Joxean Agirre / NAIZ
Ikastolen Elkarteak Elkarrekin batean (Ikaselkar) ateratzen dituen ikasmaterialetan Espainiako Historiak oso leku gutxi zuela-eta, kanpaina bat abiarazi zuten komunikabide batzuek. Iñaki Etxezarreta zegoen orduan Konfederazioan zuzendari eta elkarrizketa batean intentzio txarrez gai horretaz galdetu ziotelarik, ikastoletan la petite histoire gehiago lantzen genuela erantzun zuen, hizki larriz idazten den historia handia baino, izan ere, hizki txikiz idazten den historia horrek, gertakari txikiak, intimitateko gorabeherak edo bizitza pribatua aztertzen dituen historiak, prestigio handia baitu frantses historiografian, baita ingelesean ere.
Orain bi aste hil zen Carlo Ginzburg (Natalia Ginzburg idazlearen semea) 87 urterekin. «Mikrohistoriaren maisua» idatzi zuen lehen orrialdean “El Pais” egunkariak. Horrek esan nahi du Italian ere historia egiteko modu horrek baduela edo izan duela ospea.
G. Lenotre historialari frantsesak, esaterako, la petite histoire delakoaren “aitak”, Iraultza Frantsesaren “intrahistoria” famatu bat idatzi zuen, bigarren mailako protagonistei arreta jarriz, iraganaren kartografia zehatzak eraikiz. Etxean baditut Philipe Ariesek eta Georges Dubyk zuzenduta atera ziren eta berriagoak diren “Histoire de la vie privée” lan monumentalaren tomo batzuk eta nobelak bailiran irakurtzen dira.
Espainiar Estatuan bizitza pribatuak, intimitateko gorabeherek eta gertakari txikiek ez zutela garrantzirik izango pentsatzen genuen, historia diktadore batek, erregeek eta gertakari handiek markatuko zutela, hala nola inflazioak eta deflazioak. Baina PP eta Vox elkartu dira eta lehia ikusgarri batekin hasi dira la petite histoire egiten, espainiar erara noski, eta gaude ez ote duten gobernu bat aldatuko, ez ote dioten gure historiari ere astindu bat emango, presidente baten emaztearen titulu akademikoak edo anaia baten lanpostua legezkoak ote diren aztertzen hasi baitira eta nolako lehiarekin gainera. Eta beldur naiz ez ote duten beren patria handiaren destinoa erabakiko presidente ohi baten bulegoan aurkitu dituzten bitxi batzuk tarteko. •





Deja un comentario