Urko Apaolaza Avila / ARGIA

Gure aita Galiziako Ribeira (A Coruña) herrian jaio zen eta 22 anai-arreba ziren. 9 urterekin hasi zen aitonarekin itsasoan lanean”. Halaxe hasten du Cristina Novok bere testigantza. 1931n Donostian hildako langileetako baten iloba da: “Ategorrietan, nire aitaren anaia hil zuten, José Novo osaba. Hilketak baino egun gutxi lehenago iritsi ziren Euskal Herrira, engainatuak, hemen denentzako lana zegoela esanez. Iristean, baina, ikusi zuten hemengo arrantzaleak greban zeudela eta galiziarrek ez zuten eskirolarena egin nahi izan”. 

Gaur egun beste kasu batzuetan ikusten dugun moduan, okerren pasatzen ari zirenak egin zituzten errudun orduan ere

Novoren hitzak osorik aurki daitezke komikiaren amaieran. Izan ere, 2023an egin zioten elkarrizketarekin hasi ziren egileak liburuari forma ematen, eta hiru urte geroago emaitza jadanik kalean da: Ategorrietan Fisterra izeneko nobela grafikoa, Euskal Herriko XX. mendeko langileen kontrako sarraskirik handienaren historia “ikuspegi propio batetik” kontatzen duena. Pasaiako Udalaren babesaz ARGIAk argitaratua, Malen Gainzarain ilustratzailea arduratu da irudiak egiteaz, eta gidoia Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabalen artean egin dute; gainera, Koldo Izagirrek hitzaurrea zein amaierako poema egin dizkio, eta hiztegia fintzeko aholkua ere eman du.

Komikiak iruditik bezainbat du nobelatik, baina hortik harago doan artefaktua da, dokumentazio lan itzela egin baitute egileek, eta Novorena bezalako testigantzek, mapa kronologikoek, argazkiek, bertsoek eta pertsonaia ezagunen inguruko pasarteek osatu eta aberasten dute liburua: “Lekukotza eta erreferentzia horien bidez kontatu ditugu Pasaiako arrantzaleak greba egitera bultzatu zituzten arrazoiak, baita lan-gatazkaren bilakaera edo zorigaiztoko egunaren xehetasunak ere”, azaldu dute egileek aldizkari honen galderei erantzunda. Beraz, fikziozko pertsonaien bidez kontatu bai, baina benetako gertaeretan oinarrituriko lan bat da honakoa: “Fikzionatutako errealitate historikoa da”.

Komikiaren egileak, Antza inprimategian. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Gainzarainek azaldu duenez, ilustrazioak egitea erronka izan da beretzat, narrazioaren erritmo biziak marrazkiak sinplifikatzera derrigortu duelako, baina komikian agertzen diren pertsonaien garapena oso aberasgarria izan dela aitortu du: “Bakoitza bere izaera eta bizi-egoerekin, haien azalean jartzera eraman nau”, diosku. 

Irakurleak ere duela 95 urteko langileen larruan jar daitezke garai hartako hiztegiaren bidez: “Koldo Izagirreren laguntza eta ekarpenak funtsezkoak izan dira guretzat –diote egileek–, irizpide batzuk markatzeaz gain, ahozko hizkerari gure erara heltzeko konfiantza eman zigun”. Lengoaia ez da apaingarri hutsa komikian, erregistroak edo hizkuntzak aldatzen dira unearen arabera, eta esaterako, galegoaren presentzia handia da, Antón Avilés de Taramancosen poema eta guzti: Veño meu fillo dun país sinxelo… (Herri xume batetik nator ni, seme). Halaxe hasten da bidaia hau, Vilagarcía de Arousako tren geltokitik Donostiako Atotxaraino.

Aurkezpenak, ekitaldiak eta salmenta

Urtero moduan, 1931ko krimenaren urteurren egunean, maiatzaren 27an, Ategorrietan lore eskaintza egingo diete hildako langileei, EH Bilduk antolatuta. Eguerdian berriz, Pasaiako Udalak ekitaldi instituzionala antolatu du, iaz Trintxerpeko alkateordetzaren fatxadan jarritako plakaren ondoan. Horma horretan Nora Gondat artista antxotarrak sarraskia irudikatzeko egindako paperezko murala paratuko du.

Ategorrietan Fisterra komikiaren aurkezpena, berriz, Donostian izango da lehenik, maiatzaren 13an. Urteurren egunean ere aurkeztuko du ARGIAk Pasaiako Udalarekin elkarlanean, arratsaldez, Trintxerpeko liburutegian.

Biniloa ere bai

Komikiari soinu banda jartzeko biniloa prest dute egileek. Niña Coyote eta Chico Tornado, Bala, Gailu eta Nakarreko kideen parte-hartzearekin egindako bi abesti entzun daitezke; Beñat Gaztelumendirenak dira horietako baten letrak. 

Aurkezpenak:

  • Maiatzak 13, Donostia 
    San Jeronimo kaleko Kripta aretoan, 18:30ean.
  • Maiatzak 21, elkarrizketa
    Donostiako Marruma elkartean, 19:00etan
  • Maiatzak 27, Pasaia
    Trintxerpeko liburutegiko areto handian, 19:00etan.

1931ko beste Donostia hura

1931ko maiatzaren 27an, lan baldintzak hobetzeko greban zeuden 3.000 arrantzale-langile baino gehiago manifestazioan irten ziren Pasai San Pedrotik Donostiarantz, euren aldarrikapenak jasotzen zituen gutuna gobernadore zibilari helarazteko asmoz. Bidean Loiolako kuarteleko soldaduek pasatzen utzi zieten, baina Ategorrietako erlojuaren parean Guardia Zibila zuten zain. Manifestariei tiro egin eta sarraskia eragin zuten: zazpi hildako eta dozenaka zauritu. Goizeko 10:20 ziren, eta historiaren orratzak gelditu egin ziren une horretan.

Hernaniko lineako tranbia iraulita Donostiako Garibai kalean, 1931ko maiatzaren 27an. Argazkia: Kutxa Fundazioa Fototeka / Photo Carte Funtsa / Ricardo Martin

Ategorrietako langile sarraskiaren berri apenas izan dugu orain arte. Arrazoiak asko izan daitezke, akaso nagusienetakoa 1936ko altxamendu faxistaren ondoren diktadurak ekarritako etena. Baina testuinguru sozial eta politikoaren konplexutasuna ere kontuan hartzekoa da: “Historia ofizialak kontakizuna sinplifikatzeko joera du, betiere interes zehatzen alde, eta horrek erabat baldintzatzen digu iragana ulertzeko modua”, azpimarratu dute egileek. Horrela uler liteke, adibidez, iruditegi kolektiboan Donostia langile gatazketatik deslotua geratu izana, hiri aristokratiko eta “orbangabea” balitz bezala. 

Albo batera utzitako “beste Donostia hura” kontatzeko saiakera ere bada proiektu hau, eta gaur egun oraindik oso presente ditugun auziak topatuko ditugu komikiko protagonisten haragitan: hiriaren elitizazioa eta turistifikazioa, emakume langileen borroka, soldadutzaren eta gerraren aurkako kontzientzia, euskararen aurkako legeak… “Askotan, egungo arazoak gaur sortutakoak balira bezala ulertzen ditugu, baina historiari atzera begiratzeak erakusten digu erro sakonagoak dituztela. Komikiaren bidez iraganaren eta orainaren arteko zubi bat eraiki nahi izan dugu”, diote.

“Askotan, egungo arazoak gaur sortutakoak balira bezala ulertzen ditugu, baina historiari atzera begiratzeak erakusten digu erro sakonagoak dituztela. Komikiaren bidez iraganaren eta orainaren arteko zubi bat eraiki nahi izan dugu”

A quinta provincia galega

Historia honen beste agertoki printzipal bat ekialderago dago, Trintxerpen. Lehen Mundu Gerraren ostean Europako portu nagusietakoa bihurtu zen Pasaia, eta haren altzoan sortu zen Trintxerpe, pequena Galiza edo a quinta provincia galega ere deitua,  batez ere Galiziatik etorritako marinelei ostatu eman eta, bide batez, euren eskulan “merke eta oparoa” jasotzeko sorturiko auzoa. Denbora gutxian bost mila biztanle izatera iritsi zen, modu prekarioan bizi zen langile jendea ia dena. Ez da kasualitatea Ategorrietan hildako lagunetatik gehienak galiziarrak izatea.

“Anarkistak”,“komunistoideak” edo “paganoak” ziren Trintxerpeko arrantzale haiek, eskuindarren begietara, eta laster jarri zituzten jo-mugan: “Prentsa kontserbadoreak krimenaren erantzuleak bilatu behar izan zituenean, bertan aurkitu zituen.

Gertatutakoaren ardura kanpotarrena zen, eta ‘kanpotarrak’, kasu honetan, galiziarrak ziren”. Egun beste kasu batzuetan ikusten dugun moduan, okerren pasatzen ari zirenak egin zituzten errudun orduan ere. Horregatik, komikian, “haiek isilpean uztea injustizia zatekeen” egileen ustez. Ikusezintasuna are handiagoa da emakumeen kasuan, Ategorrietan izan ziren hainbat emakume langileren izenak ere baitakizkigu.

Ez esan zazpiak alferrik hil zirenik…

Sarraskia gertatu zenean, Bigarren Errepublika aldarrikatu berri zuten Eibarren, eta itxaropen garaiak ziren askorentzat. Baina, aldi berean, eztabaidak zeuden komunisten, anarkisten, sozialisten eta abertzaleen artean: batzuk kontziliazioaren aldekoak ziren, bestetzuek iraultza egin nahi zuten. 

Pasaiako arrantzaleak La Unión Marítima sindikatuan zeuden antolatuta, eta Sole Handia izeneko Atlantikoko kalan arrantzan aritzeko jasaten zituzten lan-baldintza kaxkarrak hobetu nahi zituzten. Sindikatuak autonomia eta nortasun propioa zituen –Juan Astigarribia komunista zen idazkaria–, oso politizatuta zegoen, eta hala erakutsi zuten 1931ko maiatzeko greban. Asanbladak, bozketak, atxiloketak… Tentsioa nagusi zen maiatzaren 27ko manifestazioaren bezperetan. Egun fatidiko hartan Ategorrietan Fisterra aurkitu zuten.

Hilketen ondoren, José Fernández Villa-Abrille Gipuzkoako gobernadore militarrak gerra egoera ezarri zuen bando bidez, baina langileek greba orokorrarekin erantzun zioten errepresioari. Handik egun batzuetara itzuli ziren lanera, euren aldarrikapen ia guztiak jasotzen zituen lan-hitzarmena sinatutakoan: Ez zuten hildakorik bilatzen, baina gaur inork ez du esango zazpiak alferrik hil zirenik, irakur daiteke amaieran, komikiko pertsonaia baten ahotan. 

Deja un comentario

Tendencias