1982ko ekainaren 16an, Miguel Angel Uriagereka Ozamiz Amerikako Estatu Batuetako (AEB) San Frantzisko hirian hil zen. Bertsio ofizialak bere buruaz beste egin zuela esan arren, batzuek Batallón Vasco Español (BVE) talde parapolizial faxistari egozten diote haren hilketa.

Miguel Angel Uriagereka Ozamiz Bermeo-n (Bizkaia) jaio zen arren, umetan ama galdu eta aita Ameriketako Estatu Batuetara joan zen eta Miguel Angel Mungia-ko (Bizkaia) Markaida auzoko senideen «Barandika Erdikoa» baserrira joan zen bizitzera.

20 urte zituela, Ipar Euskal Herrira joan zen eta bertan errefuxiatu politiko batzuekin batera atxilotua izan zen. Hori dela eta, 1976ko apiriletik ekainera Yeun uhartean deportaturik egon zen.

1977ko amnistia partzialaren ondoren, Mungia-ra itzuli eta bertako tailerretan lanean aritu zen, harik eta Estatu Batuetara joatea erabaki zuen arte. Inguruetan «Caballo» gisa ezaguna zen.

1979ko otsailaren 12an «Andoni Campillo» Komando Autonomo Antikapitalistak koordinakunde autonomoaren Komando Bereziek, Mungia-ko Udaltzaingo burua zen Cesar Pinilla hil zuen. Poliziaren arabera, hilketa hura ikertzen ari zirela desagertu omen zen Miguel Angel etxetik.

Uriagereka EEBBetan egoera irregularrean zegoenez, azkenean Oklahoman atxilotu eta deportatua izateko San Frantziskora eraman zuten. Bertako aireportura zeramatela, polizi furgoiko segurtasun uhalarekin bere buruaz beste egin omen zuen 1982ko ekainaren 16an, 26 urte zituela.

Ingurukoek ordea, ez zuten bertsio ofiziala ontzat eman. Melchor Miralles eta Ricardo Arques kazetariek «Amedo: el Estado contra ETA» liburuan eta Sophie Babyk «El mito de la transición pacífica» liburuan, hilketa BVEri egotzi izan diote. Talde honen azken hilketa litzateke.

Hil eta hurrengo egunetan, mobilizazio eta omenaldiak antolatu ziren Bermeon.

Deja un comentario

Tendencias