Euskara auzitan. Oldarraldi judizial eta sindikal baten azalpena txostena aurkeztu du ELA sindikatuak. 27 orrialdetan administrazioa euskalduntzeko garatutako legeak eta dekretuak azaldu ditu, baita euskararen aurka eman diren epaien errepasoa egin ere. Hauek dira oldarraldi antolatuaren ondorio batzuk: 1982ko Legeak administrazioa progresiboki euskalduntzeko ematen zuen aukera mugatuta dago; nekez izango da lan hizkuntza euskara; erdal elebakarrek ere administrazioan lan egiteko eskubidea daukate; eta euskaldunok arreta euskaraz jasotzeko oztopoak izaten jarraituko dugu.

Onintza Irureta Azkune / ARGIA aldizkaria

Pello Igeregi ELAko euskara arduradunak eta abokatuak, hedabideei txostena aurkezterakoan, CCOO sindikatuak batez ere Korrikako aferaz geroztik errepikatu duen “mantra” jarri du abiapuntu: “Legea betetzea besterik ez gara ari eskatzen”. Igeregiren ustez, sakoneko eztabaida ez da hori eta eztabaida kokatzeko asmoz idatzi dute txostena. Txostenak ELA sindikatuaren bi helburu berretsi nahi ditu: bi hizkuntza ofizial egonda, hizkuntza eskubideak parekoak izatea, eta euskaldun orok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko duen eskubidean urratsak ematea. Gehitu du txostena “teknikoki egokia” dela.

Lerro hauetan Euskara auzitan. Oldarraldi judizial eta sindikal baten azalpena 27 orrialdeko txostenaren laburpena egin du ARGIAk. Artikuluan, Igeregiren adierazpenak tartekatu dira, hainbat kazetariren aurrean maiatzaren 20an egindakoak. Bereziki epaien irakurketa juridiko-politikoa eta administrazioa euskalduntzea arautzen duten legeen eta dekretuen kontakizuna jaso da artikulu honetan, EAEn kokatuta.

Oldarraldi juridiko antolatua

Euskararen aurkako epaiak aztertuta, ELAk berretsi du oldarraldi juridiko bat dagoela, eta antolatua dela. Kaltetutako langilerik egon gabe ere, Vox alderdi politikoak, UGT sindikatuak, eta bereziki CCOO sindikatuak eta bertako militante esanguratsu batzuek epaiak abiatu dituzte. Horien jardunak hainbat hedabidek (El Correo aipatu du espreski) hauspotu egin dituztela salatu du, eta gehitu du oldarraldia ez zela posible izango epaileen jardunik gabe. CCOOk behin eta berriz esan du demandak sartu dituztela euren langileen eskubideak defendatzeko eta langileen kaleratzeak saihesteko: “Helburua ez da euskara zalantzan jartzea, baizik eta indarrean dagoen legeriatik at diseinatutako sarbide- edo egonkortze- prozesuek eskubideak urratzen dizkieten langileak babestea”, hitzez hitz adierazia dute. Epaien analisiak erakusten du, ordea, langilea kaltetzeko arriskurik ez zegoen aldietan ere epaitegietara jo duela sindikatuak. ELAren ustez, horrela jokatzea, alegia, legitimaziorik izan gabe demandak sartzen aritzea, iruzur prozesala da. Jarrera horrek erakusten du kausa orokor bat dagoela euskararen kontra, eztabaida ez dela hizkuntza eskakizunak nola banatu lanpostuetan. «Sakonean, euskararen aurkako oldarraldia dago».

Legeen ibilbidea: derrigorra gaztelania jakitea da

Sindikatuak ezinbestekotzat du EAEko legedia ulertzeko eta epaitegien jurisprudentzia interpretatzeko Espainiako Konstituzioan gaztelania ez diren beste hizkuntzek jasotzen duten bazterketa azaltzea; hau da, Espainiako Estatuko herritar guztiek daukate gaztelania jakiteko obligazioa. Beste hizkuntza batzuk ere izan daitezke ofizialak, baina haiek jakiteko obligaziorik ez dute herritarrek. Gaztelania, juridikoki, beste hizkuntzen gainetik dago. Ondoren, lege eta dekretuen nondik norakoak jaso ditugu:

10/1982, Euskararen normalizaziorako Legea: Legearen izenak berak adierazten duenez, helburua errealitate soziolinguistikoa aldatzea da. Herritar guztiek dute eskubidea administrazioarekin aukeratzen duten hizkuntzan aritzeko. Urteek erakutsi dute administrazioarekin euskaraz aritzeko arazoak euskaldunek baino ez dituztela.

82/1986 epaia: Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean errekurritu egin zuen 1982ko Legea eta 82/1986 epaiak jaso zuen gaztelania komunikazio guztietan derrigorrezkoa izango zela. Hala, aurreikusi zitekeen alderdi politikoek 1982ko Legea indarrean jartzeko akordio zabala lortu bazuten ere, epaitegien menpe geratuko zela.

1982ko Legeak jasotzen du botere publikoek administrazioetako langileak progresiboki euskalduntzeko neurriak hartu behar dituztela. Euskalduntzea 1982ko Legean eta Funtzio Publikoaren Legea garatzeko dekretuetan oinarritzen da. 250/1986 Dekretuak euskarazko hizkuntza eskakizunak ezartzeko irizpideak arautu zituen. Ondoren, administrazio bakoitzak interpretatuko zituen, euskalduntzea progresiboki gauzatu ahal izateko bere erakundean. 224/1989 Dekretuak jaso zuen administrazio bakoitzak, bere plangintzaldian, adostutako hizkuntza eskakizunak ezarri beharko zituela derrigorrez. Gainera, derrigortasun indizea gainditzeko aukera izango zuten, beti ere Eusko Jaurlaritzaren oniritzia bazuten. Alegia, derrigortasun indizea gutxieneko gisa sortu zen, hain zuzen helburua zelako administrazioak progresiboki euskalduntzea, eta erabateko elebitasunera iristea. Alabaina, oldarraldi judizialean epaileek bestela interpretatu dute, eta derrigortasun indizea gainditu behar ez den muga dela ebatzi dute.

86/1997 Dekretua: 1989ko araudia ordezkatu zuen eta derrigortasun indizea definitu. Dekretuak ez zuen zehaztu indizea gutxienekoa zenik. Dena den, aurreko dekretuaren idazketak aditzera ematen zuen akordio politikoak erabateko euskalduntze bidean ezarritako gutxieneko indizea zela. Epaitegiek ere, 2020ra arte, hala interpretatu dute.

19/2024 Dekretua: Honek 1997koa berritu zuen. Ordurako epaitegietako oldarraldia indarrean zegoen, baina politikariek dekretuaren idazketa bere horretan utzi zuten. ELAk dioenez, Eusko Jaurlaritzak gatazka judizialaren aurrean “ostrukarena” egin nahi izan zuen eztabaida politikoa saihesteko. Dekretu honetan bi elementu garrantzitsu daude hainbat epai ulertu ahal izateko: batetik, derrigortasun indizea instituzioari ezartzen zaio, alegia, erakunde horretan dauden lanpostu kopuru osoari, eta ez instituzio horrek egiten duen lan eskaintza bakoitzari. Bestetik, lehen aipatu bezala, dekretuak ez du zehazten derrigortasun indizea gutxienekoa den ala aldi berean gutxienekoa eta gehienezkoa den.

ELA, LAB eta Kontseilua: hamabost urtean administrazioa euskalduntzeko proposamena

Txostenean, sindikatuak bere proposamena azaldu du. ELAk dio sindikatuaren abiapuntua beti izan dela administrazioak erabat euskalduntzeko prozesua egitea. Prozesu horren ondorioz bi helburu lortu beharko lirateke: euskaldunek administrazioarekin euskaraz egiteko aukera izatea –erdaldun elebakarrek duten bezala–, eta langile publikoek euskaraz lan egiteko aukera izatea. Langile guztiei euskalduntzeko aukera errealak eta arrazoizko epea eskainiko litzaizkieke. Ildo berari jarraituz, ELA, LAB eta Euskalgintzaren Kontseiluak administrazioa hamabost urteko epean euskalduntzeko proposamena egin zuten 2022an.

CCOOren proposamena: derrigortasun indizea gehieneko muga da

ELAk, txostenean, alderaketak egin ditu CCOOk EAErako egiten duen proposamenaren eta bere sindikatuaren proposamenen artean. Marko ideologikoari dagokionez, euskaraz dakitenak «pribilegiatuak» dira euskaraz ez dakitenen aldean, administrazioan lan egiteko aukera gehiago dutelako. Euskara diskriminatzailea da.

ELAren arabera, administrazioan lan egitea ez da eskubide unibertsala. Bi hizkuntza ofizialak ezagutzen dituzten herritarrek merezimendu gehiago dute. Administrazioan lan egiteko elementu diskriminatzaile nagusia goi-mailako ikasketak dira, baina diskriminazio elementu moduan, euskara baino ez dute aipatzen. Eskaera errealari dagokionez, CCOOren ustez, hizkuntza eskakizunak ezarri behar dira herritarren hizkuntza hautuaren kopuruaren arabera. Adibidez, Osakidetzan euskaraz artatzea %20k eskatu badu, hizkuntza eskakizunek neurri horretakoa izan behar dute. Hala eginda, dagokion derrigortasun indizea baino baxuago geratuko litzateke hizkuntza eskakizunen ehunekoa. ELAren ustez, hizkuntza eskakizunak ezartzeko zapaldutako herritarren hautu “erreala” abiapuntu gisa hartzea erabat supremazista da. Kontuan izan behar da euskaldunek, sarri, euskarazko zerbitzua eskatzeari uko egiten diotela, bai baitakite arazoak izan ditzaketela zerbitzu hori eskuratzeko, eta beraz, hizkuntza hautua ez da “erreala” praktikan.

Derrigortasun indizeari dagokionez, CCOOren ustez, oraingo indizea gehieneko muga da, eta hortik gora egitea prebarikazioa, eta langile erdaldun elebakarrak kanporatzen ditu. ELAren ustez, indizea ez da inoiz izan muga, hain zuzen ere 1982ko Legearen helburua baita progresiboki euskalduntzea. Egiaztagirien inguruan, CCOOk azpimarratzen du B2tik gorako egiaztagiriak herritarren gutxiengo batek baino ez dituela eta gainerako herritar guztiak administrazioetako lanpostuetatik kanpo gelditzen direla. Argudio horren aurrean, ELAk dio egiaztagiria ez edukitzeak ez duela esan nahi euskaraz ez jakitea, eta herritar askok ez duela egiaztagiria, ez duelako behar, ikasi nahi ez duelako edo ezin izan duelako azterketa gainditu. Euskararekin bezala, gainerako ezagutzekin gauza bera gertatzen dela dio ELAk, baina CCOOrentzat beste ezagutza horiek ez direla “diskriminatzaileak”.

Epaien irakurketa juridiko-politikoa

Administrazioen euskalduntzea trabatzen duten epaiak lau taldetan multzokatu dituzte:

1. Derrigortasun indizea muga gisa ezartzen duten epaiak

Derrigortasun indizea gehienezko muga gisa ezartzea: Aurrez azaldu moduan, epaitegiek 2020ra bitartean, araudia aplikatzerakoan, derrigortasun indizea gutxieneko muga moduan interpretatu izan dute. Urte horretatik aurrera, ordea, bestelako interpretazio batzuk egin dituzte, nahiz eta legeak eta dekretuak aldatu ez. Interpretazio horietarako argudioak hauek izan dira: udaltzain bakarra nahikoa dela jendea euskaraz artatzeko eta erdal elebakarrek ere lanpostu publikoetarako aukera izan behar dutela.

Derrigortasun indizea deialdi bakoitzerako aintzat hartzea, eta ez erakunde bakoitzerako: Arauek argi diote derrigortasun indizea administrazio jakin baterako kalkulatzen dela (udaleko lanpostu guztietarako, adibidez) eta administrazio horrek erabakitzen du, hainbat irizpide kontuan hartuta, nola banatu lanpostuotan. Epaitegiek, ordea, erabaki dute indizeak lan deialdi bakoitzean izan behar duela aplikagarri eta administrazioek ez dutela autonomiarik indizearen banaketa egiterakoan. Epai horien ondorioak “larriak” dira, ELAren ustez: lan deialdi guztietan erdaldun elebakarrentzat lanpostuak erreserbatu behar dira, kontuan hartu gabe lanpostu horien izaera, adibidez, jendaurreko lanpostuak diren ala ez. Ondorioz, jendaurreko lanpostuei ezin zaie lehentasunik eman.

Lanpostu zerrenda aldatzeko aukera: Administrazioek haien erakunderako lanpostu zerrenda onartu behar dute, eta zerrenda horretan jasotzen da lanpostuen deskribapena eta lanpostu horiek dituzten betebeharrak (hizkuntza eskakizuna tartean). Lan deialdiak horren arabera egiten dira. Epaitegiek oinarrizko printzipio demokratikoa urratu nahi dute, lanpostu zerrendak aldatu gabe lanpostuen ezaugarriak aldatzea ebazten dutelako (hizkuntza eskakizuna kendu, adibidez). Eta hala, udal gobernuei prebarikatzea eskatzen die.

Epaitegiek erabakitzea lanpostu mota batzuetan ezin dela hizkuntza eskakizunik ezarri: Derrigortasun indizea albo batera utzita, epaitegiek, hainbat kasutan, beraiek erabaki dute lan mota batzuetan ezin dela hizkuntza eskakizunik ezarri edo bestelako hizkuntza eskakizun bat, baxuagoa, nahikoa dela. Horretarako erabili duten argudioa da lanpostu horietan langileak ez direla aritzen jendaurrean. Araudiari begiratuz gero, ordea, irizpideetan ez dago jasota soilik jendaurreko lanpostuetan ezarri daitezkeenik hizkuntza eskakizunak. Ebazpen horien sakoneko mezua da lan hizkuntza ezingo dela euskara izan, administrazioen barne funtzionamendua gaztelaniaz izango dela, zeren soilik jendaurreko lanpostuak euskalduntzen uzten du. Beste ondorio bat ere badakar: dagokien derrigortasun indizearen azpitik geratuko lirateke administrazioak, izan ere, indizea administrazio jakin bateko lanpostu multzo osoari aplikatu beharrean, jendaurreko lanpostuei baino ez litzaieke aplikatuko.

Derrigortasun indizea muga gisa ezartzen duten epaietatik atera daitezkeen ondorioen artean bat da langileen balizko kaleratzea. ELAk argitu duenez, kaleratzeak gertatzea ez da horren erraza, nahiz eta badauden. Langileen arteko lehia baldin badago, eztabaida ez da kaleraturik egongo den ala ez, baizik eta nor izango den kaleratua, bi hizkuntzak dakizkiena ala bakarra dakiena. Beste ondorio garrantzitsuetako bat da administrazioek ezingo dutela sekula euskaraz funtzionatu, espreski jasotzen baita gaztelaniaz lan egiteko eskubidea. Bestalde, lan deialdietan izugarrizko ziurgabetasuna sortzen da, zeren lanpostu guztiak ez dira erreferentzia. Arriskua dago epaitegiek lanpostuen zerrendak aldatzera behartzekoa.

2. 45 urtetik gorako behin-behineko langileak euskara ikastetik salbuestea

Hainbat epaitan 45 urtetik gorako langile finkoen eta behin-behinekoen baldintzak parekatu dira. Adin horretatik gorako langile finkoa ezin da lanpostu horretatik kendu adin hori bete eta gero hizkuntza eskakizuna ezarri bazaio, eta berak ez badauka egiaztagiririk. Ez dauka beste lanpostu baterako aukerarik, baina daukana mantenduko du. Epai batzuek gauza bera eskatu dute 45 urtetik gorako behin-behineko langileentzat. Hainbat interpretazioren artean hau gailendu da: behin-behineko langileak ezin dira kargugabetu hizkuntza eskakizuna 45 urte bete ondoren ezarri denean, baina ez daukate eskubiderik lanpostu finko bat lortzeko.

ELAren iritziz, interpretazio honek zentzua du behin-behineko langileak ez dituelako diskriminatzen finkoekiko, baina aldi berean, horrela ezinezkoa da lanpostuak kontsolidatzerakoan euskara beharrezko egitea eta euskara ez dakitenei ikasteko bitartekoak jartzea.

3. Administrazioen azpikontratetan hizkuntza klausulak debekatzea

CCOOren eskaera baten ondorioz, 2022ko epai batek ebatzi zuen administrazioek debekatuta dutela zerbitzuak azpikontratatzen dituztenean hizkuntza klausulak exijitzea. Hala, adibidez, D ereduko ikasleen garraioaz arduratzen den azpikontratatutako enpresako langileek ez daukate zertan euskara jakin, eta hala, ikasleak gaztelaniaz egitera derrigortzen dira.

4. Legeak eta arauak bertan behera uzten dituzten epaiak

Vox eskuin muturreko alderdi politikoak EAEko Udal Legea eta berau garatzen duen Dekretua inpugnatu zituen. 2025ean inpugnazioa irabazita, udalek ezingo dituzte helburu hauek gauzatu: administrazio egintzak (barne dokumentazioa) euskaraz egin nahi dituztela arautzea; hizkuntzen erabilera arautzea; udal barneko funtzionamenduan dokumentuak euskara hutsean egongo direla ezartzea; langileek herritarrak euskaraz agurtzea arautzea; eta azpikontratatutako enpresekin harremana eta lana euskaraz egingo dela arautzeko aukera.

Udal Legearen gainean jarritako debekuek udalei lehentasunez euskaraz aritzea ukatzen diete. Halako debekurik ez balego, euskaldunak, orain sarri gertatzen ez zaion moduan, lehen unetik arreta euskaraz jasoko luke, eskatu beharrik gabe eta trabarik gabe. Erdal elebakarrak eskatu egin behar luke gaztelaniaz artatzea. Auzitegi Gorenak dio ezin dela ildo horretan arautu, gaztelania jakitea obligazioa dela eta gaztelania hiztunak ez daukala zertan ibili gaztelaniaz artatzeko eskatzen.

CCOOk Voxen eskaerak errepikatu zituen Administrazio Orokorreko hizkuntza ofizialen irizpideak errekurrituta. Eskari horien ondorioz, EAEko Auzitegi Nagusiak irizpide hauek baliogabetu zituen: herritarrek administrazioarekin aritzerakoan dituzten hizkuntza eskubide berdinak izatea azpikontratatutako enpresekin; administrazioak azpikontratatutako enpresari eskatzea dokumentuak euskaraz ere aurkeztu behar dituela; langileei agurra euskaraz egitea eskatzea; hizkuntza eskakizunak dituzten langileak formazioa euskaraz egitera derrigortzea; eta euskara egiaztagiria daukaten langileei lanerako dokumentazioa euskara hutsez emateko aukera.

ELAren ustez, sakoneko irakurketa da edozein langilek daukala eskubidea administrazioan gaztelaniaz jarduteko.

Ondorio nagusiak

Txostenaren amaieran egindako balorazioaren arabera, ELAren ustez analisiak argi erakusten du jurisprudentzia aldatu egin dela eta epaitegien interpretazio berriak “sistematikoki eta modu orokorrean” administrazioen euskalduntzean oztopo handiak ezartzen dituela. Gehitu du Auzitegi Konstituzionaleko epaile batek onartu duela jurisprudentzia aldatu egin dela eta hizkuntzen ofizialtasuna praktikan ezinezko bihurtzen duela. Jurisprudentzia aldatzeaz gain, derrigortasun indizearen interpretazioa ere aldatu dela ondoriozta daiteke ELAren azterketatik, gutxieneko muga zena gehienezko bihurtu baita. Eta hirugarrenik, Espainiako Konstituzioaren interpretazio zurrunak eginez, hizkuntza eskakizunak mugatu direla jaso du txostenak.

Horren aurrean, ELAk egoera iraultzea proposatzen du, epaitegiek egindako interpretazioek ez dutelako tarterik uzten administrazioa progresiboki euskalduntzen. Horretarako euskara gaztelaniaren menpeko izango ez den estatus juridiko bat eskatu du, non euskarak ofizialtasun osoa izango duen. Bestalde, PSE-EE, CCOO eta UGTren jokaerak kritikatu ditu. Euskaldunen hizkuntza eskubideak erdal elebakarrenekin ez parekatu nahi izatea eta euskarak eta gaztelaniak pareko estatus juridikoa izatearen aurka egotea egotzi die.

Oldarraldi antolatuari esnatze antolatua

Horixe da ELAren proposamena aurrera begira. Oldarraldiak berresten duen hizkuntza zapalkuntzaren kontzientzia hartu eta egoera normaltzat ez hartzera dei egin du, baita euskalduntzearen aldeko atxikimendua berritzera eta antolatzera ere.

Deja un comentario

Tendencias