Maitane Aldanondo / Irutxuloko Hitza

Euria naturaren parte da eta haren babeslea zen Gladys del Estal egiatarra. Ingurumena babestearen alde, energia nuklearraren eta Bardeako Tiro Poligonoaren aurkako mobilizazio batean hil zuen Guardia Zibilak Tuteran duela 47 urte. Zehazki, 1979ko ekainaren 3an, eta data horren bueltan jada ohitura bilakatu den ekitaldia egin dute larunbat goizean askorentzat Gladys Enea den Egiako parkean.

Lainoek eutsiko zutela bazirudien ere, euritsua izan da omenaldia. Bulebarretik abiatu dira dozena bat txirrindulari eta ibilbidea osatu dute parkearen atarira 12:00ak aldera iritsita “Gladys gogoan zaitugu” oihukatu dute bidean. Helmugara iritsi eta parkeko sarreran zeudenei batu zaizkie. Parkeko hesian, jarrita zegoen Gladys gogoan, 47 urte hil zutela pankartari beste bat gehitu dio atarian: “Gladys” eta Del Estalen aurpegiaren irudia zituen. Hura zintzilikatu ondoren, txaloak, eta jarraian, kantak.

Handik trikitilariak buruan erromerian igo dira Del Estalen oroigarri den monolitora. Iritsi ahala krabelinak banatu dituzte eta biribila osatuz kokatu dira zabalgunean. Oroigarriaren ondoan, omenduaren irudi bat txuri-beltzean. Aurreskua dantzatu dute eta lore eskaintza egin dute jarraian. Krabelinak jarri dituzte ontzi batean inguruan eta haren barruan, lore sorta. Arrosa bat ere utzi diote irudian. Bitartean, gazte batek gitarra lagun zuela abestu du. 

Ondoren, antolakuntzako Rakelek aurtengo idatzi irakurri dut, oraingoan, nuklearren aurkako mezua izan du ardatz. Herritarren poltsikoaren eta segurtasunaren kontura “suspertu” nahian dabiltzala gaitzetsi du, gogoratuta Europako Batasunak “energia berde” gisa sailkatu zuela erregai fosilen horniketa arazoen ondorioz 2020an, eta egungo egoera ere greenwashinga egiten ari direla energia nuklearraren alde. Ondorioz, duela hilabete Txernobylgo hondamendiaren 40. urteurrenean egin moduan, memoria antinuklearra aktibatzeko beharra aldarrikatu dute. 

1970 eta 1980ko hamarkadetan Hego Euskal Herrian lau zentral nuklear ezarri nahi izan zituztela gogoratu du, baita EAJk zioela “energia mota hori gabe kandelak beharko genituela argitzeko eta azak baino ez genuela izango jateko” ere. Urteak pasatu badira ere, “kapital globalizatua” berriro “tematu” da energia nuklearra bultzatzen, baina lehen ere zituen arazoak gainditu gabe: uranioarekiko mendekotasuna, segurtasun eza, hondakinak eta kostua. Gainera, “alternatiba ekologikoa”ez dela frogatzeko, 2026ko gertaeretan oinarritutako datu batzuk ere eman ditu. “Berriro diogu, bide bakarra dago, energia berriztagarriak bultzatzea, baina energia fosilak ordezkatzeko edo kontsumoa jaisteko, inola ere kontsumoa handitzeko”.

“Ez, ez, ez, nuklearrik ez”, oihu egin dute bertaratutakoek. Ondoren, jota pare bat eta hitz batzuk eskaini dizkio adineko emakume batek, eta Txoria txori abestuta amaitu dute omenaldia. Hamaiketakoa dastatu aurretik, azken hitzak esan ditu Juan Mari Beldarrainek. Azaldu du udalari eskatu ziotela Del Estalen omenezko plaka aldatzeko, zaharkitua baitago; eta hamasei hilabete ondoren, erantzunik jaso ez zutenez; eskaera berretsi zutela. Erantzuna, ordea, bera izan da: isiltasuna. “Udal honi diogun errespetu bera digula dirudi”, gehitu du. 

Deja un comentario

Tendencias