Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen harreran Ertzaintzak izandako jarrera bortitzak eta «antzeko beste gertakari batzuek» segurtasun publikoaren kudeaketaren inguruko eztabaida hauspotu dute, eta kezka handia eragin dute hainbat eragileren artean. Ezinegon hori plazaratzeko, manifestazio bat antolatu dute: Bilbon egingo dute, hilaren 20an —17:30ean, Plaza Eliptikotik—, Jaurlaritzaren kriminalizazioaren aurrean, eskubide zibil eta politikoak defendatu lelopean. Haien hitzetan, gertatzen ari dena ez da kasualitatea, eta erantzun kolektibo bat behar du.
Deitzaileen artean daude Ertzaintzaren indarkeria pairatu duten zenbait talde eta norbanako —Amaya Zabarte eta Iker Arana, tartean—. Haien arabera, azken urteetan Poliziak gogortu egin du gizarte eragileen aurkako erantzuna; protestetan zaurituak, atxiloketak, identifikazioak eta isunak izan dira hainbat esparrutan: etxebizitzaren aldeko mobilizazioetan, eskuin muturraren aurkakoetan, gaztetxeetan, futbol partidetan…
deitzaileak
- Euskal Herriko Global Sumud Flotilla.
- Amaya Zabarte.
- Justizia Aranarentzat plataforma.
- Gazte Koordinakunde Sozialista.
- Errekaleor Bizirik.
- Azpeitia Errepresioaren Aurka.
- Herri Norte Taldea.
- Bultzada Txuri-urdina.
- Iraultza 1921.
- Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista.
- Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea.

Manifestazioa aurkezteko agerraldian irakurritako agirian azaldu dutenez, Ertzaintzak beraiekin duen jokamoldea eta «inpunitatea» salatuko dituzte mobilizazio horretan, baina baita Eusko Jaurlaritzak azken urteetan eratu duten diskurtso politikoa ere. Haien iritziz, herri mugimenduaren jarduna «jopuntuan» jartzen ari dira «kriminalizazio kanpaina» baten bidez.
Horren adibide gisa, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak flotillako kideen harrerako gertakarien harira Eusko Legebiltzarrean eman zituen azalpenak jarri dituzte. Gizarte eragile batzuk Ertzaintzaren aurkako «gorroto irrazionala» zabaltzen ari direla adierazi zuen Zupiriak, eta beren protestekin «bizikidetza hautsi» nahia leporatu zien.
Haien ustez, halako adierazpenen bidez protesta soziala bera susmopean jarri nahi dute Segurtasun sailburuak eta Jaurlaritzak. «Uste dugu [Zupiriak esandakoaren] justu kontrakoa ari dela gertatzen, eta begi bistako arazo bat dagoela: herri mugimenduen aurkako gorrotoa dute EAJk eta Ertzaintzak, eta horren lekuko dira kriminalizazioa eta Poliziaren biolentzia areagotu izana».
Ertzaintza eta kapitalismoa
Eztabaidaren muina polizia ereduaren inguruan kokatzea okerra dela nabarmendu dute. Haien arabera, «Poliziaren gehiegikeriak zuritzea» ekartzen du horrek, eta ezkutatzea «Poliziaren egiturazko funtzioa sistema kapitalista eta haren instituzioak defendatzea» dela. Haien esanetan, «horregatik gertatzen dira hainbeste talka Euskal Herrian», eta ez «iraganeko gorrotoengatik», Zupiriak bere adierazpenetan iradoki zuen moduan. «Euskal Herrian kapitalismoaren injustiziei aurre egiten dien herri mugimendu zabal bat dago. Eta momentu honetan zera dago jokoan: kapitalismoak sortzen dituen bidegabekeriei erantzuteko marjina».
Salatu dute tarte hori gero eta estuagoa dela eta hori beren eguneroko praktikan nabaritzen ari direla. Loiuko gertakaria testuinguru horretan kokatu dute, eta azpimarratu dute ez zela «kasu bakan» bat izan. «Krisialdian gaude, eta sistema kapitalistak bidegabekeria gero eta gehiago sortzen ditu. Genozidio baten lekuko gara, baita emakumeen aurkako biolentziaren, klima larrialdiaren eta faxismoaren gorakadaren lekuko ere».
Testuinguru horretan gizarte mugimenduek duten «tresna nagusia» mobilizazioa dela eta hura defendatu beharra dagoela ohartarazi dute. «Askotariko mobilizazio ereduak daude, eta guztiak dira zilegi: manifestazioak, birjabetzeak edota desobedientzia zibila, besteak beste», gaineratu dute.
Horrez gain, ez dituzte kritikak Ertzaintzara eta Eusko Jaurlaritzara mugatu. Poliziaren errepresioa joera orokortu bat dela nabarmendu dute, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian izandako beste kasu batzuk gogoratu dituzte; adibidez, aste honetan bertan Iruñean atxilotutako 28 gazteena, Vito Quiles Espainiako eskuin muturreko ekintzailearen aurkako protesta batzuetan parte hartzeagatik atxilotu baitituzte. «Argi eduki behar dugu gurean askotariko indar errepresiboak ditugula. Errepresioaren bidez gure klasearen antolakuntza ahuldu ez ezik, banaketa administratiboaren bitartez gure herriaren zapalkuntza betikotu ere egiten dute. Errepresio betean murgildu gaituzte estatuek, eta horren arduradunak seinalatzea urgentziazkoa da», nabarmendu dute.




Deja un comentario