Josetxo Etxeberria, Gipuzkoako CNT sindikatuaren Borondate Ona oroimen taldeko kidea
Orain dela gutxi, Eduardo Renobales idazleak Manuel Azurmendi Enbeita ezagutzen ote nuen galdetu zidan, 1936an CNTkoa ote zen eta, hala izatekotan, zein batailoitan borrokan ibilia zen jakin nahi zuelako. Nire ezagutza Isaac Puente eta Malatesta batailoiei buruzkoa zen, baina historia honetan kontu gehiago aipa daitezke. Senideek EAE/ANVkoa zela beti uste izan zuten. Agian, kasu honetan ere bi militantziak bateragarriak ote ziren? Eduardok ez zuen hau uste, baina EAE/ANVko Eusko Indarra batailoian hau askotan gertatu zen, adibide bat aipatzearren.
Eta ikerketan aurrera egiteko beste batzuek aurretik ikertu dutena nire gida izaten den arren, Malatesta batailoiaren soldata orriak aztertzeko unean, ez nuen izen hau aurkitu, eta zalantza sortu zitzaidan: benetan CNTkoa izan ote zen?
1936ko uztailaren bukaeran, Donostiara etorri zen CNTko kideek Bizkaian osatutako zutabe baten agiritegian gako bat aurkitu nuen. Manuel Azurmendi Atotxako laguntza taldean kokatua zegoen, Egia auzoan, eta hau jakitean sentipen berezia izan nuen, auzo horretan Irutxulo kokatzen baita.
Hurrengo urratsa benetan Isaac Puente batailoikoa izan ote zen egiaztatzea izan zen, eta hau soldata orrien bidez lortu nuen: CNT 3 batailoia , metrailadore konpainia. Tenientea zen eta bere zenbakia hauxe zen: 30020.
Bestalde, Eduardok Azurmendiren iloba baten senarrarekin hitz egin zuen, eta Manuelek aipatutakoa gogoratzen dute, bera kokatua zegoen batailoiak etsaiaren segada batetik ozta-ozta ihes egin zuenekoa, alegia. Hau Larrabetzun gertatu zen, Bizkaian.
Beraz, inguru horretan izandako operazio militarrak ikertzen hasi nintzenean, Sacco y Vanzetti eta Celta batailoiak aurkitu nituen, eta, berriz ere, soldata orriak begiratzen hasi nintzen. Sacco y Vanzetti batailoian ez zen agertzen, eta orduan Celta batailoian begiratzen hasi nintzen, baita aurkitu ere. CNT 6ko metrailadore konpainian kokatua zegoen, tenientea zen eta bere zenbakia hauxe zen: 30020.
Celta batailoiak bere ibilbidea era tristean bukatu zuen Santoñan.
Eta Manueli zer gertatu zitzaion? Gogora institutuaren arabera, 1937ko abenduaren 3an Santoñako espetxean “zendu” zen, baina hau adierazteko, Ferrolgo agiritegi militarraren iturria ontzat hartu zuen. Senideek aipatutakoaren arabera, Manuel Azurmendi fusilatu zutela jakinarazi zieten.
Nire aldetik, honelakoak gertatzen direnean jende gehienak egiten duen bezalaxe, kontakizun ofizialarekiko mesfidantza erakusten dudala esan behar da. Honelakoetan gertatzen den bezalaxe, gorpua ez da inon agertzen, eta, ziurrenik, izenik gabeko hobi batera jaurtiko zuten. Senideek Manuelen arrastoa aurkitzeko ahalegin biziak egin dituzten arren, erantzun bakarra isiltasunak osatutako horma izan da. Eta hau galdetu nahi nuke, Bizkaian “Oroimen Demokratiko”-aren fiskaltzarik ez dago, egiaren bilaketa zilegi honetan bultzatu eta erantzuna lortzeko?
Azken egia aipatuz, Felix Likinianorekin herri hau izugarri maitatzen ikasi genuen, eta oinak euskal lurrean ongi finkaturik ditugula, langileriaren borrokaren garaipena eta unibertsaltasuna gure aldarrikapen nagusiak dira. Felix eta Manuel bezalaxe, azken garaipena lortu arte egiaren bila arituko gara beti, kolore gorria eta beltza bidelagun dugula.




Deja un comentario