Bilboko manteroek kontatu digute Poliziaren tratu txar eta oldarkorrek okerrera egin dutela bi urtetik hona, ordaindu ezin dituzten isunetan eta prozesu judizial nahasgarrietan korapilatzen dituztela, eta Bilboko Udalak erantzukizun argia duela horretan guztian. Hori bai, ez dute inolako asmorik haiena ere baden hiritik desagertzeko, eta Inor ez da ilegala ekimena eta herritarren elkartasuna dituzte borroka-lagun.
Mikel Garcia Idiakez / ARGIA aldizkaria
Polizia beti dugu segika, korrika alde egin behar dugu eta gertatu izan zait ihesaldian nahi gabe talka egitea adineko emakume batekin eta bera lurrera erortzea; oso gaizki sentitu naiz horregatik. Nahikoa litzateke Poliziak esatea ezin dugula hor egon, altxatu eta joateko, baina ez, jarraika hasten zaizkigu eta beldurrez aritzen gara, zeren harrapatzen bagaituzte merkantzia kentzen digute, edo batzuetan 24 orduz komisarian edukitzen gaituzte, beste batzuetan isuna ere jartzen digute. Alokairua eta jana ordaintzeko lanean ari gara eta 500 euroko isuna ordaindu behar izatea zama handia da guretzat”. Bilbon bizitzen zortzi urte inguru eta azken bostak mantero gisa daramatzan Baye Mor da mintzo dena, Mbolo Moye Dooleko kidea. Bilboko kale-saltzaile senegaldarren elkartea da Mbolo, eta Inor ez da ilegala ekimenaren sustatzaile, ARGIArekin elkarlanean.
https://bideoak.argia.eus/videos/embed/0489737b-ff8e-4f72-86ac-81bdde567eb7?title=0&warningTitle=0
Poliziaren jazarpenagatik mantero lana gero eta zailagoa bihurtzen ari dela salatu du Mboloko presidente Bouba Diof-ek. Duela hamaika urte iritsi zen Bilbora eta zortzi bat urte daramatza Mbolo elkartean. “Polizian jende gazte asko sartu da eta batzuk oso agresiboak dira, guretzat ez da batere lagungarria izan. Batzuetan kotxean datoz, abiadura handian, jende asko dagoen kaleetatik, manteroak urduri jartzen dira eta egoera oso desatseginak bizitzen ditugu”. Duela bi urte, polizia andana gerturatu zen Abandon salmentan ari ziren manteroengana, txakur eta porrekin; iskanbila hark mugarria ezarri zuen. “Ordutik, patruilak biderkatu egin dira Alde Zaharrean, etengabe bueltaka aritzen dira kotxez eta ez diete manteroei euren lana egiten uzten”, dio Dioufek. Egoerak okerrera egin duela eta Aste Nagusia puntu beroa izaten dela ohartarazi dute gure elkarrizketatuek: “Jaiak hasi baino astebete lehenago jada Polizia manteroekin arazoak bilatzen aritzen da, eta festak iraun bitartean egoera txarra izaten da”, dio Mor-ek.
B. Mor: «Nahikoa litzateke Poliziak esatea ezin dugula hor egon, baina jarraika hasten zaizkigu eta beldurrez aritzen gara; merkantzia kendu, isuna jarri edo 24 orduz komisarian edukitzen gaituzte»
Eguneroko errealitatearen isla, astebete lehenago gertaturikoa kontatu digu Elena Bezanilla Manteroekin Bat plataformako kideak. Alde Zaharrean paseatzen ari zela, sei polizia ikusi zituen “mutiko beltz baten aurka, belauna buruan jarrita”. Mutikoa ezagutzen du eta Bezanillari azaldu zion lanetik bueltan bat-batean gelditu zutela. “Eta zerbait leporatu behar diotenez, poliziari arma bat harrapatzen saiatu zela esan zuten!”. Ekintzaileak salatu du sortzen diren dispositibo polizialak gehiegizkoak direla, “txakurrekin ere joaten dira batzuetan, tratua erabat deshumanizatzailea da”, eta inpunitatez jarduten dutela gehitu du: “Askotan, dirua kentzen diete manteroei, eta paperak ere bai, eta ez dago ekintza horien erregistrorik; poliziak agertu daitezke, paperak eskatu, salgaiak kendu, etxera jarraitu, edozer leporatu… eta ez dago horren aurrean defentsarako aukerarik”.
Kaletik epaitegietara
Hainbatetan, Poliziak isuna jartzen dio manteroari, edo komisarian bukatzen du kale-saltzaileak, eta askatzen dutenean, “kito, bukatu da” pentsatzen du haietako askok, baina handik denbora batera zitazioa iritsi dakieke, dirutza eskatuz. “Makineria legala buroerrepresio handia da, ulertzeko oso konplexua, eta askok ez daki zer egozten zaien ere”, dio Bezanillak. Konplizitate sare bat dirudiela azpimarratu digu: “Behin Poliziak salaketa jarrita, atzetik datoz marka handiak izugarrizko dirutza eskatzen, manteroak saltzeko duen eta kopia bat den kamiseta bakoitzagatik exijitzen diotelako ordaintzea kamiseta originala balitz bezala, eta horiek pilatuz izugarrizko kopurutara goaz, manteroek ordaindu ezin dituztenak, noski. Astakeria zentzugabe bat da dena”. Manteroak Bat plataformaren arabera, 200 espediente baino gehiago ireki ditu Ertzaintzak kale-saltzaileen aurka, eta kartzela eskaerei eta 1.000 eurotik gorako kalte-ordainei egin behar diete aurre. Manteroak laguntzen saiatu eta auzitan bukatu duenik ere bada.
Mboloko presidenteak zehaztu du 500 eurotik 3.000 eurorainoko isunak direla. Inor ez da ilegala ekimeneko jertse, poltsa, kamiseta eta bestelako produktu bakoitzaren etekin ekonomikoak ARGIAren eta Mboloren artean banatzen dira, eta diru hori, besteak beste, isun eta prozesu judizial hauek guztiak ordaintzeko erabiltzen ari direla azaldu du Bouba Dioufek. “Edo adibidez manteroari saltzeko daukana kentzen badio Poliziak eta dirurik gabe geratzen bada, laguntzeko diru-poltsa bat dugu hor”.
B. Diouf: «Polizian jende gazte asko sartu da eta batzuk oso agresiboak dira. Kotxean datoz, abiadura handian, jende asko dagoen kaleetatik, eta egoera oso desatseginak bizitzen ditugu»
“Oso-oso nekatuta gaude, oso nekatuta –diosku Baye Mor saltzaileak–. Nik adibidez 380 euro ordaintzen ditut logela batengatik; lanik gabe geratzen banaiz, zer egingo dut, nondik aterako dut dirua? Saltzera atera behar dut, diru pixka bat lortu eta jana eta ostatua ordaintzeko, nire amari ahal dudana bidaltzeko… baina ezin dugu lasai ibili, eta akigarria da”.
Udala, hiri-eredua eta segurtasuna
Zergatik da egoera hain oldarkorra Bilbon? Mboloko presidentearen ustez, erabaki politikoa ere badago atzean eta Bilboko udal gobernutik agindua datorkie poliziei, manteroekin zorrotz jokatzeko. Dioufen iritziz, turismoak itsututa batzuen interesak defendatzen dituen hiri eredura makurtzen da udal gobernua, beste batzuk bigarren mailako herritar bilakatzen dituen bitartean: “Udalak hiri diseinu bat du buruan, zeinetan ez dituen nahi manteroak kalean saltzen. Ez dute nahi turistek hiriaren ikuspegi hori izatea, ez dute nahi turistek gu ikustea, baina gu hemengoak gara, hemen bizi gara eta lana kalean egiten dugu, gurean jarraituko dugu”.
Bilboko kaleetan musikariak, dantzariak, malabaristak, gida turistikoak, stand promozionalak, performanceak eta beste makina bat langile ikusten direla nabarmendu du Bezanillak, baina inori ez zaiola eskatzen manteroei eskatzen zaiena: “Kalea erabiltzeko eskubidea batzuei baino ez zaie onartzen”. Eredu polizialaren inguruko gogoeta jarri du mahai gainean, eta datorrena are okerragoa izan daitekeela ohartarazi du, “segurtasunaren hizkuntza aitzakia hartuta”. Azken finean, politikarien ahotan modan dago segurtasunaren diskurtsoa eta gero eta politika gehiago ezartzen ari dira horren bueltan. “Beldur gara, xenofobiari eta arrazismoari lotuta datorren diskurtsoa delako, eta ez duelako hobetzeko itxurarik”.
Udal gobernuarekin egindako bilerak “ez dute ezertarako balio izan”, dio Dioufek; “gertu ditugun arren, urruti gaude”. Behin eta berriz udalari errepikaturiko eskaerak bakarrean laburbildu daitezke: “Bakean utz gaitzatela gure jarduna egiten”. Eta bide horretan, Bilboko Udalak gehiago egin dezakeela ez du zalantzarik Baye Mor-ek: “Esan diezaioke Poliziari guri lasai joaten uzteko, ez dagoela zertan atzetik jarraitu, eta erabaki dezake baita ere zein egunetan saldu dezakegun, adibidez ostiraletik igandera leku jakin batzuetan baimenduta”.
E. Bezanilla: «Behin Poliziak salaketa jarrita, atzetik datoz marka handiak izugarrizko dirutza eskatzen, manteroek ordaindu ezin dituztenak, noski. Astakeria zentzugabe bat da dena»
Zehazki, udal gobernuarekin izandako hartu-emanetan bost eskaera helarazi dizkiote, bete ez direnak: botere abusua baliatzen duten polizien jarraipena, kontrola eta zigorra aplikatu ditzala; poliziek kale saltzaileen dokumentazioa edo bestelako objektu pertsonalak ez ditzatela hartu, gainera oinarrizko eskubideen aurka doalako; kale-saltzaileen produktuak konfiskatzeko praktikari amaiera eman diezaiotela agenteek; beste lurralde batzuetan egin den moduan, salmentarako espazio seguruak eta ordutegiak adostea, bai Aste Nagusian, bai auzoetako jaietan; eta azkenik, hau ere herri askotan bezalaxe, udal kiroldegietan pertsona manteroak sartu ahal izatea, baldintza duinetan garbitu eta deskantsatu ahal izateko.
Udazkenean, udaletxeko osoko bilkuran norabide horretan joango den mozioa aurkezteko asmoa du Manteroekin Bat plataformak.
Herritarren babesa
Bilboko Aste Nagusian, elkarretaratze jendetsuak utzi dizkigu Manteroekin Bat plataformak, polizia gehiegikeriak salatzeko eta manteroei elkartasuna adierazteko 2024an sortua. Bertan dira, besteak beste, Bilboko Konpartsak, SOS Arrazakeria Bizkaia, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Emigrad@s Sin Fronteras. Herritar ugariren enpatia eta babesa dute kale-saltzaileek eta hori funtsezkoa dela iritzi dio Elena Bezanillak: “Elkartasun hori guztia oso inportantea da, sortzen duen tentsioa kontuan hartzen dutelako politikariek. Gehiegikeriak frenatzeko tresna da elkartasuna, jende ahalik eta gehien batzea, zeren politikariak euren irudiari eta hedabideetan eta sare sozialetan haietaz esango denari begira daude eta ez dute euren irudia zikintzerik nahi”. Hala, Bizirautea ez da delitua. Batu manteroen erresistentziara! lelopean elkartasun deia egin dute berriki Mbolotik eta Manteroekin Bat plataformatik.
B. Diouf: «Udalak ez du nahi turistek gu ikustea, baina gu hemengoak gara, hemen bizi gara eta lana kalean egiten dugu, gurean jarraituko dugu»
Bouba Dioufek zuzenean udal gobernuari mezua helarazteko baliatu du solasaldia: “Immigrazioa beti egongo da hemen, bertan jaioak ere kanpoan izan ziren duela urteak, eta Senegalen ere badira euskaldunak, arrantzan adibidez. Agintariei eskatzen diet gogoratu dezatela zer den migratzea, paperik gabe egotea eta lan duin baten atzetik ibiltzea, ea horrela gure egoera ulertzen duten eta errespetatzen gaituzten. Hurbildu dadila udal gobernua gugana, etor dadila gurekin hitz egitera, eta ziur naiz harremanetan jartzen bagara konponbide bat aurkituko dugula denon artean”.
.jpg)
Mbolo Moye Doole: batzeak indartzen gaitu
Manteroen egoera ikusarazteko eta aldatzeko lanean dihardu Mbolo Moye Doole elkarteak. “Gero eta jende gehiagok ezagutzen du Poliziarengandik jasaten dugun jazarpena eta oso inportantea da hori”, azpimarratu du Baye Mor solaskideak. Bouba Dioufek gogoratu du Mbolo Moye Doole esaldiak “batzeak indartzen gaitu” esan nahi duela wolof hizkuntzan, “eta hori da gure espiritua, borroka hau denon indarrak batuz egitea”.
Inor atzean gera ez dadin elkarren indarrak batzea ere badute helburu, kolektiboaren barruan behar duenari sostengua emateko erreminta delako Mbolo, eta hor kokatzen da Inor ez da ilegala ekimena. 2018an, ARGIA harremanetan jarri zen Mbolorekin, erreportaje bat egiteko: manteroek lortua zuten legalki saltzen aritzeko lizentzia, autonomo bezala kotizatzen ari ziren, eta egun batetik bestera esan zieten gutxienez 800 euro kotizatu behar zituztela, bestela ezin zutela autonomo jarraitu. 800 euro kotizatzea izugarria da kale salmentan, ez dira kopuru horretara iristen, eta beraz, berriro ere ilegaltasunera kondenatu zituzten. Artikuluaren harira jaiotako harremana elkarlan bihurtu eta Inor ez da ilegala sortu zen, aldarrikapena barreiatzearekin batera bai ARGIA bai Mbolo diruz indartzeko asmoz.
58.400 euro eman dizkio Inor ez da ilegala egitasmoak Mbolori. Isun eta prozesu judizialei aurre egiteko erabiltzen dute dirua, baita gehien behar duenari laguntzeko ere
Orain arte saldu ditugun poltsa, jertse eta kamisetei esker, gutxienez 58.400 euro eman dizkio Inor ez da ilegala egitasmoak Mbolori. Aipatu dugunez, isun eta prozesu judizialei aurre egiteko erabiltzen dute dirua, baina ez horretarako bakarrik. Hasieran, kooperatiba sortzeko gorde zuten, baina traba trabaren atzetik, bertan behera geratu zen ideia. Pandemia garaian, ezin kalera atera eta ezin ezer saldu, erresistentzia kutxa sortzeko baliatu zituzten diru sarrerak. Gaur egun ere, etorri berriari, bolada txar bat igarotzen ari denari, gehien behar duenari… laguntzeko erabiltzen dute, eta lokal bat ere hartu dute, behar duenak deskantsatzeko tokia izan dezan, “negu sasoia batzuentzat oso gogorra izan baita”, kontatu du presidenteak. Duela pare bat urte, errepresiotik eta krisi politikotik ihesi senegaldar gazte ugari hona ailegatu zirela-eta, Mbolo hazi egin dela gehitu du Dioufek.
Euskaraz eta wolofez, Inor ez da ilegala / Amul been nit ku leegalul aldarrikapena daramaten jantziak eskuratzeko, jo ARGIAren Azokara, eskatu Mbolon edo gerturatu Inor ez da ilegala duten salmenta puntuetara (Baionan Epaiska, Gasteizen Eva Forest Liburutopia, Durangon Hitz, Bilbon Saha, La Sinsorga, Zirika eta La casa comprometida, Atxondon Amillena, Donostian Artatxiki eta Kaxilda, Oiartzunen eta Irunen Labore, baita Orlegi ere Irunen, Azpeitian Elkargunea, Lazkaon Biziola, eta Iruñean Karrikiri).
Proiektuak zabaltzen duen mezua argia da: etorkina izateak ez luke delitu izan behar, paperek ez lukete pribilegioa izan behar, denontzako eskubidea baizik, bizimodu duina eraman ahal izateko. Aurten, migratzaileentzako ezohiko eta urgentziazko erregularizazio prozesua onartu du Espainiako Gobernuak. Urte berean, ordea, Europar Batasunak onartu du Europaz kanpoko herrialdeetan migratzaileentzako zentroak zabaltzea, frogatuta dagoen arren paperik gabeak deportatzeko inpunitate eta eskubide urraketa ugariren iturburu direla halako zentroak. Migrazio politikak ankerra eta bidegabea izaten jarraitzen duen adibide bat gehiago baino ez da.
Gainera, lau haizetara zabaltzen segitzen duten hainbat diskurtsok egoera ez hobetzea eta neurriak are gehiago gogortzea ekar dezake. “Beldurra ematen du, bai, eskuin muturra ber-bertan dugula ikusita –onartu digu Dioufek–. Interneten eta sare sozialetan gero eta gehiago entzuten ditugu diskurtso xenofobo, arrazista eta tankerakoak; diskurtso horiek gai dira zenbait jende harrapatzeko eta gure kontra jartzeko. Horrek guztiak beldurra ematen du”.
Mezu erreakzionarioen aldean, diskurtso alternatiboak garatzeko eta justizia sozialaren aldeko borrokan bat egiteko beharra agerikoa da, baita populismotik urrun diren migrazioaren inguruko kontakizun eta errelatoei leku egiteko premia ere. Hain justu, ikasturte honetan belaunaldi gazteekin jardun du zeregin horretan Pape Niang-ek. Hasiera berri bat liburuaren protagonista da Niang, Inor ez da ilegala ekimenaren baitan ARGIAk argitaratua. Influencer eta algoritmo zenbaitzuk gorrotorako bazka arriskutsua dira nerabeen artean, eta aurreiritzi, diskurtso eta pentsamolde ugari kritikoki lantzen lagundu dute Pape Niangen bizipenek eta gogoetek, liburuaren aitzakian antolatutako solasaldietan. Orioko (Gipuzkoa) Zaragueta herri eskolak eta Andoaingo (Gipuzkoa) Leizaran institutuak gonbidatuta, bere esperientzia zuzenean kontatu die Niangek gazteei: Senegaldik Euskal Herrira egindako bidaia fisikoa eta barne-bidaia azaldu die, Europak sortzen duen lilura, bidaiaren gogorra eta arriskua, Poliziaren jazarpena, jasandako umiliazioak, preso emandako sasoiak, sufrituriko esplotazioa… eta esplikatu die Afrika oso aberatsa dela baliabidetan, baina ondasun hori guztia ez dela herritarrengana iristen, neokolonialismoa eta bertako agintari ustelduak tarteko.
“Non jasan duzu arrazakeria gehien?” jakin nahi izan dute ikasleek. Pape Niangen erantzuna, laburra bezain zorrotza: “Arrazakeria leku guztietan dago, ez dago arrazakeriatik salbu den herrialderik ez ingururik, baina pertsona bakoitzaren esku dago hori nola gestionatu, nola jokatu”.




Deja un comentario