Faxismoaren aurkako borrokari lotuta, gutxienez 31 lagun daude auzipetuta Iruñerrian. Plataformaren helburua ez da «soilik kasu zehatz hauetan antifaxistek jasandako errepresioari aurre egitea, baizik eta klase-borrokaren eta elkartasunaren eredu izan nahi du».

GEDAR Langile Kazeta

Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataforma aurkeztu dute, «faxismoaren hedapen eta indartze testuinguru honetan». Izan ere, jakinarazi dute Nafarroako hiriburuko gutxienez 31 pertsona prozesu judizialetan auzipetuta daudela, faxismoaren aurka borroka eta protesta egiteagatik. Gertakari zehatzak ere aipatu dituzte: «2025eko otsailetik hona, Arrotxapea, Berriozar eta Beriaingo auzo eta herri langileetan, 20 pertsona ikertuak izan dira Voxen probokazioei aurre egiteagatik. Urrian, beste hamazazpi antifaxistarekin batera, Iruñerriko bi pertsona atxilotu zituzten Gasteizen Falangeari aurre egiteagatik. Azaroan, Vito Quiles agitatzaileari aurre egin zitzaion Iruñean, ideia erreakzionarioak zabaltzeko inpunitate osoa dutela sentitzen dutenei mezu irmoa bidaliz. Horregatik, azken hilabete hauetan zazpi pertsona atxilotuak izan dira. Azkenik, Voxek jazarpen-kanpaina bati ekin dio, haiek seinalatzen dituen ororen aurka, eta Poliziaren lankidetza estuarekin batera, beste bi pertsona deitu ditu deklaratzera».

«Gizartearen oinarriak kolokan daude, ongizate estatua gainbeheran eta bake soziala ezbaian. Dekadentzia garai hauetan berpizten da faxismoaren munstroa», jarri dute testuinguruan, plataformaren sorreraren berri ematean. Faxismoaren hedapenak «langile-klasearen geroz eta kapa gehiago diziplinatzea eta oposizio politiko oro deuseztatzea» bilatzen duela azaldu dute, eta hainbat helburu dituela horrek; batik bat, «burgesiaren boterea eta zilegitasuna mantentzeko beharrezkoa den neurri oro hartu ahal izateko marko autoritario bat sortzea». Eta jarraitu dute: «Izebergaren punta Voxek edo Vito Quiles probokatzaileak ordezkatzen dute, jarrera atzerakoien erreferenteak, sektore proletarizatuenak sistematikoki seinalatzeaz eta gizartea ideia faxistekin enkoadratzeaz arduratzen direnak. Baina horiek alde batera utzita, badira Falangea bezalako antolakundeak, lan politiko eta ideologikoa egiteaz gain, militante iraultzaileen aurka indarkeria erabiltzeko prest daudenak eta azkenaldian zigorgabetasunez berpizten ari direnak».

Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ez plataformak, hain zuzen, aipatutako kasu judizialak batuko dituen «errepresioaren aurkako plataforma» gisa jardungo du. Ez hori bakarrik, dena den: «Helburua ez da soilik kasu zehatz hauetan antifaxistek jasandako errepresioari aurre egitea, baizik eta klase-borrokaren eta elkartasunaren eredu izan nahi du». Eta aurrera begirako dei bat egin dute, gainera: «Klase-elkartasuna praktikan jartzeko eta hemendik aurrera aurkezten diren dinamiketan parte hartzeko deia luzatzen dugu, ez bakarrik auzipetutako kide antifaxistei laguntzeko, baizik eta borrokaren jarraipena bermatzeko eta elkartasuna antolatzeko. Errepresioaren eta faxismoaren aurrean atzerapausorik ez».

Deja un comentario

Tendencias