Gaur goizean hasi da Ibai Aginaga euskal preso politiko ohiari Berango-n (Bizkaia) 2022an ongietorri ekitaldi bat egiteagatik auzipetu dituzten hamasei euskal herritarren aurkako epaiketa Madril-go espainiar Auzitegi Nazionalean.

Auziperatuentzat bi urte eta bederatzi hilabetera arteko espetxe zigorrak eskatzen ditu fiskalak, «terrorismoaren gorazarre» delituengatik. Ekitaldiaren inguruko ikerketa lanetan aritu ziren guardia zibilek, espainiar polizia nazionalek eta ertzainek deklaratu dute. Horien adierazpenetan kontraesanak bilatzen saiatu dira defentsa abokatuak, eta ekitaldian egindako hitzartzeak izan dira eztabaidagai nagusietako bat. Poliziaren «kolaboratzaile» batek egindako grabazio batean jasota daude horiek, baina grabaketa ez dute froga gisa aurkeztu.

Aginaga-ren defentsa abokatuak euskaraz hartu duenez hitza epaileak behin eta berriro moztu dio. Abokatuak gazteleraz adierazi dionean itzulpenerako baliabideak badaudela, Fernando Andreu epaimahaiburuak esan dio «Ikusten nola badakizun gazteleraz, ba hala hitz egidazu». Abokatuak ez duenez halakorik egin bota egin dute salatik. Hau dela eta preso politiko ohiaren defentsa Garbiñe Gomez abokatuak hartu du beste lau defentsa abokaturekin batera.

Defentsa abokatuek polizien txostenetan eta adierazpenetan zirrikituak topatzen saiatu dira, horretarako Berango-ko ekitaldian ustez egin ziren hitzartzeak izan dira gakoetako bat. Poliziek adierazi dutenez haietako bakar bat bera ere ez zen izan frontoi barruan eta kanpoan zeuden poliziek ez omen zuten entzun barruan esandakoa, baina ala ere, txostenetan adierazpen horietatik ateratako pasarteak dira akusazioen kontrako ebidentzia nagusietako bat.

Pasarte horiek nondik agertu diren galdetu dute behin eta berriz defentsa abokatuek eta polizien esanetan «kolaboratzaile» batek egindako grabazio bat dute oinarri; hura Guardia Zibilak euskaratik gaztelerara itzuli zuen, ondoren moztu eta zati batzuk baliatzeko. «Pasarte interesgarrienak nabarmendu» direla esan du guardia zibiletako batek, baina ez grabazioa, ezta transkripzioa ere, ez dituzte jaso txostenetan. Polizietako batzuk esan dutenez eurek ere ez dute entzun grabazioa.

«Akusazioaren oinarria da, baina zergatik ez dugu erregistrorik? Ez dugu haien adierazpenen edukiaren konstantziarik», salatu du Diego Catril defentsa abokatuak. Abokatu horrek epaiketa hasi aurretik hura bertan behera uzteko eskatu du, akusatuen oinarrizko eskubideei eragiten dielako, izan ere Guardia Zibilaren txostenek adierazten dute ekitaldian hitzartzeak izan zituztela, baina, era berean, hitzartze horien inguruko informaziorik ez dute eman. Epaimahaiak ez du kontuan hartu eskaera.

Frontoi barruan jazotakoaren inguruan, inguruetan zeuden poliziek adierazi dute ez zutela ezer ikusi eta entzun zuten bakarra izan zela aurresku baten musika, Eusko gudariak abestia eta pare bat oihu: «Borroka da bide bakarra» eta «Jo ta ke, irabazi arte». Frontoi barruko irudi bakarra El Correo bizkaitar egunkari españolista eta eskuindarrak geroago argitaratutako irudi bat da, polizien esanetan, ongietorriaren antolatzaileek frontoiko «ateak itxi eta leihoak tapatu» baitzituzten. Hori bai azaldu dute frontoira sartzerakoan zenbait akusatuk «ohorezko pasilloa» egin ziotela Aginaga-ri.

Ekitaldiaren aurretik jasotakoei erreferentzia nagusia kalean pankartak jartzea da oinarri nagusia. Horrez gain, Hegoi Uriarte akusatua «antolakuntzako kide» bezala identifikatu dute. Batetik, hark egin zuelako frontoia erabiltzeko eskaera eta bestetik bertara sartzeko jendea bideratu omen zuelako. Hori kontuan izanda abokatuek zalantzan jarri dute ea ekitaldia publikoa edo pribatua izan ote zen. Aratz Estonba abokatuak galdetu ostean ea «ezagunei» soilik utzi zieten pasatzen, polizietako batek esan du hala izango zirela: «Gehiago edo gutxiago, ezagunak izango ziren».

Frontoitik atera ostean jazotakoa ere eztabaidagai izan da. Izan ere, polizia txostenetan adierazten da ekitaldiak jarraipena izan zuela taberna batean, baina lehen txostenean eta ondorengoetan bi lokal ezberdini egiten zaie erreferentzia. Han jasotakoaren inguruan, zenbait laguni «Gora ETA militarra» oihu egitea egozten diete. Abokatuek, baina, beste zenbait unetan egin bezala, galdetu dute ea identifikatuta ote dauden oihu horiek egin zituzten agenteak eta horiek egindako deklarazioak, baina ezezkoa izan da erantzuna.

Disidentzia

Fiskaltzak, akusazioak planteatzean, hiru erakunde aipatu dituzte behin baino gehiagotan: Jardun koordinakundea, Tinko errepresioaren aurkako antolakundea eta Gasteiz-ko Elkartasun Komitea. (GEK). Polizien arabera erakunde horiek ez dute bat egiten «ezker abertzalearen bide estrategikoarekin», eta «disidentzian» kokatu dituzte. Honi lotuta, guardia zibilek adierazi dute hiru antolakunde horiek ez dutela bat egiten Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) eta «ezker abertzale tradizionalak» euskal presoei eginiko harrerak «modu pribatuan» gauzatzearen alde hartutako erabakiarekin, eta «amnistia osoa» defendatzen dutela eta zenbait kasutan, baita «indarkeria armatuaren» erabilera ere.

Horien artean, Jardun izan zen ekitaldiaren berri ematen lehena, polizien arabera. Zehazki, txio bat aipatu dute, «21 urte ta gero, Ibai Berangon. Martxoaren 13an adi egon» zioena, baina inongo lekurik edo ordurik zehaztu gabe. Tinkoren kasuan, zehaztu dute haren webgunean auziari erreferentzia bat egin zitzaiola; GEKri dagokionez, berriz, zehaztu dute «ongietorriak ospatzearen defentsa» egin zutela, eta Aginaga aipatzen zuten pankartak jarri zituztela.

Defentsa abokatuak, baina, galdetu dute ea ekitaldia prestatzeko «ekimen zehatzen» baten berri izan ote zuten, talde horiek ekitaldiaren prestaketa lanetan aritu zirela esateko. Guardia zibilen esanetan, baina, sare sozialetan zabaldutako mezuak eta jarritako kartelak soilik jaso dituzte. Are, Estonbak berriz galdetu du ea mezu horietan leku eta ordu zehatzik ezartzen ote zen, eta ezezkoa izan da erantzuna.

Era berean, erakunde horien eta akusatuen arteko lotura ere ezbaian jarri dute defentsa abokatuek. Izan ere, Kandaru kultur elkartearen izenean eskatu zuen Hegoi Uriarte auzipetuak frontoia erabiltzea, «bertso saioa eta luntxa» egiteko. Eta horren inguruan galdetuta, polizietako batek nahastu egin ditu Kandaru eta Gasteizko Elkartasun Komitea, Estonbak egindako galderei erantzuten ari zela. Hark galdetu dio ea zein den oinarria Uriarte, Kandaruko kide dena, GEKko kide dela adierazteko. Izan ere, abokatuak gogoratu du Uriarte Berangokoa dela, Bilbotik gertu eta Gasteiztik urrun xamar dagoen udalerri batekoa. Auzi horri lotuta, beste polizia batek zera erantzun dio: «Ni Madrilgoa naiz, baina Bartzelonakoa Futbol Taldekoa».

Fiskaltzarekin batera, herri akusazio gisa aurkeztu dira Dignidad y Justicia «terrorismoaren biktimen» elkarte , VOX alderdi (neo)faxista eta Villacisneros delako fundazio ultra, baina apenas egin dute galderarik gaurko saioan.

Deja un comentario

Tendencias