Xabier Letona Biteri / ARGIA

  • 78ko Sanferminak gogoan eta Martxoak 3 elkartearen eskaria atzera bota du PSNren abstentzioak. Horren ordez, foru legebiltzarrak onartu du eskatzea Espainiako Gobernuari jarraitu dezala urratsak ematen estatuaren biktimek egiarako duten eskubidea bermatze aldera.

Gasteizko bi elkarte memorialisten eskaerak EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin taldeek eraman dituzte foru legebiltzarrera. Bi ataletan aurkeztu dituzte testuok: lehen atalean, Espainiako Gobernua premiatzen da “Iruñean 1978ko sanferminetan eta Gasteizen 1976ko martxoaren 3ko gertakarietan estatuak izan zuen erantzukizun nagusi eta zuzena aitortzeko bidean jarrai dezan”. Bigarrenean, berriz, Espainiako Gobernuari eta haren lehendakariari eskatzen zaie aitorpen hori egin dezatela maila goreneko adierazpen ofizial batean.

PSN abstenitu egin da eta proposatzaileen hemeretzi botoak ez dira nahikoak izan UPN, PP eta Voxen hogei botoak gainditzeko. Ondoren, dena den, UPNk bat egin du hirugarren proposamen batekin, eta horrela legebiltzarrak eskatu dio Espainiako Gobernuari “jarrai dezatela benetako eta behin betiko urratsak egiten estatuaren indarkeriaren biktimen egiarako eskubidea bermatze aldera, eta, hartara, beharrezko justizia eta erreparazioa lortzeko ateak irekitze aldera, hori guztia bermatzeko halako gertakariak ez direla errepikatuko”. PSN abstenitu egin da horretan ere.

PSNk honako zuzenketa aurkeztu dio EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek egindako eskaerari: estatuak erantzukizunak aitortzeko egindako aurrerapausoak aitortzea, eta Memoria Demokratikoaren Legearen barruan urratsak ematen jarraitzeko proposamena egitea. Hiru taldeek ez dute zuzenketa onartu eta PSNren jarrera gaitzetsi dute, besteak beste Iruñeko Udalean orain proposatutakoa onartu zutelako sozialistek.

Eusko Legebiltzarrean erdibidea gailendu da

«Estatua erantzule» kanpainaren barruan, joan den asteartean EH Bilduk eta Sumarrek eraman zuten 78ko Sanferminak 78 gogoan eta Martxoak 3 elkarteen eskaera Eusko Legebiltzarrera. Gertakizun horietan Espainiako Gobernuak izan zuen erantzukizuna aitortzeko eskatu zuten. EAJk azaldu zuen ados zegoela eskaerarekin, baina PSEri gehiegizkoa iruditu zitzaion eta jeltzaleek akordioa egin zuten sozialistekin “erantzukizuna” beharrean, “gobernu frankistaren inplikazioa” onar dezan eskatzeko.

Deja un comentario

Tendencias