Denen artean, hamalau orduko saio berezia emango dute, «sentimendu antifaxista adierazteko asmoz». Tartean dira Errenteriako Zintzilik eta Bilboko Irola irrati libreak.

Urtzi Urkizu / BERRIA egunkaria

Hainbat herrialdetako irrati libreek Radios Libres egitasmoa jarri zuten martxan 2020. urtean, eta zazpi saio bateratu egin dituzte urteotan. Gaur, berriz, irrati libreen «kateatze antifaxista» egingo dute, 10:00etatik gauerdira arte. Hamalau orduko programazioa izango da, «sentimendu antifaxista» aldarrikatzeko. 

Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irratiak eta Bilboko Irala auzoko Irola irrati libreak parte hartuko dute gaurko irratsaio bateratuan. Hain zuzen ere, 17:00etatik 18:00etara, Zintzilik irratiaren saioa emango dute —faxismoaren biktima izan direnen biografiak irakurriko dituzte, eta eraso baten biktima izan den herritar batekin hitz egingo dute—. 20:00etatik 21:00etara, Irola irratiko saioa emango dute. Ane Lindane umoristari eta Nuria Alabao kazetari eta ikerlariari egindako elkarrizketak entzun ahalko dira.

Iberiar penintsulako irratiak dira saio bateratu horretan parte hartuko duten gehienak. Panamako Radio Temblorrek eta Chiapasko (Mexiko) Colectivo La Insurgentek ere parte hartuko dute, gaueko azkeneko bi saioetan.

«Egunero ikusten ari gara komunikabideek nola zuritzen dituzten ultraeskuineko diskurtsoak, baita legez kanpoko ekintza faxistak ere. Gizartearen polarizazioaz hitz egiten digute, haiei aurre egiten dieten herritarrak mobilizatzen direnean», diote egitasmoaren sustatzaileek.

Hamalau orduko irratsaio antifaxista Irola irratiaren eta Zintzilik irratiaren FMko seinalean entzun ahalko da, baita haien webguneetan ere. Aurretik egin izan dituzten beste zazpi saio ateratuak www.radioslibres.info webgunean.                

Deja un comentario

Tendencias