Sei urte zituela, 1937an ‘Habana’ itsasontzian sartu zuten Santamaria beste lau mila haur ingururekin. Espainiako Gerra Zibilaren miseriak atzean utzi zituen erbestean aterpe hartuta, baina, bueltan, gurasoengandik aldenduta urteak eman behar izan zituen eltziegarrak.
Raquel Zabala eta Juanma Gallego / Arabako Alea
Gerrako Neska izan zen Angelines Santamaria (Bilbo, 1930) eltziegarra: sei urterekin gurasoengandik aldendu behar izan zen, 11 urte eman zituen Erresuma Batuan, etxera itzuli ezinik, eta bertan igaro zituen ere Bigarren Mundu Gerraren miseriak. Zenbait pasarte ahaztu bazaizkio ere, errotik sustraituta du gogoan urte horietan bizi izandakoa.
Nola oroitzen duzu 1936ko Estatu kolpea?
Bilboko Irala auzoan bizi nintzen, eta oroitzen naiz sirenek jotzen zutela, eta, bonbardaketak gertatzen zirenean, aterpea hartzera joan behar izaten ginen Ametzolan zegoen tren tunel batera, Oroitzen naiz ere behin Alemaniako hegazkin bat bota zutela Larraskitu auzoaren inguruetan, eta pilotua arrastaka atera zutela hegazkinetik. Gertu ospitale militarra zegoen, eta zauritutako soldaduak ikustera joaten ginen.
Zure gurasoak politikoki lerrokatuta al zeuden?
Bai. Aita, Alfonso [Santamaria Lopez], UGTren Pablo Iglesias Asturias Zazpigarren Batailoiko boluntarioa izan zen. Ondoren, preso hartu zuten Asturiasen. Berez, Eltziegokoa zen, baina hogei urte ingururekin Bilbora joan zen lan egitera, La Alhondiga kooperatibara. Ama, Felisa [Del Hoyo] jostuna zen, eta etxetik lan egiten zuen jostundegi batentzat. Burgosen jaiotakoa zen, baina lau urterekin Bilbora eraman zuten.
Nola atera zinen Bilbotik?
1937ko maiatzean itsasoratu ginen neba eta biok Santurtzitik Habana itsasontzian. Ez naiz oroitzen itsasontzira sartu gineneko unea, baina bai itsasoan bertan geundenekoa. 4.000 ume inguru ginen. Ni Irala auzokoekin nengoen, eta suposatzen dut gainerakoak ere horrela egongo zirela, auzoka antolatuta. Baina ni oso neska mugitua nintzen. Atera nintzen kuxkuxeatzera, eta, hainbeste jenderekin, galdu egin nintzen. Gainera zorabiatu nintzen, eta oka egiten egon nintzen. Nire ondorengo oroimena da umeen ospitale batean egon nintzela, lur idorrean, Southamptonen [Erresuma Batua]. Sendatu nintzenean, kanpalekura bidali ninduten. Egun batean, kanpalekuan, berriro nebarekin egin nuen topo, eta esan zidan harekin joan behar nuela, gurasoek esana zutela berak ni zaindu behar ninduela. Nebak 8 urte zituen.
Zer oroitzapen dituzu egun horietaz?
Zenbaki bat generaman identifikatzeko, eta maleta txiki bat arroparekin. Hasiera batean irtenaldi hori hilabete baterako zen, esaten zigutelako hil batean edo gerra irabaziko genuela. Baina kontrakoa izan zen, galdu genuen! Erresuma Batuan geundela, bozgorailu batetik esan zuten kolonia batzuk antolatu zituztela, eta nebak esan zidan hara joango ginela gu ere, izena ematera, jatekorik ez geneukan eta. Bertan Amparo deitzen zen donostiar bat zegoen, eta biok hartu gintuen. Kolonia horretan kanpaina dendak zeuden, eta alboan adreiluzko etxe bat zegoen, emakume frantses baten ardurapean. Agian oso txikia nintzelako, etxe horretan hartu ninduen. Bera arduratzen zen ere umeen gurasoei idazteaz. Oso ona izan zen gurekin. Gero konturatu nintzen aita armadan edo kartzelan egongo zela, eta gure ama Errusian. Hortaz, gurasoek ezin zutela gure berri izan.
«Aita gerran edo espetxean zegoen, eta ama, Errusian. Ezin zuten gure berri izan»
Baina bera zergatik ez zen joan Erresuma Batura?
Ama Errusiara eraman zuten, baina garai horretan Stalinek ez zion jendeari uzten herrialdetik alde egiten. Bi urte behar izan zituen Errusiatik ateratzeko. Bitartean, ama Bilbon mojekin egondakoa zenez, ehun laboreak egiten zekien, eta beste neskei lanbidea erakutsi zien. Omenaldi bat egin zioten horregatik. Baina gero lortu zuen Ingalaterrara joatea, herrialde asko zeharkatuz. Gaztelania baino ez zekien. Baina adiskidea ez zen herrialde batetik zetorrenez, ez zioten utzi Erresuma Batuan sartzen. Uretara bota behar izan zuen bere burua, herriratzeko. Batzorde bati esker hilabeteko baimena lortu zuen gu ikusteko, baina hilabete horren ondoren hirurok Errusiara edo Espainiara joateko baldintzapean. Espainian kartzelaren arriskua zegoen, eta, Errusian, herrialdetik berriro ezin ateratzekoa. Gainera, ez zekien ez senarra bizirik ote zegoen edo espetxean ote zegoen… ez zuen haren berri. Bada, tartean Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta berrogeialdi bat ere gertatu zenez, amak Erresuma Batuan geratzea lortu zuen. Alabaina, atzerritarra zenez, ez zioten uzten lan egiten.
Amarekin bizi zineten jada?
Bai, kolonian. Senar-emazte bikote batek asteburu guztietan bere etxera eramaten ninduen. Koloretako txori bat zuten etxean! Handik, beste etxe batera eraman ninduten. Ni hartu ninduten, eta amarengandik eta nebarengandik urrundu behar izan nintzen. Amparok astero idazten zidan, marrazkitxoekin. Baina tamalez oso gazte hil zen; bihotzeko arazoak zituen, eta [Bigarren Mundu Gerrako] bonbardaketa batean bihotzekoak eman zion, kontatu zidatenez.
Zer moduz etxe berri horretan?
Ondo. Baina alaba bat zuten, eta, harekin oso ondo moldatzen nintzen arren, hark zerbait apurtu edo zerbait gaizki egiten baldin bazuen, errua niretzat zen! Eta hura izan zela esanez gero, gaztigua ere niri, txibatoa izateagatik! Baina ondo zaindu ninduten.
Tarte horretan, harremana izan zenuen amarekin?
Bai, gozokiak eta horrelakoak bidaltzen zizkidan, baina, urrun geunden, ezinezkoa zen elkar ikustea. Neba Liverpoolera eraman zuten, babes etxe batera. Zortzi hilabete eman nituen bertan, baina gero ni ere hara eraman ninduten, nebarengandik gertu. Beste zortzi hilabete inguru batera egon ginen, eta eskolara joaten ginen, baina berak bere bizitza propioa zuen. Familian hiru seme zeuden. Helduena Espainian Nazioarteko brigadetan egon zen. Bestea, armadan, eta, hirugarrena ere itsas armadara joan zen, eta Afrikan zauritu zuten. Horietako batek panpinak eta bestelako gauza asko erosten zizkidan frontetik etortzen zenean. Eta beste batek arropa asko erosi zizkidan.
«Carrillo inoiz ez zen jaitsi babeslekura: beti geratzen zen hor, bonbardaketei begira»
Maitatua sentitzen zinen, orduan…
Bai. Esango nuke, artatu nindutenen artean pobreenak izan zirela, baina gehien eman zidatenak izan ziren. Handik, beste etxera eraman ninduten, Boltonera, eta beste etxe batean hiru urte eman nituen. Ordudanik, askotan joan gara Erresuma Batura, familiarekin, egon nintzen hainbat toki bisitatzera.
Noiz lortu zenuen amarekin bueltatzea?
Hamalau urterekin joan nintzen amarekin. Baina amari gutxi ordaintzen zioten, eta nire mantenua ere eskatzen zioten. Hamabost bat txelin geratuko zitzaizkion, eta libre zeukan asteko egun bakarrean ere bere kabuz jan behar zuen. Herrialdean bost urte betetzean, lan egiteko eskubidea irabazi zuen; josteko makina bat erosi zuen, eta denda baterako lana lortu zuen. Baina dendaren jabea militarra zenez, espioitza egiteko arriskuagatik bota zuten. Garai horretan lana ez zen erraza. Oroitzen naiz egun batean Poliziak etxetik atera gintuela gaueko hamabietan. Dena ilunpean zegoen, bonbardaketen arriskuagatik. Bus batera sartu gintuen, eta ordu erdian behin edo, polizia bat etortzen zitzaigun, linternarekin, bertan geundela egiaztatzeko. Goizeko zazpietan edo, amak esan zidan handik joango ginela, ez zuela hori jasaten, eta ea nire neba aurkitzen genuen.
«Dirurik ez genuenez, ni botilak bilatzen hasi nintzen, gutxienez patatak erosi ahal izateko»
Eta nola moldatu zineten, ba?
Elorrioko Felix izeneko gazte batekin topo egin genuen, eta Londresera eraman gintuen. Komentu batera eraman gintuen, hamabost eguneko egonaldia ordaindu zigun eta amari iratzargailu bat erosi zion, lana aurkituz gero, esnatu ahal izateko. Dirurik ez genuenez, ni botilak bilatzen hasi nintzen, gutxienez patatak erosi ahal izateko. Soto batean logela bat aurkitu genuen. Neba gurekin etorri zen, eta jatetxe batean lapikoak garbitzen lanean hasi zen. Garbitzen zituen lapikoen arabera ordaintzen zioten. Ondo irabazten zuen, azkar lan egiten zuelako, eta atakatik atera gintuen.

Amak zuen pasaportea oraindik gordetzen du Santamariak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA
Bonbardaketen garaia zen, gainera.
Bai. Espainiako Etxean garai horretan jende asko biltzen zen. Gu Queenswayko metro geltokira joaten ginen lo egitera, bonbardaketak zirela eta. Bertan Carrillo egoten zen eserita. [Wenceslao] Carrillo aita, ez [Santiago] Carrillo semea. Ez ziren beren artean batere moldatzen. Aitari inoiz ez nion entzun gaizki hitz egiten semeari buruz, baina semek bai hitz egiten zuen gaizki aitari buruz. Carrillo inoiz ez zen jaitsi babeslekura, beti geratzen zen hor, bonbardaketei begira. V1 bonba hegalaria atera zenean, amari esaten zion hori ikusi beharra zegoela, historikoa zela, baina amak ezetz, babeslekura joango ginela. Suzko bola bat zuen hegazkin baten antzekoa zen, eta, motorra geratzen zenean, erori eta eztanda egiten zuen. Geltokitik gertu horietako V1 batek eztanda egin zuen.
Ordurako, aitari buruzko informazioa zenuten, ezta?
Bai. Bera Asturiasen preso zegoen. Gatibu zegoela, lan behartuak egiteko deitutakoen zerrenda irakurri zuten, eta Alfonso Santamaria gehi hirugarren abizen bat irakurri zuten. Berak Lopez zuen hirugarren, baina lagunek esan zioten joateko, herrikoak haren bila ari zirela, bera fusilatu nahian. Horri esker atera zen.
Noiz erabaki zenuten Espainiara bueltatzea?
Espainiak Londresen zuen enbaxadan lan egiten zuen emakume bat ezagutu zuen aitak. Hari egoera azaldu, eta eskatu zion amari behar zuen dirua emateko, eta gero hark hemen bueltatuko ziola diru hori. Beste modurik ez zegoen, herrialdeen arteko harremanik ez zegoelako, eta Frantziako muga itxita zegoelako. Oso emakume jatorra zen. Lagundu gintuen, eta gero haren izenean dirua sartu zion. 1948an izan zen hori. Hegazkinez etorri ginen, Frantziatik ezin zelako joan, baina hegazkina Tolosan geratu zen, eta hor bazkaldu genuen, Barakaldoko gizon batek ordainduta. Ondoren, hegazkinean, beste behin janaria atera zuten, eta esan ziguten ogia bederen hartzeko. Hona iritsi eta osaba ezagutu nuenean, hari eman genion, eta pozaren pozez hartu zuen ogi hori, hemengo ogia oso txarra zelako.
Espainiara iristean, shocka hartuko zenuen…
Bai. Aita berriro espetxean zegoen, 1947ko greba baten antolatzaileetakoa zelako. Astean behin ikusi ahal genuen kartzelan, baina, ordainduz gero, egunero ikusteko aukeran uzten ziguten. Politika kontuekin adi ibili behar ginen. Oso latza izan zen aldaketa. Turismoa iritsi zenean gauzak aldatzen hasi ziren. Baina Bilbon mediarik gabe joateagatik isuna jartzen zizuten. Adibidez, Ingalaterran, neska-mutil dantza egiten genuen. Dantzatzeko eskatu eta listo. Hemen, neska-neska! Galdetzen nien ea zergatik, eta esaten zidaten gero mutilak etorriko zirela. Eta mutilak etortzen zirenean, dantzarako eskatu eta ezetz erantzuten zieten. Ama! Zergatik ba ezetz? ‘Zure buruari balioa eman behar diozu’, erantzuten zidaten neskek. Ezin nuen ulertu. Eta baietz esaten zutenerako, dantzaldia bukatuta zegoen! Aitarekin, berdin. 17 urtera arte bera gabe bizi nintzen. «Gaueko hamarretan etxera», esaten zidan. Bost minutu beranduago iritsiz gero, errieta. «Inork ez dio familiari ohorea kenduko», esaten zidan. Bada, egun batean, ahituta, erantzun nion familia bati «ohorea kentzeko» ez zela gaueko hamarrak arte itxaron beharrik.
Zuen aitak zer harreman zuen Eltziegon hil zituzten pertsonekin?
Berak mahastiak zituen, eta herriko kooperatiba eramaten zuen. Esan zioten mahastiak enbargatu behar zizkiotela, eta berak zioen inork ezin zituela horiek erosi, seme-alabei uzteko hori baino ez zeukala. Bestela, espetxetik irtetean, eroslea hilko zuela! Azkenean ez zituzten mahastiak enkantera atera. Baina aitak ezin zuen bankuan dirurik sartu, dena errekisatzen ziotelako.
Eta etxean hitz egiten al zen frankistek hildako eltziegarrei buruz?
Bai, Eduardo [Uriberen] aitonaz eta osabaz hitz egiten zen, adibidez. Hil zituzten unean elkar besarkatu zirela, eta horrelako oroitzapenak. Baina, egia esanda, gure aitak ez zuen gustuko gaiaren bueltan gehiegi hitz egitea.




Deja un comentario