Iñigo Aranbarri / BERRIA

Ameriketako estaturik pobreena da Haiti. Munduko futbol txapelketarako sailkatu da, ordea, eta hasi bezperan, elastikoa aldarazi dio FIFAk selekzioari, «politikotzat edo belikotzat» har daitekeen irudia daramala eta. Silueta multzo batena barrenean, bandera bat airean, Catherine Flon-ek josi zuen hura. Vertieresko borroka irudikatzen du. Omen.

Vertieresen, haitiarrak frantses armadaren kontra borrokatu ziren 1803ko azaroan. 1794an, Toussaint Louverturek esklabotza deuseztatu zuenetik, europarrak ez zebiltzan bakerako. Napoleon Bonapartek esklabotza berriro ezarri, Louverture saldukeriaz preso hartu eta 23.000 soldadu bidali zituen irlara Leclerc jeneralaren agindupean. Sukar horiak hil zituen haietako asko. Guda zelaian, Dessalinesen miliziek frantsesak xehatu eta etxerako bidean jarri zituzten. Hala bihurtu zen Haiti aurrenekoa esklabotza abolitzen eta munduko lehen errepublika beltz independentea. Ez Parisek trabarik jarri gabe onartzearen truke, horratik: 150 milioi libera urrezko.

Historiaren zoko-moko hauetan, polita da bere lehen Bakearen saria Donald Trumpi eman dion erakundearen logika. Haitiar futbolarien elastikoa «politikotzat edo belikotzat» hartu behar bada, ez litzateke neurri bera erabili beharko gainerako taldeekin? Urrun barik, ez luke Espainiako kamiseta debekatu beharko 36ko gerran faxismoaren txikizio guztiak kolore horiexen azpian egin zirelako? Bakerako deia da Vertieresko galtzaileen ereserkia, Marseillesa paregabea?: «Herritarrok, hartu armak! Osatu batailoiak! Goazen, goazen! Odol lohiak busti bitza gure ildoak!». Ez da politikoa bezain belikoa estadio guztietan masta puntan dagoen bandera, mundu guztiko milaka eta milaka biktima errugaberen borrero, Monroe doktrinaz geroztik?

Egia esan, nik ez dakit zergatik ez zaien, aitzakia merkerik gabe, zuzenean esaten itsusi mortalak direla, zorriak baino pobreagoak eta ez dutela inoiz ezer irabaziko. Erantsiz, gorrotorik gabe, baina, esklabistok ez gaudela harrokeria negrorik jasateko.

Deja un comentario

Tendencias