Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos hil zituztenetik mende erdira onartu dute EH Bilduk aurkeztutako mozioa, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien aldeko botoekin. Izendapenak berarekin dakar Jurramendiko gertakariei lotutako dokumentazio guztia desklasifikatzeko eskaria, Espainiako Gobernuari zuzendua.
Maria Ortega Zubiate / ARGIA
1976ko maiatzaren 9aren 50. urteurrena ate joka dela onartu du Nafarroako Parlamentuak Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos “estatu terrorismoaren eta eskuin muturreko eta faxismoari lotutako elementuen” biktima direla. EH Bilduk martxoan egindako proposamenak asteazkenean lortu du Nafarroako Parlamentuaren onespena, alderdi proposatzailearen, PSNren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin; UPN abstenitu egin da bozketan.
Proposamenak, gertakaria estatu terrorismo gisa izendatzeaz gain, beste bi puntu ere izan ditu bozkatzeko: Nafarroako Gobernuari eskaera, 50. urteurrenean ekitaldi instituzionala antolatu eta Iratxeko monasterioko monolitoa memoria gune izendatu dezan; eta Espainiako Gobernuari eskaera, hilketei lotutako dokumentazio guztia desklasifikatu dezan. Bi puntuek jaso dute onespena, baina botoetan izan da aldaketarik. Memoria gunearen bozketan UPN eta EH Bilduk bozkatu dute baietz, PSN eta Geroa Bairen ezezko botoarekin eta Contigo-Zurekinen abstentzioarekin. Dokumentuen desklasifikazioa, aldiz, aho batez onartu dute.
Alderdi karlista
1976ko erasoa Alderdi Karlistaren gainbeheraren hasiera gisa definitu dute zenbait historialarik. Frankismoaren oposizioaren corpus nagusia zen garaian alderdia, eta Jurramendiko igoera hura euren urteroko ekitaldi nagusia zen; indar erakustaldia, garaiko argazkietan ikusi daitekeenez. Frankoren gorpua Erorien haranean sartu berritan, erregimen berriak ezin zuen tamaina horretako oposiziorik onartu, eta Errekonkista Operazioa delakoa jarri zuten martxan: 2023an kaleratutako agiri batzuek baieztatu zuten Espainiako Gobernua egon zela operazio horren atzean.
Operazio hartan Alderdi Karlistaren barne zatiketa aprobetxatu eta sektore erreakzionarioak baliatu zituzten sektore sozialistari aurre egiteko. Munduko beste zenbait tokitako eskuin muturreko militanteak bertaratu ziren, eta mertzenarioak izan ziren euren artean: beraiek hil zituzten Ricardo García Pellejero eta Aniano Jiménez Santos. Bi hildakoez gain, 30 zauritu ere izan ziren 1976ko hartan.
EH Bilduk parlamentura eramandako proposamenak Alderdi Karlistak aurretiaz egindakoa jaso du, eta pauso bat gehiago emanda, Alderdi Karlista hilketa horien biktima nagusi gisa izendatzeko eta erreparazio publiko bat helarazteko eskaera ere jaso du proposamenak. Azken hori ez dute onartu parlamentuan.





Deja un comentario