Udal hauteskundeetako botoen erdiak soilik zenbatu dituzte oraingoz, baina joera argia da. Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek baztertu egin du kargua uztea, baina emaitzak «oso gogorrak» direla esan du.
Beñat Mujika Telleria / BERRIA
Udal hauteskundeak egin zituzten atzo Ingalaterran, eta botoak kontatzen hasi besterik ez diren arren, dagoeneko argi ikusten da egunak zer joera hartuko duen. Laboristek nabarmen egingo dute behera, ultraeskuinaren mesedetan. Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministro laboristak esan du porrotaren erantzukizuna «bere gain» hartzen duela, baina dimisioa aurkeztea baztertu du. Hala ere, asko falta da oraindik emaitza ofizialak iristeko.
«Ez dut alde egin eta herrialdea kaos betean murgilarazteko asmorik. Gure alderdia garaipenera eraman nuen, eta agintaldia bost urtekoa da». Starmerren hitzak dira, botoak zenbatzen hasi eta berehala esanak. Izan ere, kolpe latza jaso dute laboristek goizeko lehen orduan iritsi diren emaitzekin, eta egunak aurrera egin ahala kolpea are handiagoa izango dela espero da. «Oso emaitza gogorrak dira», adierazi du Starmerrek kazetarien aurrean. Berehala onartu du porrota, eta hautesleei entzun egin behar zaiela gaineratu du: «Herriak horrelako mezu bat helarazten duenean hausnartu eta erantzun egin behar dugu. Agindutako aldaketak ikusi nahi dituzte».
Kontserbadoreak ere ez dira emaitza onak lortzen ari. Barne ministro ohi James Cleverlyk adierazi du «gau zaila» izan dela alderdikideentzat, baina albiste onak ere jaso dituztela esan du: «Eremu batzuetan aurreikuspenak gainditu ditugu». Bide beretik jo du Kemi Badenoch alderdiburuak: «Kontserbadoreak itzultzen ari gara. Alderdi hau berrituko nuela hitzeman nuen, gure porrot handienaren ostean alderdia berreraikiko genuela esan nuen, eta zantzu batzuk ikus ditzakegu». Ultraeskuinaren gorakadaren harira, Badenochek esan du kontserbadoreen «berpizkundea» datorrela, eta bere alderdia dela «egokiena» eskuinaren blokea gidatzeko.
Kontrara, eskuin muturra emaitza bikainak jasotzen ari da. Reform UK alderdiko buru Nigel Faragek kazetarien aurrean hitz egin du goizean goiz, eta aditzera eman du hurrengo hauteskunde orokorretan Reform UK izango dela alderdi nagusia —2029an da amaitzeko legegintzaldia—. Emaitzek «egiazko aldaketa historikoa» erakusten dutela adierazi du, eta ohartarazi onena «iristear» dagoela. «Laboristak deuseztatzen ari gara haien gotorleku izan diren hainbat eremutan, eta, jarraian, gauza bera gertatuko da Alderdi Kontserbadorearekin ere».
136 udaletan egin zituzten atzo bozak, eta jokoan zeuden 5.000 eserleku baino gehiago. Duela lau urte Farageren alderdiak bi eserleku baino ez zituen lortu barritu horietan. Bada, 90 udaletako emaitzak zenbatu ostean —oraindik ez da zenbaketa amaitu—, Reform UKk 916 ordezkari lortu ditu. Behera egin dutenen artean laboristak eta kontserbadoreak daude, eta emaitzak hobetu dituzte Alderdi Liberal Demokratak eta Berdeek. Liberalak laboristekin eta kontserbadoreekin lehian egongo dira ordezkari gehien lortu dituzten alderdietan bigarrena izateko.
Starmer, kinka larrian
Alderdi Laboristaren emaitza kaskarrak izan ditu Eskozian eta Galesen ere. Gainera, badirudi alderdi independentistak indartsu daudela Ipar Irlandan, Eskozian eta Galesen, eta horrek presio handia egin diezaieke Londresi eta, batez ere, Starmerri berari.
Oraingoz, lehen ministroak baztertu egin du dimisioa aurkeztea, baina hiru urteko agintaldia gelditzen zaio oraindik, eta oso sostengu gutxirekin egingo lioke aurre. Horrez gain, alderdi barruan ere babesa galtzen joan da azken hilabeteetan lehen ministroa.
Starmer dimisioa ematera behartuko balute, alderdi barruan hautatuko lukete haren ordezkoa lehen ministro kargurako, eta azken asteetan Andrew Burnham aipatu izan dute, besteak beste. Burnham Manchester Handiko alkatea da 2017tik, eta 2015ean alderdiko buru izateko bozetara aurkeztu zen. Bigarren geratu zen, Jeremy Corbynen atzetik.




Deja un comentario