1976ko udan, manifestazioak egiteko oztopoen aurrean, Euskal Herriko hiri zein herrietako jaiak aldarrikapen politikoak egiteko agertoki bihurtu zituzten herritarrek; izan Perturren desagerpenaren salaketa, izan debekatutako ikurrinaren haizatzea, edo amnistiaren aldeko aldarrikapena. Indultuen bidez preso batzuk kaleratu zituzten arren, kartzelan jarraitzen zuten 100 euskal preso politiko baino gehiagok, eta horiekiko atxikimendu politiko eta afektiboa oso zabaldua zegoen euskal gizartean. Leku askotan jaiak Poliziaren esku-hartzearen ondorioz bukatu ziren eta uztailean Santurtzin eskuin muturreko inkontrolatuek ‘Normi’ Mentxaka  hil zuten. Iraila Donostiako estropadetan antolatutako manifestazioaren aurkako Poliziaren oldarraldiarekin hasi zen, eta, hiru egun geroago, Hondarribiko festetan, dena lehertu zen.

Jon Martinez Larrea / ARGIA aldizkaria

Irailaren 8a, Alarde eguna, Hondarribiko jaiak ezustekorik gabe igarotzen ari ziren. Iluntzean, 200 gazte inguruk ibilaldi bat hasi zuten ikurrina txikiekin, tartean “Pertur askatu”, “presoak etxera” edo “amnistia” aldarrikatu zituztela. Polizia agertu eta taldea sakabanatu egin zen, baina ordurako kale nagusiak gizon armatuek hartuta zeuden eta, manifestariak ihes egin nahian ari zirelarik, “bizpahiru metrotara zegoen goardiaren [guardia zibilaren] tiroz zerraldo erortzen da Jesus Maria Zabala”, jaso zuen Zeruko Argia-k bere 704. astekarian. Gazte batek hilketa leporatu zien militarrei, eta hala erantzun zion haietako batek: “Euskaldun denak garbitu behar genituzke alerik utzi gabe”. Heriotzaz gain, hainbat zauritu izan ziren, eta herritar batek begia galdu zuen.

Josu Zabala Erasun irundarra zen, CCOOko kidea eta Lesakako Laminaciones enpresako langilea. Hil eta gutxira, hil zuten lekuan bertan, herritarrek oroitarri bat ezarri zuten, kandelak eta loreak eraman zituzten, eta dirua jaso zuten familiarentzat. 

“Euskaldun denak garbitu behar genituzke alerik utzi gabe”

Gobernu Zibilak ohar bidez eman zituen gertaeren inguruko azalpenak. Bere esanetan, herritarrek tabernetatik botilak bota zizkieten poliziei, eta azken horiek hainbat taberna hustu zituzten indarrez. “Horietariko batean, guardia zibil bat sartzean, eraso egin zioten aurpegian aulki-kolpe bat emanez, zauri larriak eragin zizkioten, konortea galdu eta ospitaleratu beharra izan zuen. Erasoaren unean, arma erabiltzera derrigortuta ikusi zuen bere burua, eta Jesus Maria Zabala jo zuten”. Oharra hain sinesgaitza zenez, hurrengo egunean bere burua zuzendu zuen Gobernu Zibilak, eta adierazi zuen ikerketaren lehenengo zantzuak ikusita “efekturik gabe” uzten zuela “Jesus Maria Zabala Erasunen heriotzarekin zerikusi zuzena duten inguruabarren azalpena, Gobernu Zibil honek argitaratutako aurreko oharrean aipatzen zena”.

Hurrengo egunean, Hondarribiko alkate Mercedes Iridoyk eta udalbatza osoak dimisioa eman zuten, festak bertan behera utzi eta manifestazio bat deitu ostean. Aurretik, gobernadoreak promesa egin zion alkateari Guardia Zibila ez zela herrian sartuko, baina ez zuen bere hitza bete. Beste horrenbeste gertatu zen udalak deitutako manifestazioarekin, eta gobernadoreak kontrakoa ziurtatu arren, azkenean poliziek herria hartu eta manifestazioaren aurka oldartu ziren.

Zabalaren hileta Irunen. 10.000 pertsona inguru bildu ziren, garaiko prentsaren arabera. Argazkia: ARGIAren FOTOTEKA

Hondarribia eta Irunetik Gipuzkoara

Hondarribiko eta Irungo lantegietan lanuzteak egin zituzten, eta laster zabaldu ziren herrialdean zehar. Adibidez, Pasaiako Luzuriagako langileek manifestazio bat egin zuten eta Poliziaren oldarraldia lantegiraino heldu zen. Horren ondorioz, Pasaiako udalbatzak ere dimisioa aurkeztu zuen. Bitartean, Irunen egindako hiletan 10.000 pertsona bildu ziren Zabalari agurra emateko. 
Aldi berean, Gipuzkoako hamazazpi udalek errepresio poliziala salatu eta kezka adierazi zuten erakundeen jokabidearen aurrean. Gipuzkoako Diputazioak, ordea, indar polizialen jokaera aipatu gabe, “Gipuzkoako herriaren sen onari” dei egin zion, ekimen tradizionalen “politizazioa” saihestu zezan.

Donostiako Zinemaldiaren garaia zen, eta jaialdiak aurrera jarraitu bazuen ere, egun haietako gertaerek oihartzun esanguratsua izan zuten. Esaterako, gala nagusiak bertan behera geratu ziren, El Desencanto filmaren talde osoak Zinemaldia utzi zuen “Euskal Herria jasaten ari den errepresio basatiaren aurka protesta egiteko”, eta hainbat kazetarik ere alde egin zuten.
Zeruko Argia-ren editorialak azpimarratu zuen Hondarribian gertatutakoa ez zela kasualitate bat, kate luze baten azken katebegia baizik, eta salatu zuen Europan manifestazioak normaltasunez egiten ziren bitartean Euskal Herrian, “aldiz, ordena jartzeko dauden gizonen desordenaren beldurrez” bizi zirela herritarrak.

Agerkariak laburtu zuenez, Zabalaren hilketak “Euskal Herri osoa berotu eta aztoratu” zuen: “Manifestazioak, lan-uzteak, huelgak, batzarreak, agiriak, sermoiak eta abar egin dira nonahi. Kaleak hutsik, leihoak beltz, jaiak isil agertu dira leku askotan”. 

Zeruko Argia-ren azala: 704 zenbakia (1976-9-19)

Greba orokorra

Irailaren 13rako oposizioko antolakundeek greba orokorrera deitu zuten, eta mobilizazioa Hego Euskal Herriko txoko guztietara hedatu zen.

Gipuzkoan lanuztea erabatekoa izan zen, 200.000 langile inguruk egin zuten bat deialdiarekin. Langileek fabrikak, bankuak, dendak eta tabernak itxi zituzten, eta 40 urtean lehen aldiz Donostiako hiru egunkariak (Diario Vasco, Unidad, eta La Voz de España) ez ziren kalera atera. Berriak aldizkariaren arabera, arratsaldeko hiletaren osteko manifestazioan 20.000 eta 25.000 pertsona artean bildu ziren, “inoiz Donostian erregistratu den garrantzitsuena”.

Bizkaian 100.000 langilek egin zuten greba. Ezkerraldean eduki zuen eragin handiena, baina jarraipena esanguratsua izan zen Eskuinaldean eta Durangaldean ere, eta Bilbon 30.000 pertsonak manifestazioa egin zuten. Sestaon gertatu ziren eguneko liskarrik gogorrenak: manifestariek, tartean Bizkaiko Labe Garaiak, Naval, General Electric edo Babcock Wilcoxeko langileek, hiru orduz egin zioten aurre poliziaren oldarraldiari. Ostean, Portugalete eta Santurtziraino ihes egin zuten, bidean hainbat barrikada jarrita, autoak, garabiak eta farolak baliatuta. Basaurin ere istilu larriak izan ziren. 3.000 pertsonako asanbladaren ostean, herritarrek udaletxerako bidea hartu zutenean, poliziak eraso egin eta hamarnaka zauritu eragin zituen. Arratsaldean iskanbilak berpiztu ziren, eta iluntzeraino luzatu; Polizia barrikadez betetako kaleetan egoera kontrolatu ezinean aritu zen. Hurrengo egunean indar armatuak ez ziren herrira sartu, eta udaletxeko balkoian ikurrina jarri zuten. 

Bizkaiko Lantegien Koordinadora sortu eta egun gutxitan herrialde osoko 240 enpresa eta 100.000 langile ordezkatzea lortu zuen

Araban grebak Aiaraldean izan zuen jarraipen handiena, eta azpimarratzekoa da Amurrioko lanuzte erabatekoa. Gasteizen, ordea, greba 14an egin zen, 13a jai eguna baitzen. Lantegi handienak jarduna eten zuten, batez ere, urte hasierako greba historikoak bultzatu zituztenak nabarmenduz.

Nafarroan Iruñerriko eta Mendialdeko lantegi gehienak itxi zituzten langileek. Goizeko manifestazioez gain, arratsaldean 10.000 pertsona hurbildu ziren Iruñeko Katedralean egindako elizkizunera, eta horren osteko manifestazioaren aurka egin zuen Poliziak.

Bizkaiko Lantegien Koordinadoraren sorrera

Hurrengo egunean, irailak 14, Gipuzkoa normaltasuna berreskuratzen joan zen bitartean, Bizkaiko langile asanbladetan geldialdiak jarraitzea erabaki zuten. Berriak aldizkariaren ustez, “astelehen goizean izandako talkek indarkeria uholde bat eragin zuten, eta, motelduta egon arren, aste osoa iraun du”. Manifestazio handiak egon ziren Bilboko auzoetan, Basaurin edo Sestaotik Santurtziraino. 

Egun berean Nerbioiko bi adarretako lantegietako 150 ordezkari bildu ziren Bizkaiko Labe Garaietan, eta batzorde bat eratu zuten gobernadorearekin negoziatzeko. Gobernadorearen baimenarekin, 15ean hiru asanblada erraldoi egin zituzten langileek Sestaon (30.000 pertsona), Basaurin (15.000), eta Erandion (5.000). Hiruetan idazki bera irakurri zuten: “Berriz ere, manifestatzeko eskubide demokratikoa gauzatzean, langile bat eraila izan da, eta gure gaitzespena adierazten saiatzean, berriz ere indar publikoak gaizki tratatu eta tirokatu gaitu”.

Zabalaren hileta Donostian. Argazkia: ARGIAren fototeka

Langileek beharrezkoa ikusi zuten lantegiak gelditzea eta kaleak hartzea, Espainiako Gobernuari esateko ezin zela langile baten bizitza akabatu zigorgabetasunez. Horrekin batera, bost aldarrikapen plazaratu zituzten: langile klasearen lan eta bizi baldintzak hobetzea, alderdi eta langile erakunde guztien legalizazioa, amnistia osoa, autodeterminazioa eta askatasun sindikala. Bukatzeko, nabarmendu zuten eratzen ari zen mugimendu asanblearioaren koordinazioa zela, “bizi izan dugun antolakuntza-esperientzia aberatsena”, eta hiru asanbladen onarpena garaipentzat jo zuten.

Horrela, Basaurin martxoan sortutako koordinadoraren adibidea aintzat hartuta, Bizkaiko Lantegien Koordinadora sortu zen; egun gutxitan herrialde osoko 240 enpresa eta 100.000 langile ordezkatzea lortu zuen. Zenbait hilabetetan jardun zuen Bizkaiko langile klasearen erakunde bateratzaile gisa, baina sindikatu handien azaleratzearekin batera, desagertzen joan zen 1977tik aurrera.
Atxilotu guztiak libre utzi arte lanuzteak mantentzea erabaki zuten langileek, baina helburua epe motzean lortzeko ezintasunaren aurrean 48 orduko menia proposatu zuten. Horren ostean, irailaren 20an, beste greba bat egin zen Bizkaian, eta egun hartan askatu zituzten atxilotu guztiak.

Bilboko Poliziaren Buruzagitza Nagusiarentzat egoera arriskutsua zen: “Edozein egoeratan elementu subertsiboek erraztasunez higatzen dute herritarren bizitzaren egoera eta garapen normala”, ohartarazi zuen. “Gehiengo isilak” ez zituen arbuiatu langileen ekintzak eta, hortaz, “pausoz pauso kalearen eta fabrikaren jabe bihurtu dira”. Egoerak “aurre-diktadura gorria”-ren antza zeukala ziurtatu zuen.

Amnistia Osoaren Egun Nazionala

1976ko irailak 27, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideen fusilamenduaren lehenengo urteurrena. Oposizioko talde guztiek greba orokorra deitu zuten, Amnistia Osoaren Egun Nazionala izendatuta. Hemeretzi antolakundek (EKA, PSP, PTE, ORT, MC, PCE, Eusko Sozialistak, KAS –ETApm, EHAS, LAIA, LAB eta LAK, ETAm-ren babesarekin [ETAm ez zegoen oraindik KASen barruan, baina babestu egiten zuen]–, LC, LCR-ETA VI, OICE, PSOE, PCU eta ANV) agiri bateratua kaleratu zuten, salatzeko gobernuak “bere politikari demokrazia itxura eman nahi” zion bitartean, preso gehienek giltzapetuta jarraitzen zutela, eta diktaduraren erakundeak indarrean. “Ez dugu indulturik nahi. Ez dugu ezer barka diezaieten nahi. Amnistia osoa nahi dugu. Gure herriarentzat ez dira terroristak, euren eskuak ez daude odoletan. Sozialki eta nazionalki Euskadiren askatasun osoaren alde borrokatu duten iraultzaileak dira”, adierazi zuten. EAJk, ELAk eta ESBk ez zuten agiria sinatu, baina greban parte hartzera deitu zuten.

“Ez dugu indulturik nahi. Ez dugu ezer barka diezaieten nahi. Amnistia osoa nahi dugu” (Amnistiaren aldeko greba orokor deialdia)

Grebaren aurreko egunetan hainbat itxialdi egin ziren elizetan eta Iruñeko udaletxean, esanguratsuena Bilboko San Antonen, 450 lagunekin. Espetxe askotan preso politikoak gose greban jarri ziren, eta Poliziak manifestazio saiakerak sakabanatu zituen. Salbuespena Tolosa izan zen. Hilaren 26an, Gipuzkoako herrian 6.000 pertsonak manifestazioa egin zuten arazorik gabe, Guardia Zibileko kapitainak, alkatearen agindua jarraituz, ez kargatzea erabaki zuelako. Erabakiak ondorioak ekarriko zizkien: kapitaina kargugabetua eta atxilotua izan zen, eta alkateak dimisioa aurkeztu zuen.

Martin Villa Euskal Herrira bertaratu zen, autoritateekin bildu eta babesa adierazi zien ordena publikoko agenteei. Gobernuak “zuhurtziaz, baina irmotasunez” jardungo zuela ziurtatu zuen, kalea “indarkeria instituzionalizatu nahi duten talde bortitzen monopolio bihur ez dadin”. Ildo berean, Arabako Gobernu Zibilak adierazi zuen bake soziala mantentzea zela “herrialdean hasitako bilakaera politiko egokirako ezinbesteko baldintza”, eta ohartarazi zuen: “Gobernu Zibil honek eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu kalea eta lokal publikoak modu desegokian erabili nahi dituztenen aurka”. Bizkaiko gobernadoreak, bere aldetik, “kanpaina propagandista maltzurra” salatu zuen, “erabat legez kanpokoak eta baita terroristak ere diren ezker muturreko erakundeek sinatua”.

Espainiako Segurtasuneko Idazkaritza Nagusiak grebari aurre egiteko irizpideak bidali zizkien gobernadoreei; neurri zorrotzak ezartzeaz gain, bilerak egin behar zituzten prentsako zuzendariekin, elizako autoritateekin eta Sindikatu Bertikaleko ordezkariekin grebaren eragina gutxiesteko eta normaltasun irudia mantentzeko. Arabako gobernadoreari, esaterako, “aurreikusten eta espero diren gatazken lider eta buruzagien atxiloketa selektiboa”, proposatu zion.

1976ko irailaren 27an amnistia osoaren aldeko greba orokorra deitu zuten hurrengo antolakundeek: EKA, PSP, PTE, ORT, MC, PCE, Eusko Sozialistak, KAS –ETApm, EHAS, LAIA, LAB eta LAK, ETAm-ren babesarekin [ETAm ez zegoen oraindik KASen barruan baina babestu egiten zuen]–, LC, LCR-ETA VI, OICE, PSOE, PCU eta ANV. Irudia: Lazkaoko Beneditarren Fundazioa

“Huelga borobila”

Saiakerak saiakera, amnistia osoaren aldeko grebaren arrakasta nabaria izan zen lehenengo orduetatik. El Correo-ren arabera, “ia euskal industria guztiek, eta hirugarren sektore edo zerbitzuetako zati garrantzitsu batek bat egin zuten lanuztearen deialdiarekin, neurri batean beren nahiagatik, beste neurri batean piketeen jardueragatik”. Zeruko Argia-rentzat “huelga borobila izan da Euskal Herri osoan (…) Aspaldian Euskalerriak ezagutu duen egun gogoenetakoa izan zen”. El País-en esanetan, “Greba politiko orokortu batek bi euskal probintzia eta beste bien zati handi bat geldiarazi zituen atzo”. Zera nabarmendu zuen Madrileko egunkariak editorialean: “Atzokoa ez zen, beraz, mugimendu subertsibo bat, hori baino zerbait larriagoa, serioagoa eta historikoagoa baizik. Kaleak boterea errefusatu zuen. Eta kasu hauetan bete daitezke galtzadak istiluen aurkako indarrez, baina boterea eta autoritatea ez dira indartuta aterako”. Nazioarteko prentsan ere oihartzuna izan zuten mobilizazioek. “Euskal Herria ia erabat geldiarazi zuen 24 orduko lanuzte batek”, azpimarratu zuen The Times-ek, esaterako.

Milioi erdi lagunek greba egin zuten eta kaleetan jai egun itxura sumatzen zen, dendak eta tabernak itxita, baita trafiko eta kutsadura gutxiago ere. Txiki eta Otaegiren aldeko mezak eta manifestazioak egin ziren Euskal Herriaren luze zabalean.

“Euskal Herria ia erabat geldiarazi zuen 24 orduko lanuzte batek” (‘The Times’)

Gipuzkoan 200.000 langilek egin zuten bat deialdiarekin, lantegiz lantegi asanbladetan grebara ateratzeko hautua izan zen nagusi. Industriaz gain, eskolak, dendak, tabernak edo bankuak itxita zeuden, eta baserritarrek zein arrantzaleek ere greba egin zuten. Istilu esanguratsuenak Errenterian, Andoainen, Arrasaten eta Azkoitian gertatu ziren, eta azken herri horretan gazte bat tiroz zauritu zuen Poliziak.

Bizkaian ere erabatekoa izan zen lanuztea, 250.000 eta 300.000 langile artean batu ziren grebara. Bilbon manifestariek bankuen aurkako erasoak egin zituzten, eta Otxarkoaga auzoan barrikadak eta molotov koktelak erabili zituzten Poliziaren sarrera ekiditeko. Barakaldon indar armatuek ke-potoekin disolbatu zuten milaka pertsonatako asanblada, eta istilu gogorrak izan ziren. Polizia agertu ez zen herrietan, Algorta kasu, manifestazio handiak arazorik gabe burutu ziren. 

Araban 20.000 langile batu ziren grebara, eta lanuztea erabatekoa izan zen Aramaion, Agurainen, Amurrion eta Laudion. Gasteizen lantegi gehienek itxi zuten, eta arratsaldean gobernadore zibilak onartu zuen barrikaden biderkatzearen aurrean Polizia “30 aldiz baino gehiagotan” oldartu zela langileen aurka, “gomazko pilota eta ke-poto ugari” jaurtita.

Nafarroan 240 enpresetako 17.000 langilek babestu zuten deialdia. Iruñerrian, Sakanan eta Mendialdean fabrika gehienak gelditu ziren, eta herrialdeko beste hainbat lekutan ere lanuzteak izan ziren, besteak beste, Tuteran, Tafallan, Garesen edo Lizarran.

Baionan manifestazioa egin zuten deialdiarekin bat eginez. 

Basaurin manifestazioa Txiki eta Otaegiren omenez. Argazkia: ARGIAren Fototeka

Herri bat zutik
Hilabete batean ezin da garai oso bat laburtu, baina Hego Euskal Herrian 1976ko irailean gertatutakoak Trantsizioa ulertzeko lagungarriak dira.

Alde batetik, agerian geratu zen Poliziaren bortizkeria ez zela soilik iraganeko inertzia hutsa, baizik eta etorkizuna kate motzean lotzeko erreminta ezinbestekoa: Trantsizioaren bultzatzaileentzat kalearen kontrola ezinbesteko baldintza baitzen, erreforma politikoaren norabidea beste inork baldintzatu ez zezan.

Hausturaren aldeko indarrek erreformaren aldekoei aurre egiteko eta pultsua mantentzeko ahalmena zeukaten

Halere, errepresioak mobilizazioa baretu ordez hauspotu egin zuen, benetako uholde bilakatuta. Hainbat borrokatan aritutako eta asanbladetan antolatutako langile mugimendu indartsua, mobilizatutako gizarte batekin batera, gai izan zen errepresioari aurre egiteko. Autodefentsa erak orokortu ziren, kasu askotan kalea kontrolaezin bihurtuta. 

Bestetik, Espainiako mobilizazioekiko aldea agerian geratu zen. Azaroaren 12an estatu mailako greba orokor bat egon zen, eta jarraipena nabarmena izan bazen ere, gobernuak normaltasun irudia mantentzea lortu zuen. Hego Euskal Herrian, ikusi dugun bezala, indar korrelazioa ezberdina zen, eta hausturaren aldeko indarrek erreformaren aldekoei aurre egiteko eta pultsua mantentzeko ahalmena zeukaten. 

Deja un comentario

Tendencias