kazeta.eus

Ekainaren 20 honetan, «elkartasuna internazionalista jomugan ematen duen Yadan legea» salatzeko martxa bat  egin dute, Palestinarekin taldeak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak deiturik, Baionan.

Antolatzaileek agiri batean azaldu dutenez, antiseminismoaren aurkako borroka indartzearen aitzakiarekin, frantziar Gobernuak «askatasunen suntsipena» ekar dezakeen legea plantan eman nahi du.

Legeak «herri palestinarrarekiko sustengua oraindik gehiago kriminalizatzeko eta adierazpen zein protesta eskubidea oraindik gehiago murrizteko xedea duela» ohartarazi ondoren, salatu dute aipaturiko egitasmoak «Estatuaren autoritarismoa indartzeko dinamikan sakontzeko» baizik ez duela balioko.

Apirilean aurkeztu zen lege-egitasmoaren mamiari helduta, zehazki, lege proiektuak «sionismoari eta Israelgo Estatuari buruzko kritika oro juduen kontrako gorrotoarekin berdintzen duela» agerian eman dute martxaren deitzaileek, «hori nahaskeeta biziki larria dela» azpimarratuz.

«Ez ditugu onartzen palestinar herriarekiko elkartasuna mehatxu, zentsura edo intimidazio bidez isilarazteko saiakera. Palestinar herriak bere askatasunaren alde eramaten duen borroka osoki sustengatzen segituko dugu» gaineratu dute bi kolektiboek, herri kolonizatuek «zapalkuntzaren eta okupazioaren kontra erresistitzeko duten eskubidea» gogora ekarriz.

Horrekin batera oroitarazi nahi izan dute «palestinar herriaren kanporatzea, desjabetzea eta bere eskubideen ukazioa oinarri duen estatu genozida, kolonialista eta supremazista horren existentzia dela herri palestinarraren zapalkuntzaren kausa».

Gauzak horrela, «Israelgo Estatuak existitzen segitzen duen bitartean, aterabide justu eta iraunkorrik ez dela posible izanen» defendatu dute Palestinaren aldeko taldeek. Testuinguru honetan, «erresistentzia antisionistaren alde, eta eskubide politikoen murrizketaren kontra antolatzera, borrokatzera eta mobilizatzera» deitu dute.

Deja un comentario

Tendencias