Joseba Alvarez, Burujabetza eta Herri Boterearen Aldeko Mugimendu-ko (BAM) kidea
Kurtso politiko berriaren hasiera hausnarketarako garaia izan ohi da eta ariketa hori bideratzeko, Korsikako egoerara jotzea komenigarria da, haiek, gu bezalaxe, bidegurutze garrantzitsuan baitaude eta beraien hausnkarketak guretzat baliogarriak izan daitezkeelako.
Aurtengoan, abuztuaren hasieran izan ziren Korsikako Cortiko «Ghiurnate Internaziunale» izeneko jardunaldien azken hitzartzea bereziki garrantzitsua izan zen, Frantziako Legebiltzarrak Korsikaren etorkizuna finkatuko duen estatus politiko berria adosteko proposamena eta bidea zabaldu baititu. Estatus politiko berria… Ezaguna egiten zaigu, ezta? Ba Frantziar Estatuak zabaldu duen bide horren inguruko irakurketa politikoa plazaratu du mugimendu abertzale korsikarrak.
Izan ere, datorren 2027an Frantziar Estatuan izango diren hauteskundeetan eskuin muturrak garaipena eskura dezake, Estatu Espainolean eta Europako estatu askotan bezalaxe. Baina egoera politiko kezkagarri horren aurrean, korsikarrek beren beharrak zehazteari, artikulatzeari eta indarrak metatzeari eman diote lehentasun osoa, ez Parisen korsikarren eskubide kolektiboak aitortzen ez dituen «frantziar gobernu progresista» baten alde jokatzeari. Korsikarrek ez dute Frantziar Estatuko politikagintzan nagusi den dinamika horretan murgildu nahi, beraien lehentasuna, herri zapaldu gisa, beraien askatasun nazionala eta soziala bideratuko duen dinamika eta prozesua indartzea baita, gogoratu dute moduan.
Bide horretan, «korsikar guztien beharra izango dugu» onartu dute Ghiurnate Internazionalean bildutakoek, kontraboterea lantzen duten sindikatu eta elkarteena, bereziki. «Denon artean gure proiektu politikoa, independentzia nazionalaren aldeko prozesua, ureztatzeko; kale eta landa ekintzen bidez jendarteratzeko; gure lurra defendatzeko; espekulazioari, desokupazioari eta populazioaren kolonizazioari aurre egiteko; nazio-borrokaren errepresioari aurre egiteko; korsikarrek enplegurako, etxebizitzarako eta lurrerako dituzten eskubideak defendatzeko; korsikar bakar batek ere ez dezan, bere lurrean, bazterkeria, prekarietatea eta miseria ezagutu; garapen endogenoko eredu bat sustatzeko, giza tamainakoa, erronkei egokitua; auzoetan eta herrietan gure kultura eta bizimodua sustatzeko; gure murgiltze eskolak eta gure hizkuntzaren erabilera garatzeko». Horra helburu argiak.
Eta zergatik horrelako deia orain? Korsikar mugimenduak Frantziar Legebiltzarrean zabaldu den «Beauvauren prozesua» deiturikoaren helburua korsikar jendartea engainatzea dela pentsatzen dutelako: ezer ez aldatzeko, zerbait aldatu, eta kitto. Horrexegatik, mugimendu independentistako ordezkari politiko, sindikal eta baita FLNC-UC erakunde armatuak ere, Beauvauren prozesuaren aurkako jarrera adierazi dute eta «batasun estrategiko berri bat» eraikitzeko deia zabaldu. Helburua, Parisen aurrean elkarturik jokatzea da, zeinahi izango delarik Eliseoan nagusituko den presidente berriaren atzean egongo den Gobernuaren kolorea, «progresista» ala eskuin muturrekoa.
Nazione mugimenduko erreferente politiko nagusienetako bat eta Korsikako Asanbleako presidente izan den Jean-Guy Talamonik, Ghiurnate Internaziunale amaierako bileran, joan den ekainaren 23an Frantziar Asanblada Nazionalean onartu zen Korsikarako Autonomiari buruzko Lege Konstituzionalaren proiektuaren aurka hitz egin zuen eta prozesu horren «etenaldia» eskatu, funtsean proposamen horren helburu nagusia korsikar herriaren autodeterminazio eskubidea ukatzea baita.
Norabide beretik, Cortiko Ghiunate Internazionalen testuinguruan, 2023ko urrian, bere azken ekintzan Ajaccion 45 bigarren etxebizitza eta Zerga Bulego bat zartatu zituen FLNC-UC erakunde armatu korsikarrak ere bere irakurketa plazaratu du, erakundearen jaiotzaren 50. urteurrenean. Frantziar Estatuan ematen ari den korsikaren autonomia onartzeko prozesua «maskarada» gisa definitu du. Datorren urriaren 21etik aurrera, frantziar Senatuan aztertu behar den Lege konstituzionalaren proiektuak «gure herriaren existentzia ukatu eta azken hamarkadetako aldarrikapen nagusiak baztertzen ditu» esan du FLNC-UC erakundeak. Horrexegatik, Beauvau prozesu hori babesten dutenak, korsikar herriarekiko aurrekaririk gabeko erasoa eta engainua egiten ari direla baieztatu du.
Askapen prozesu eta errealitate politiko guztiak ezberdinak direla onartuz ere, aitortu behar dut korsikarrek eginiko hausnarketa hauek zer pentsatua eman didatela. Nola jokatu behar dugu badatorkigun eskuinaren zikloaren atarian? Zein dira gure lehentasunak eta bete beharrak? Ceutan eskuin mutur espainolistak nola jokatu duen ikusita, Euskal Herrian aurrera egin nahi badugu badakigu zer datorkigun… Faxismo berriari ezin zaio aurre egiten nagusiki arlo instituzionalean arituz. Euskal espazio antikapitalistaren artikulazioan, kontraboterean, desobedientzian eta ekintza batasunean dago irtenbidea. Presta gaitezen.




Deja un comentario