Martin Goitiandia / GEDAR Langile Kazeta

Sarekada bat, ondotxo dakigu Euskal Herrian, mugimendu bat suntsitzeko planifikatua eta kontzientea den eraso errepresibo bat da. Zortzi hilabete beranduago egindako 28 atxiloketa ez dira kalte-ordainak eta erantzukizun zibila ordainarazteko egiten; militantzia zigortzeko, beldurtzeko, desartikulatzeko eginak dira.

Kolpe hau, baina, ez dute Quilesen ultraeskuineko mezenasek planifikatu, PSOEk baizik. Bai Nafarroako Gobernutik zein Marlaskaren Barne Ministeriotik, ez dute baimenduko halako antifaxismo irmorik. Boto antifaxista pragmatikoa aldarrikatzeko edo PSNren gaztediek Quilesen aurkako garaipena ospatzeko hor daude, noski, antifaxismo estetikorako prest. Baina ultraeskuinak promozionatu eta finantzatutako agitatzaile faxista bati zuzenean aurre egitea legearen eta sasi-demokraten eremutik kanpo dago. Arriskutsuegia da; azken finean, hori legitimatuz gero, non legoke erradikalizazioaren muga?

Mozorro honek kinka larrian jartzen du PSOEren «antifaxismo» eredua jarraitzen duen oro. Falangistak Gasteiztik ez paseatzeko, zein da aukera seguruagoa: urriaren 12an izan zen mobilizazioa ala epaileek debekua ezarri eta Poliziak betearazteko esperantza? Bigarrenaren antzutasun ezagunaz atsekabetzen dira, baina lehena atxilotu eta zigortu beharra dute, legezkotasunari fidel izateko.

Argi izan: Iruñekoa edo Gasteizkoa bezalako erantzun antifaxista irmoek, faxistak fisikoki urrun mantentzeaz gain, ideologikoki ere kanporatzen dituzte. Zergatik da faxismoa minoritarioa Hego Euskal Herrian? Zergatik da EAJ ultraeskuinarekin aliantza egiteko beldur? Ynestrillasek hanka egin behar izan zuelako etorri zenetan; faxismoa gupidarik gabe kolpatu delako hemen.

Aldiz, atxiloketak salatzetik harago, antifaxismo hau legitimatzeko duda-mudatan ibiltzeak, arma gabe uzten gaitu diruz usteldurik dauden faxismoaren alderdi, hedabide, elkarte, abokatu, agitatzaile eta abarren aurrean. Hala, eskolatik eta lanetik bahitu dituzten gazte antifaxista hauen hautu politikoa babestu ezean, Gabriel Rufian bidea soilik geratzen da: gauetik egunera, antifaxismo estetiko zalapartatsuenetik, olatu erreakzionarioaren diskurtsoa erostera pasatzea.

Deja un comentario

Tendencias