Onintza Enbeita / BERRIA

Arrazoia dauka Jon Sistiagak: gazteek ez dakite Miguel Angel Blanco nor izan zen. Horrek kezkatu egin beharko gintuzke. Ez dira hainbeste urte pasatu hil zutenetik. Hilketa antolatzeko moduak eta hilketak berak inpaktu handia izan zuten gizartean. Gazteek jakin egin behar lukete zer gertatu zen. Ez da gazteen memoriatik ihes egin duen izen bakarra, ordea. Harrigarria iruditzen zait belaunaldi batean nola pasatu garen Francori oraindik beldurra izatetik, harekin hobeto bizi ginela lasai esatera, edo hura nor zen ez jakitera. Urte gutxitan ahaztu dira ETA, kale borroka, GAL eta BVE. Ahaztu dira Ertzaintzaren garapena, kargak eta torturak. Gazteek gutxi dakite ETAren sorrerako egoera politikoaz, PPren sortzaileez, Txabi Etxebarrietaz, Franco hil osteko trantsizioaz, alderdi politikoen legeztatzeaz eta berriro legez kanpo uzteaz, HBz, EAJren eta EAren arteko bereizketaz, Ajuriaeneko itunaz, egunkarien itxieraz, Ernest Lluchen hilketaz, atentatuez… ez da hezkuntza sistemaren errua bakarrik.

Gu umeak ginenean munduko gauzarik normalena zen etxean politikaz hitz egitea. Bakoitzak erosten zuen egunkariaren arabera jakiten genuen nor non ibil zitekeen. Gero, ez dakit zergatik, isildu egin ginen. Eta hanka sartu dugu. Gertatu diren gauzak kontatu egin behar dira. Baita gertaerek sortu dizkiguten sentimenduak ere.

Deja un comentario

Tendencias