Kaleko Afari Solidarioetara bertaratzen eta bideoak grabatzen aritu dira, udaltzainei deitzeko eta ekimena «problematiko» modura saltzeko. Udalak afariak debekatu izana txalotu du PPk: «Ongi etorri argira, bazen ordua, sei urteko atzerapena daramazue».

Dorleta Agiriano-ren testua / GEDAR Langile kazeta

Donostiako Udalak (EAJ-PSE-EE) Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatu izanak badu testuinguru bat: PP alderdiko zinegotziek (tartean Borja Coromiras) eta euren eskutik doan Lo que no te cuentan de Donosti (LQNTCDD) dibulgazio-kanala kudeatzen duten pertsonek asteak daramatzate afarietara hurbiltzen, euren kriminalizazio-kanpaina indartzeko. KASeko boluntarioek eman dute horren berri.

Donostiako hiru lekutan banatzen ziren afari solidarioak gaur egun, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aterpean. Bada, PPkoak eta LQNTCDDkoak astero-astero egon dira aldundian ematen diren afarietara bertaratzen, ekimena «problematikotzat» saltzen saiatzeko: janari bila hurbiltzen ziren pertsona etorkinak grabatzen aritu dira, haiek seinalatu ahal izateko eta udaltzainei deitzeko aitzakia bat edukitzeko. Horren helburua argia izan da: Kaleko Afari Solidarioak kriminalizatzea, elkartasun-ekimenaren debekuari bide egiteko.

Kanpaina horren barruan, PPk denbora zeraman Donostiako Udalari eskatzen afari solidarioak debekatu zitzala, «segurtasunari» lotutako arrazoiak argudiatuta: elkartasun-ekimena «segurtasun» arazoen iturri bailitzan seinalatu dute faxistek. Ekainean, PPk afariak debekatzeko mozio bat aurkeztu zuen udalean, baina ezetz bozkatu zuten bai EAJk bai PSE-EEk. Handik hilabetera, jarrera aldatu dute udal-gobernuko bi alderdiek: Kaleko Afari Solidarioak debekatzeko ebazpen bat onartu dute, PPk mahaigaineratutako argudioak erosita eta faxistei men eginda.

Coromirasek harrokeriaz txalotu du neurria sare sozialetan: «Ongi etorri argira, bazen ordua, sei urteko atzerapena daramazue». Izan ere, sei urte dira Donostiako boluntario-sare handi batek afari solidarioak banatzen dituela kaleetan, muturreko pobrezia-egoeran dauden ehunka pertsonei otordu bat bermatzeko. Gaur egun, 300 bat lagunek dute afaria horri esker, eta udalak ez du inolako alternatibarik eskaini haientzat, Kaleko Afari Solidarioak debekatu ondoren.

Deja un comentario

Tendencias