New Yorken 1980an jaiotako historialaria da Mark Bray. 2017an argitaratu zuen Antifa: eskuliburu antifaxista-n ohartarazi zuen Donald Trump Etxe Zurira eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentetzara iritsi izanak mugimendu erreakzionarioen berpiztea zekarrela, eta antzekotasunak dituela 1920 eta 1930 hamarkadetan sorturiko mugimendu faxistekin. Immigrazioaren eta multikulturalismoaren arbuiotik, gizon indartsu, zuri eta militarista oinarri duen agenda inposatu nahi dutela salatzen du. Eskuin muturraren mehatxuak jaso ondoren, Bray Espainiako Estatuan erbesteratu da. Occupy Wall Street mugimenduaren bultzatzaileetakoa izan zenak azpimarratzen du antifaxismoak bere estrategia birpentsatu behar duela, mundu osoan hedatzen ari den autoritarismoa geldiarazteko. 

Alex Romaguera / ARGIA

Iazko urrian, Charlie Kirkekin lotura zuen Turning Point USA taldearen eta Trump administrazioaren gertuko beste influencer batzuen jazarpenaren ondorioz, AEBetatik irten eta Espainiako Estatuan babestea erabaki zenuen. Ez zenuen beste aukerarik izan?

Antifa argitaratu ondoren hasi ziren mehatxuak. Gai horri buruzko ingelesezko liburu bakarra izan zenez oso ospe handia hartu zuen liburuak. Etxe Zurira agintari berriak heldu zirenean, Make America Great Again (MAGA) mugimenduan bildutako kolektibo horien jazarpena jasanezina izan zen. Batez ere 2025eko otsailetik aurrera, Trumpek mugimendu antifaxista terroristatzat jotzeko agindu exekutiboa eman zuenean. Orduan, gu harrapatzeko arriskuaren aurrean, abokatuek herrialdetik alde egitea aholkatu ziguten niri eta emazteari.

Zergatik ez genuen eskuin muturraren erasoaldia ikusi Trumpen lehen agintaldian?

Bere bigarren etapan gauzatzen ari da, bere estrategia-buru ohi Steve Bannonen eta Elon Musken babesa jasotzen hasi zenean. Baina diskurtso aldaketa  hori 2008an ikusten hasi zen, Barack Obamaren aurkako erreakzio gisa sortutako Tea Party-aren eskutik. Izan ere, korronte kontserbadore horrek eskubideez, zergez eta askatasunaz hitz egiten bazuen ere, presidentea afroamerikarra izatea gaitzesteari ekin zion. Agian ez zuen 1930eko hamarkadako diskurtso biologizista erabiltzen, baina supremazismo zuriaren defentsa egiten zuen. Eta hori Trumpen gobernuaren ardatzetako bat da.

Argazkia: Oriol Clavera

Zeintzuk dira mugimendu horren beste bereizgarriak?

Estatubatuar zurien nagusitasuna eta larrialdi nazionala sustatzeaz gain, gizon indartsu eta matxistaren ideia gehitu du. Horren hedapenaz arduratu dira egungo Defentsa idazkari Pete Hegseth, Fox kateko aurkezle eta nazionalismo kristauaren ikur gisa ezaguna dena, eta Stephen Miller, alboko kabineteko burua eta America First Legal erakunde ultrakontserbadorearen sortzailea. Haiek dira, gobernu errepublikanotik, Trumpen figura erabiltzen dutenak ideologia erreakzionario hori zabaltzeko.

Estrategia horren ondorio al da darabilten mesianismoa?

Trumpi hitz egiten duenean jainkoak ematen dion babesaz, osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten antzera aritzen da. Dena dela, Trumpen histrionismoagatik barregarriak diren erabaki batzuk alde batera utzita –Kanada eta Groenlandia mehatxatzea beren baliabide naturalak eskuratzeko, kasu–, aurreko presidenteek esandako hainbat gauza gauzatu ditu Trumpek. Adibidez, Irango gerran esku hartzea, Maduro atxilotzea edota Raul Castroren aurka karguak aurkeztea. Nolanahi ere, Trump bere aholkulariek erabiltzen duten tresna bat da, ondorengo ideia plazaratzeko: AEBek nahi dutena egin dezakete.

Babes horren atzean ba al da interes ekonomikorik?

Hala eman lezake, baina haien asmoa gizartea kontrolatzea da, erretorika jakin baten bidez. Horretarako, Internet behar dute, eta bot-ek eta adimen artifizialak paper garrantzitsua betetzen dute. Horrek azaltzen du zergatik erosi zuen Muskek Twitter eta Amazonen sortzaile Jeff Bezosek The Washington Post erosi ostean zergatik 2025ean eman zuen agindua egunkarian «askatasun pertsonalekin eta merkatu librearekin» lerrokatutako artikuluak bakarrik argitaratzeko. Tresna horiekin gizartean nahi dute eragin, eta internazional faxista eraiki, Alemania, Frantzia eta Hegoafrika bezalako herrialdeen etorkizuna eraldatuta.

Antifan azpimarratu duzu Trumpen gorakada lotuta dagoela ezkerrak arazo sozialak konpontzeko duen ezintasunarekin. Hori al da arrazoi nagusia?

Zalantzarik gabe, eta hala uste dute herritar gehienek. Gogoratu behar da, ekonomiari dagokionez, Alderdi Demokrata izan zela NAFTA bultzatu zuena, 1994tik indarrean dagoen Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna, baita desberdintasun larriak eragin dituzten beste neurri batzuk ere. Adituek gogoratzen dutenez, historikoki faxismoa agertzeko ernamuina izan dira halako erabakiak. Horrela gertatu zen 2008ko finantza krisiaren eztandaren ondoren: gobernu batzuek Troikaren aginduz hartu zituzten politika austerizidak baliatuta, faxistek boterea konkistatu zuten Grezian eta beste herrialde batzuetan.

Argazkia: Oriol Clavera

Planteamendu autoritario horien aurrean, zer jarrera hartu dute estatubatuarrek?

Oro har, Occupy Wall Streeteko kulturatik abiatu ginen. Ondoren, oso garrantzitsuak izan dira Gazarekin elkartasunean egindako kanpaldiak, edo Black Lives Matter mugimenduak arrazakeriaren eta gerraren aurka egindako kanpainak. Baina protesta mota berriak aurkitu behar dira, antifaxismo prebentiboak jada ez baitu balio. Masa-erresistentzia behar dugu. Eta, ildo horretan, Minneapolisen AEBetako Immigrazioa eta Aduanak Kontrolatzeko Zerbitzuko (ICE) agenteen aurrean izandako mobilizazioak adibide ona dira.

Egoera iraultzen lagun dezakete Minneapoliseko protestek?

Ez da erraza, ICE gobernuaren menpeko erakundea baita, baina kalera irteteak eta indarkeria filmatzeak herritarrak kontzientziatzea dakar, Donald Trumpek barruraino sarrarazi nahi digun beldurrari aurre egin diezaiokegula sinetsarazten laguntzen du. Nire unibertsitateko sindikatuak ICEren hornitzaile den Enterprise Rent-A-Car enpresaren aurka sustatzen dituen moduko boikot deialdiek ere lagundu dezakete zeregin horretan.

New Yorkeko (Zohran Mamdani), Chicagoko (Brandon Johnson) eta Seattleko (Katie Wilson) alkate demokrata berriek ere trumpismoa geldiaraz dezakete?

Gehienez ere Alderdi Demokrataren barruan eragin dezakete. Eta alderdia jarrerak aldatzera behartuko balute ere, nekez izango lirateke egiturazko aldaketak. Horretarako, Palestinako genozidioaren edo Poliziaren gehiegikerien aurkako protestetan parte hartu duten belaunaldi berriek hartu behar dute agintea. Hori esanda, azpimarratu behar da alkate horiek hirietan irabazi dutela.Jende aurrerakoiena hirietan ari da biltzen, eta landa eremuak, berriz, sektore kontserbadoreenak ari dira bereganatzen. Hiriaren eta landa eremuaren arteko dikotomia horrek oso panorama kezkagarria eragiten du.

Epe laburrean, sumatzen al duzu noraez autoritarioa irauliko duen aldaketarik?

Ea zer gertatzen den azaroaren 3an Senaturako eta Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan. Agian Alderdi Demokratak irabazi eta ezustekoa hartuko dugu, Trump gerraren eta ICEren jardunaren ondorioz jasaten ari den ospe galerak bultzatuta. Zaila ikusten dut Barack Obama 2009an Etxe Zurian sartzea ekarri zuen ziklo berri bat errepikatzea. Ez gara garai horretara itzuliko. Asko jota, adierazpen eta protesta askatasuna berrezar litezke, eta, niri eta emazteari dagokigunez, New Jerseyko Unibertsitatean klaseak emateko aukera berreskuratzea. 

Deja un comentario

Tendencias