Aitor Biain – Iosu Alberdi / Berria
Donibane Lohizunen (Lapurdi) ikusi zuten azkeneko aldiz. Gaua bizitoki zuen apartamentuan eman ondoren, goizeko bederatzietan atera zen etxetik. Ustez, Consolation izeneko kafetegian behar zuen hamarretarako, baina inoiz ez zen iritsi. 1976ko uztailaren 23a zen. Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur Hendaiara abiatu zen goiz hartan, autoz, Francisco Mujika Garmendia Pakito eta Miguel Angel Apalategi Apala erakunde bereko kideekin batera. Biriatun utzi zuten, Gipuzkoako mugatik gertu dagoen bidegurutze batean. Haren berririk ez da ordutik. 50 urte igaro dira desagertu zenetik, eta arrastoren baten bila jarraitzen dute oraindik.
Desagertu eta azaldu ez den lehen euskal militantea izan zen Pertur; gerora, Jose Miguel Etxeberria Naparra eta Jean-Louis Larre Popo ere desagerrarazi zituzten: Etxeberria, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea, 1980an desagertu zen; Larre, Iparretarrak erakundekoa, 1983an. Pertur, 1950eko urriaren 13an Donostian sortua, gaztetatik nabarmendu zen bere jardun intelektualagatik; ez soilik politika arloan, baita kulturari eta, zehatzago, musikari lotuta ere. Pultsio horrek eraman zuen frankismoaren azken urteetan ETAra batzera, eta haren zeregin nabarmenenetako bat izan zen militante berrien formakuntza politikoa.

Erakundearentzako garai zail batean, Burgosko Prozesuak eragindako berrantolaketa prozesu betean, sasira joan behar izan zuen, eta 1972an Donibane Lohizunen erbesteratu zen. Izan ere, Urdazubin erakundeko fronte kulturaleko zenbait kidek Guardia Zibilarekin izandako tiroketa batean, Jonan Aranguren Iharra hil zuten poliziek, eta haren agendan Perturren datuak ere bazeuden; hark eraman zuen Iharra Donostiatik Urdazubira autoan. Polizia etxera bertaratu zenerako, baina, muga zeharkatua zuen.
Hala, Ipar Euskal Herrian bizi izan zen errefuxiatu gisa, 1976an desagertu zen arte. Han zen ETAk bere historiako zatiketarik garrantzitsuena izan zuenean: milien eta polimilien artekoa. Azken horiekin bat egin zuen Perturrek; erakundearen egitura politiko-militar bat babesten zuten haiek, «higatze gerra» baten alde eginda. Mugimendu hark zer zuzendaritza izan behar zuen, horren inguruko eztabaidak eragingo zuen gerora barne gatazka bat ETApm-n. Eta eztabaida horretan berebizikoa izan zen Perturren ekarpen politikoa.
Ordurako, erakundeko ideologo nagusietako bat bihurtu zen, eta, zenbait buruzagiren atxiloketaren ostean, leku nabarmena hartu zuen erakundearen buruzagitzan. Hain zuzen, hura izan zen Xabier Garaialde Erreka-rekin eta beste zenbait kiderekin VII. asanblean eztabaidatuko zen Otsagabia txostena idazteko arduraduna. Dokumentu hark antolaketan banaketa bat egitea aurreikusten zuen, lan politikoa eta militarra bereizita. Lehena alderdi abertzale eta iraultzaile batek hartuko zuen, eta, erakunde armatuaren antolaketa autonomoa izatea aurreikusten bazuen ere, ezarritako prozesu iraultzailearen norabidea alderdiak zuzenduko zuen. Hala, borroka armatuak «disuasio-indar rol bat» izango zukeen, «herritarren konkistak bermatzeko». Hau da, zenbait lanetan argitaratu izan denaren kontra, ez zuen borroka armatua baztertzera deitzen.
Erakundeko gehiengo handi batek babestu zuen Otsagabia, behin Pertur desagertuta zegoela. Eta, horren ondorioz, 1977an sortu zuten Euskal Iraultzarako Alderdia, rol hori hartzera deitutako alderdia; EIA, gerora, Euskadiko Ezkerra koaliziora batu zen; 1982an, EE alderdi bihurtuta, EIA desagertu egin zen.
Gerra zikinaren mamua
Perturri dagokionez, haren desagerpenaren inguruan hainbat hipotesi ibili dituzte harrezkero, baina bi dira nagusiak. Pertur ETApm-ko Bereziak taldeko kideek bahitu eta hil zutela da bat; bestea, Espainiako zerbitzu sekretuek aginduta hil zutela, Espainiako eskuin muturreko kideen, polizien edo Italiako neofaxisten laguntzarekin. Gaur egun, ordea, «ez dago daturik bata ala bestea egiantzekoagoa dela esan ahal izateko
Hala dio, hain justu ere, Eusko Jaurlaritzaren eskariz EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak 2017an egindako ikerketa txostenak. Txostenak ez du hipotesi baten edo bestearen alde egiten; kasuari buruz orain arte ezagutarazi diren datuak baino ez ditu biltzen, eta testuinguruarekin osatu gero. Pertur desagertu aurretik eta ondoren izandako gertakari batzuek lotura baitute bi hipotesiekin; izan ere, 1976a urte mugitua izanak are gehiago zailtzen du egia jakiteko lana.
Batetik, nabarmen ugaritu ziren Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik zeuden militanteen kontrako erasoak, hala indar parapolizialenak, nola eskuin muturreko taldeenak, Espainiako polizia zerbitzuen laguntzarekin. Pertur desagertu baino bi hilabete lehenago, esaterako, Jose Bernardo Bidaola Txirrita ETApm-ko kidea desagertu zen, Sara (Lapurdi) eta Etxalar (Nafarroa) artean. Handik egun batzuetara aurkitu zuten gorpua, Sarako basoko erreka batean.
Desagertu aurreko hilabeteetan, Espainiako eskuin muturreko zenbait taldek mehatxuak egin zizkioten Perturri ere. Eraso egin zioten haren gurasoen Irungo etxeari, eta haren ama ere Poliziak hiru egunez eduki zuen atxikita. Gerra zikinaren lehen oldarraldia zen hura, eta ETAko kideen aurkako erasoak diru truke eskaintzen ziren Espainiako egunkarietan.
Pertur desagertu eta gutxira, ATE eta Triple A taldeek euren gain hartu zuten bahiketaren erantzukizuna. Hala adierazi zieten Espainiako berri agentziei telefonoz egindako dei baten bitartez, EHUren txostenean jasotzen denez. ETApm-ko buruzagia hilik zegoela ere adierazi zion BVEk El Correo egunkariari egun batzuk beranduago, ohar bidez. Berripaperetan jaso zuten, halaber, desagertuta zeuden Espainiako bi poliziarekin trukatzeko nahiaren zurrumurrua ere. Era berean, ikerketa lan baten ostean, Xavier Vinader kazetariak argitaratu zuen Euskal Herrian aritzen zen eskuin muturreko talde bateko kideek horietan infiltratutako polizia ohi bati aitortu ziotela Pertur bahitu, hil eta «Frantzia hegoaldeko» hilerri batean lurperatu zutela.
Froga horietako batzuk eta zenbait elkarrizketa kontuan izanda, Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren ikerketa batek berriki ondorioztatu du «estatu egiturekin lotutako operazio planifikatu bat» izan zela.
Barne gatazka
Baina baieztapen ofizialik ez dago, eta desagerpena ETApm-ko bereziei egozten dien hipotesia ere mahai gainean dago. Perturren familiak hauspotu zuen hura, Unesco katedraren txostenak jasotzen duenez. Hura desagertu eta urte eta erdira egindako prentsaurreko batean Bereziak taldea jo baitzuen susmagarri nagusitzat, erakundean barne desadostasunak zirela aipatuta. Erakundeko adar militarreko kideak ziren Bereziak, hura militarra izatearen alde egin zutenak, eta haien eta Perturren taldearen arteko gatazkak gora egin zuen, esaterako, Angel Berazadi Uribe enpresaria bahitu eta hil zutenean, 1976ko martxo-apirilean. ETAk hil zuen lehen enpresaria izan zen Berazadi, eta ETAren bahituen artean lehen hila.

Gertaera horrek eragin handia izan zuen euskal gizartean, baina baita ETApm barruan ere. Horiek horrela, Perturrek, erakundeko beste agintari batzuekin batera, agintarien konferentzia egiteko eskatu zuen, Biltzar Ttipia delakoa, gertatua argitzeko eta erakundearen ibilbide osoa aztertzeko. Baina bilkura hasi baino bi egun lehenago, militantzia kide batzuek bahitu egin zuten, diziplinarik eza eta «informazio ihesa» leporatuta. Bilkuran parte hartzea galarazi nahi zioten, baina askatu egin zuten azkenean, gehiengoak eskatuta.
Txostenaren arabera, topaketa haren ondoren ETApm-ren zuzendaritza berriak etxebizitzaz aldatzea gomendatu zion Perturri, Berezien «errepresalia posibleak» saihesteko. Garai hartakoa da, halaber, Perturrek bere bikotekide Lurdes Auzmendiri berezien jarrera kritikatzeko bidalitako gutuna; «aurkariak ezabatu» nahia egozten zien.
50 urte geroago, baina, ez da haren gorpuaren arrastorik, gertatutakoa argitzeko egin diren ahaleginak hainbat izan badira ere. Perturren familiak salaketa bat ere aurkeztu zuen 2008an, Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina epaileak artxibatu egin zuen lau urte geroago, zer gertatu zitzaion argitzerik ez zegoelako.




Deja un comentario