdeko giza eskubideen defentsa zuzenduko dituztela. Horregatik, salatzeko eta mobilizatzeko betebehar etikoa eta erantzukizun historikoa dugu.




Deja un comentario