Peru Amorrortu Barrenetxea / BERRIA
David Lamaza, Daniel Palacios, Augusto Rubio, Pedro Oses, Guillermo Bauza, Pablo Cañas, German Cornes, Miguel Saenz, Adrian Uribe eta Fidel Uribe. Matxino frankistek 1936ko udan eta udazkenean Eltziegon (Araba) hildako pertsonen izenak dira horiek. Datorren igandean, omenaldia egingo diete herrian, goizeko hamaiketan, eta ez da omenaldi soila izango: haien eta frankismoaren gainerako biktimen oroimenaren alde borrokatzeko sortu den tokiko La Pilastra elkartea ere aurkeztuko dute egun horretan.
Eltziegokoak ziren aipaturiko biktimak, baina ez zuten bertan herriko jendea bakarrik hil. Guardia (Arabako Errioxa) eta Cenicero, Haro, Calahorra eta Aldeanueva de Ebro (Errioxa, Espainia) herrietako biktimek ere galdu zuen bizia hilabete horietan Eltziegon. Zanbranako (Araba) hilerriko hobi komun batean lurperatu zituzten. 1979an, Eltziegoko hildakoen familien senideen gorpuzkiak berreskuratzea eta herriratzea lortu zuten. Egun, biktima horien oroimenez altxatutako hilarri batek zaintzen ditu haien gorpuak, Eltziegoko hilerrian.
Hilarri hartan omenaldia egin zitzaien jada joan den urtean. Aurten berriz egingo dute, baina berritasun nabarmen batekin: «errepresaliatuek eta haien senideek urteetan jasan duten ahanzturari erantzuteko» sortu den La Pilastra elkartea aurkeztuko dute bertan. Elkartekoen arabera, «kultura demokratikoaren defentsan eta zabalpenean buru-belarri lan egiteko» asmoa ere badute. Herriko frontoiaren ondoan egingo dute aurkezpen ekitaldia, igandean, goizeko hamaiketan hasita: olibondo bat landatuko baitute bertan, biktimen oroigarri.




Deja un comentario